Komunikazioa. Ekografiak

Marketina eta politika

Aritz Galarraga.
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Juan Carlos Etxeberria gogoratuko duzue, noski. Orain ere agertzen zaigu ETBko albistegietan, kazetari soil gisa, kaleko, garai batean aurkezle izan genuena. Euskal Erdiko azken gobernu aldaketarekin egin zuen mudantza, ustez kategoria jaistea; bere borondatez egin ere, esan didatenaren arabera. Nik neuk gauza bat partekatzen dut Etxeberriarekin, gauza konfesaezina, Bernardo Atxaga eta Josu Landarekin ere partekatzen dudan zera bera. Baina beste gamelu baten irina da hori.

Kontua da baduela blog bat Etxeberriak. Tarteka bistadizoa ematen diot, eta iruditzen zait aho bilorik gabe aritzen dela, suelto, iritzia aske asko emanez, tarteka etxeko korrontearekin bat ez badator ere. Azkena idatzi du artikulu bat, gaztelera ederrean. Iragarpen batekin hasi da: «baietz ETBko albistegiek audientzia gorakada izan datozen hamabi hilabeteetan».

Horretarako baldintzak ba omen dira. Gogorarazi digu ETBko albistegiek Aznarren bigarren agintaldian izan zutela garairik gozoena, PPk gehiengo absolutua zuen aroan. Eta motiboak uler daitezke, TVEk hartutako jaidura tarteko. Eta akaso popularrek ikasi dute zerbait 2000-2004 hartatik, baina Espainia aldeko medio publikoak hasten badira muturreko eskuindarrez betetzen, Urdazi eta enparauak berpizten, ETBk izango du harrapatzeko ikusle zurtz bat.

Amaiurren alde bozkatu duten 330.000 lagunak ditu Etxeberriak buruan. Ez da, noski, Amaiurreko boz-emaileentzako albistegiak egitea eskatzen ari. Ez. Albistegiak Amaiurreko boz-emaileentzat ere egitea proposatzen ari da, beste inork ez baitu hori egingo. Edozein enpresari edo marketin adituk hala azalduko luke: eskaria identifikatu, inork egiten ez duena eginez erantzuna eman eta etekina eskuratzea.

Etxeberriak ahazten duena da informatiboetako garai loriatsuetako gobernariak eta oraingoak diferenteak direla eta, ondorioz, ETBko gobernariak ere diferenteak direla. Eta Amaiur baztertzen badute ez dela marketinean traketsak direlako, ez ikusle horiek erakartzeko aukeraz ohartu ez direlako. Asmo politiko jakinekin egiten dute egiten dutena. Eta Aznarren hartan kontrabotere zenak orain olatukide ematen duela gehiago. Hamabi hilabete ditu Etxeberriak postura irabazteko. Kazetaritzaren hobe beharrez, nahiago nuke asmatuko balu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.