Espazioaren esplorazioa

Marteko lehen irudiak bidali ditu 'Zhurong' ibilgailu txinatarrak

Ostiralean iritsi zen Martera, baina oraindik ez zuen hango argazkirik bidali. Marten ondo lur hartzea lortu duen bigarren herrialdea da. Lehen saioan lortu du.

Marte, 'Zhurong' rover ibilgailutik. CNSA
jakes goikoetxea
2021eko maiatzaren 19a
14:33
Entzun

NASA Ameriketako Estatu Batuetako Espazio Agentziaren Perseverance ibilgailua baino ikuskizun eta ikusgarritasun txikiagoarekin, baina Txina ere iritsi da Martera (Perseverance-k otsailaren 18an lur hartu zuen). Txinaren zunda bat Marteren orbitan bueltaka zebilen otsailetik, baina, iragan ostiralean, jaitsiera modulua zundatik askatu zen, eta lur hartu zuen Marten, Utopia Planitian zehazki. Txinako Gobernuak baieztatu egin zuen, baina irudiak falta ziren, bai jaitsierakoak, bai Marten ateratakoak. CNSA Txinako Espazio Agentziak gaur argitaratu ditu.

Jaitsiera modulua Marten dago, eta, orain, moduluaren gaineko Zhurong rover motako ibilgailua jaistea falta da (Txinako mitologiako suaren jainkoaren izena jarri diote). Jada jarri dituzte bi arrapala, ibilgailuaren gurpilak bertan sartzeko eta jaisteko. Hiru hilabeteko misioa da Tianwen 1. Argazkietan ikusten denez, Zhurong-ek eguzki plakak zabaldu ditu, haien bidez energia lortzeko. Marten ohikoak dira hauts ekaitzak, eta arazoak eragin izan dituzte NASAren zenbait ibilgailuren eguzki plaketan, estali egin dituztelako. Zhurong-ek eguzki plaketatik hautsa kentzeko sistemak ditu, bai hautsa aldaratuz, bai plakak zutik jarriz eta hautsa eroraraziz. 240 kiloko gailua da Zhurong (Perseverance, berriz, tona batekoa). Halako misioetan ohikoa den tresneria du Zhurong-ek: kamerak, radarrak (lur azpian izotza atzemateko) espektrometroak (harrien eta mineralen osagai kimikoak jakiteko), estazio meteorologikoa...

Txina Martera iristea lorpen historikoa da. Historikoa, Marten lurreratzea prozesu korapilatsua delako: zundak abiadura handian jaisten dira; Marteko airea Lur planetakoa baino finagoa da, baina marruskadurak bero handia eragiten du han ere; abiadura moteltzeko, paraxuta zabaldu behar da; paraxuta askatu eta gero, retromotorrekin kontrolatu behar da abiadura; eta gozo-gozo lur hartzen saiatu behar da. Hori guztia, aldez aurretik programatutako sekuentzia baten bitartez, Lurretik eragiteko aukerarik gabe. Eta abiadurak, beroak eta kolpeak tresneria hondatu gabe. Izuaren minutuak deitu izan diete. Txinaren kasuan, bederatzi izan ziren. 

Historikoa da, halaber, Txinak ez daukalako beste herrialde batzuen —nagusiki AEBak— eskarmenturik espazioaren esplorazioan. Hala ere, urte gutxian sekulako urratsak egin ditu. Martera iristea ikusgarria da, baina Txinaren espazioko programak beste bi zutabe nagusi ditu: Ilargia eta espazio estazioa. Txinak zunda bat eta rover ibiligailu bat (Yutu 2) ditu Ilargiaren ezkutuko aldean. Ilargian 1,7 kilo lagin bildu eta Lurrera ekartzea lortu zuen iazko abenduan. Espazio estazio propioaren modulu nagusia bidali zuen apirilaren amaieran, eta hiru astronauta bidaliko ditu ekainean. Espazio estazioan astronautak edukiko ditu, etengabe, hurrengo urtetik aurrera, ISS Nazioarteko Espazio Estazioan gertatzen den moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.