Sukaldaritza

Martin Berasategiri eta Eneko Atxari izar berri bana eman die Michelinek

Gasteizko Zaldiaran jatetxeak galdu egin du Arabako bi Michelin izarretako bat zena, eta Urdaizko Molino de Urdánizek bigarren izarra erantsi dio, aurreneko aldiz, bere menuari.

Martin Berasategi, Bartzelonako Lasarte jatetxean, artxiboko irudian. QUIQUE GARCIA / EFE
2018ko azaroaren 21a
09:23
Entzun

Guia Michelin 2019 ekitaldia egin dute asteazken gau honetan Lisboan, eta Iberiako penintsulako jatetxeen artean banatu dituzte Michelin izar prestigiodunak. Eta Hego Euskal Herriko jatetxeek beren mailari eutsi diote, baina nabarmendu ditu sukalde batzuk.

Horien artean, Molino de Urdániz jatetxekoa zorioneko dago: orain artean eduki izan du izar bat, baina datorren urteko gidak bi aitortu dizkio. David Yarnoz sukaldariaren talentua eta izaera txalotu dituzte sari banaketan, "Nafarroako gertuko produktuak goratzen baititu". Errenteriako Mugaritzen parean jarri da horrela, horiek baitira Euskal Herrian bi izar dituzten bakarrak.

Martin Berasategi eta Eneko Atxa ere sariak ospatzeko moduan daude. Atxak lehendik zituen lau izarrei eutsi die —Azurmendik hiru dauzka, eta Larrabetzuko Eneko jatetxeak beste bat—, eta bat gehiago poltsikoratu du: Bilboko Eneko jatetxearen lehen izarra. Berasategiren Donostiako eMe Be Garrote jatetxeak ere lortu du bere lehen izarra.

Martin Berasategik dagoeneko hamar Michelin izar badituela nabarmendu dute sari banaketan. Lasarte Oriako eta Donostiako bere bi jatetxeen artean lau izar ditu, beste hiru Lasarte Bartzelonakoarekin, eta beste bi Ritz-Carlton Abamako Teneifekoarekin. Eneko Atxak, berriz, bost Michelin izar batzea lortu du, bere hiru jatetxeen artean.

Bilboko Etxanobe Atelier jatetxeak, berriz, eutsi egin dio bere izarrari. Iazko maiatzean Euskalduna jauregitik atera eta Bilboko Alde Zaharrera mugitu zuten jatetxea. Michelin guidak mantendu egin zien orduan bere esku zuten izarra, eta aurtengo gidak berretsi egin du izar horri eusteko merituak eta lanak egiten dituela Etxanobeko taldeak.

Gainerako Hego Euskal Herriko sukaldeek eutsi egin diete lehendik zituzten izarrei. Horien artetik, Akelarrek (3), Arzakek (3) eta Mugaritzek (2) orain arteko maila berean jarraitzea lortu dute. Horiek dira izar bat baino gehiago dutenak. Bestalde, Araban sortutako sukaldari batek, Iñaki Muruak, bere lehen izarra lortu du, Logroñoko (Espainia) Ikaro bere jatetxean Carolina Sanchezekin egiten duen lanarengatik.

Sarien ifrentzuan, galtzaileen itzalean, Gasteizko Zaldiaran jatetxea gelditu da. Michelin izar bat eduki du orain arte, baina aurtengo sarien banaketan galdu egin du. Horrela, Araba guztian jatetxe bakarra gelditu da gida gorriaren barruan: Marqués de Riscal.

Horrela gelditu dira Michelin izarrak jantokien artean partituta:

Araba. Eltziegoko Marqués de Riscal (1).

Bizkaia. Larrabetzuko Azurmendi (3) eta Eneko (1). Bilboko Eneko Bilbao (1), Etxanobe Atelier (1), Mina (1), Nerua (1), Zarate (1) eta Zortziko (1). Galdakaoko Andra Mari (1). Zornotzako Boroa (1). Axpeko Etxebarri (1).

Gipuzkoa. Donostiako Akelarre (3), Arzak (3), eMe Be Garrote (1), Kokotxa (1), Mirador de Ulia (1), Amelia (1). Lasarte-Oriako Martin Berasategi (3). Errenteriako Mugaritz (2). Oiartzungo Zuberoa (1). Getariako Elkano (1). Hondarribiko Alameda (1).

Nafarroa. Urdaizko Molino de Urdániz (2). Iruñeko Europa (1) eta Rodero (1).

Iberiako penintsulako jatetxeen artean egin dute izarren partiketa gaur gaueko galan, baina Ipar Euskal Herriko jatetxeek ere badituzte Michelin izarrak. Frantziako izarren banaketa 2019ko urtarrilaren 25ean egingo dute, eta orduan jakingo da aldaketarik izango ote den. Oraingoz, hauek dira izarren jabeak:

Lapurdi. Ainhoako Ithurria (1), Miarritzeko L'Impertinent (1) eta Les Rosiers (1), Arrangoitzeko L'Atelier de Gaztelur (1) eta Le Moulin d'Alotz (1), Getariko Briketenia (1), Bidarteko Table des Frères Ibarboure (1), Donibane Lohizuneko L'Océan (1), Le Kaiku (1), Senpereko L'Auberge Basque (1)

Nafarroa Beherea. Les Pyrénées (1).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.