Martxan da Hamaika-klik Ikus-entzunezkoen lehiaketa

Parte hartzeko epea irailaren 25ean amaituko da; lehiaketaren gaia librea da, eta lanak euskara hutsean aurkeztu beharko dira.

Martxan da Hamaika-klik! ikus-entzunezkoen lehiaketa. HAMAIKA TELEBISTA
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 25a
16:05
Entzun

Hamaika telebistak Hamaika-klik Ikus-entzunezkoen lehiaketa jarri du abian. Txapelketaren helburua da «sarean eta formatu digitalean diharduten gazteek ikus-entzunezkoak euskaraz sortu, ekoitzi eta kontsumi ditzaten sustatzea», eta horren bitartez gazteak ikus-entzunezkoen kontsumo eta ohitura berrietara gerturatzea.

Lehiaketaren gaia librea da, eta lau atal ditu: bideo laburrak —lau minututik hamabost minutura bitartekoak—, mikrobideoak —minutu batetik lau minutura bitartekoak—, Instagram, Tik-Tok eta halakoetako istorioak —gehienez, 15 segundokoak—, eta Whatsapp, Telegram eta sare sozialetarako memeak. Lanak euskara hutsean aurkeztu beharko dira, bai ahotsa, musika, idatziak eta grafismoa. Irailaren 25era arte bidal daitezke ikus-entzunezkoak [email protected] helbidera —informazio gehiago nahi izanez gero, helbide berera idatzi—.

Atal bakoitzean irabazle bat aukeratuko da: bideo laburraren garaileak 1.000 euro irabaziko ditu; mikrobideoa 750 eurorekin sarituko da; Instagram, Tik-Tok eta halakoetako istorioetako garaileak 300 euro lortuko ditu; eta Whatsapp, Telegram eta sare sozialetarako memeak 300 eurorekin sarituko dira.

Epaimahaia Hamaika taldeko eta ikus-entzunezko arloko adituek osatuko dute. Horrez gain, Hamaika Telebistak gune bat jarriko du jendeak aurkeztutako lanak ikusteko, eta ikus-entzuleek aukera izango dute ikus-entzunezko horiek bozkatzeko. Lan sarituak urriaren 23rako ezagutaraziko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.