Josune Muñoz. Euskal filologoa eta komikigintza ikerlaria

«Maskulinoa izateaz gain, misoginoa ere bada zenbaitetan komikien mundua»

Inigo Astiz
2011ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Urteak daramatza Josune Muñozek (Bilbo, 1967) komikigintza ikertzen. Haren gaia da. Emakumezko sortzaileengan jartzen du nagusiki arreta, eta, dioenez, gizonek gidatutako mundu batean aritu behar izan dute haiek ere. Ikusgarritasun falta handia dagoela uste du, eta, horregatik, garrantzitsuak direla Donostian antolatu dituzten erakusketen gisakoak. Izan ere , badago, zer ikusia, eta zer zabaldua. Bere alea ere jarri nahi du lan horretan Muñozek, eta Skolastika elkartearen web orrialdea aipatu du informazio gehiagoren gosez dabiltzanentzat: www.skolastika.net.

Nazioarteko emakume komikilarien lanak biltzen dira Donostiako erakusketan. Zein da Euskal Herriko egoera?

Oso izen gutxi daude, eta daudenen inguruan ere lan handia dago oraindik egiteko. Ikertzeko dago oraindik esparru hori. Hori pizten saiatzen ari gara.

Komikien mundua maskulinoa dela diozu.

Maskulinoa bai, eta batzuetan baita misoginoa ere. Egun, emakumeok dugun zeregina inoiz baino handiagoa da, eta baita presentzia ere. Oraindik, ordea, aurreiritzi asko dago. Eta beldurgarriak dira aurreiritzi horietariko batzuk. Oso negatiboak. Mantendu egiten dira, gainera, haietariko asko.

Medio merkea da, berez, komikiarena, eta sarbidea beste medioetara baino errazagoa dela pentsa liteke. Zer du komikigintzak hain maskulinoa izateko?

Egia da medio merkea dela, baina beti egon da gizonezkoen eskuetan. Egitura aldetik, baita edukien aldetik ere. Gizonezkoek marraztu dituzte emakumezko pertsonaiek jokatutako rolak eta haien irudi fisiko eta psikologikoak. Ez da emakumezkoen parte hartzerik egon. Dena oso era maskulinoan egin izan da beti.

Azkenaldian bultzada moduko bat izan du komikigintzak, eta emakumezko sortzaileen izenak ere gero eta gehiago dira.

Donostiako erakusketa da horren froga, bai. Eskertzekoak dira halako ekimenak, eta ezinbestekoak. Badago lan handia egiteko. Purita Campos, adibidez, erabat ahaztuta zegoen orain gutxira arte. Esther y su mundo (Esther eta bere mundua) izeneko liburua egin zuen berak, eta Donostiakoaren moduko erakusketa baten bidez jakin genuen haren berri, eta berreskuratu egin genuen. Egun bere lana berriz ere salgai dago, eta arrakasta handia izan du, eta sariak ere jaso ditu.

Marjane Satrapi komikilari irandarra mugarria izan da; haren 'Persepolis' lana, batez ere.

Azken hamarkadako lan gorenetako bat izan da, eta egarri bat piztu du. Haren atzetik eta ondoren ere izen gehiago daude.

Komiki feministaren inguruan ere egin duzu ikerketarik. Zer da?

70eko 80ko hamarkadan sortu zen. Euskal Herrian ere izan zuen presentziarik komiki feministak. Ez da oso historia ezaguna, baina existitu zen fenomenoa izan zen. Barne kontsumorako produktuak ziren gehienak, inguru feminista batean sortutakoak. Teoria feministak ulergarriagoak egiteko sortzen ziren batzuetan, eta mugimenduak kritikatzen zuena irudi bilakatzeko ere baliatu zen. Eta baita, noski, umorea egiteko ere. Hori ere bada azpimarratzekoa. Emakumeek eginiko komikietan gizonezkoenetan baino askoz ere pisu handiagoa du umoreak; gorputzari buruzko umorea dago, lagunekiko eta gizonezkoekiko harremanei buruzkoa, eta baita, umore arinaz gain, sakonean mugitzen den umore bat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.