Mazzerua
Korsikako ohiduretan 'mazzeru'-a dohain bereziko pertsona da. Laster hilen denaren aurpegiaren aitzinetik ikusteko dohaina baduelako. Hilen dena, gehienez urtearen barnean da hilen. Ahal espezial hori gauezko ihizi edo ehiza batean -berdin ihizi amestu batean- zaio agertzen. Basihizia (basa ehiza) ardurenetan basurdea da. Ehiztariak pertsegitzen du, kausitzen (topatzen), zauritzen. Azken kolpea errezibiturik, basihizia azken hatsetan delarik, ehiztariak bat-batean basurdearen buruaren lekuan laster hilen denaren aurpegia du ikusten. Basihizia nekeetan hiltzen dela? Jendearen heriotza ere berdin nekezkoa da izanen... Marie Ferranti korsikar idazlesaren eleberrian (La chasse de nuit, 2004), Matteo Moncale mazzeruak dio «Ilunabarrean, kexatzen hasi nintzen. Liburu bat hartu nuen, baina sobera kexu nintzen, ez nuen leitzen ahal. Gaueko hamarrak jo zutelarik, ezin egonez, Foscolora buruz hasi nintzen. Mendiko etxolara heltzeko oren bat baino gutxiago eman nuen. Arropaz aldatu nintzen 'mazza' (borra) hartu nuen. Errabiatua nintzen. Haizea usmatu nuen, basurdeen pasabidea zen bidexka hartu, iturri berdera daraman mendixka kaskora igan et han zain egon nintzen. Ez nuen luzaz beha egon izan behar. Bazetorren basihiziaren asots sogorra entzun nuen. Pultsuetan ene odolaren taupadak sendi nituen. Bapatean, basihiziaren hats latza sentitu nuen : enegandik bi urratsetan zen. Zangoak hunkitzear zitzaizkidan, zanpaldi izugarria eman nion. Orro bat. Eta basihia urrundu zen. Ez nuen indarrik izan haren gibeletik joateko eta azken ukaldiaren emateko. Luzaz iraunen zuen azken hatsetan basihiziak. Gizonak ere». Mazzeruaren itxura destinoaren itxura. Fatumarena. Hala beharrarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu