Udane Goikoetxea. Kazetaria

«Medio bat ezin da izan entretenigarri hutsa: didaktikoa ere izan behar du»

Irratian urte asko eman ondoren, telebistan lan egiteko aukera suertatu zaio. Bizkaia Irratiko lana alboratu gabe, 'Berbaz' mahai-ingurua gidatzen du Hamaika telebistan, ostegun gauetan.

JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2010eko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Udane Goikoetxea (Bilbo, 1981) kazetaria da, eta telebistan zein irratian aritzen da aurkezle eta esatari lanetan. Hamazazpi urterekin Bizkaia Irratian lanean hasi zen; orain, irratian jarraitzen du, eta Hamaika telebistarekin elkarlanean egindako Berbaz saioko aurkezlea da.

Nola sortu zen Hamaika telebistak eta Bizkaia Irratiak batera lan egiteko ideia?

Ados egon dira hasieratik; elkarlana oso garrantzitsua da bientzat. Batez ere gaur egun eta, batez ere, Hamaika telebistaren eta Bizkaia Irratiaren izaerak kontuan hartuta. Bien adostasunetik loratutako fruitua da Berbaz. Ostegunetan emititzen da; telebistan ez ezik, irratian ere jarraitzeko aukera dago, ia momentu berean. Gure ekarpenak ikus-entzule guztientzat interesgarriak egin nahi ditugu.

Zerk bereizten du Berbaz gainerako mahai-inguruetatik?

Era askotako gaiak lantzen ditugu; Bilbotik emititzen dugunez, Bizkaiko gaiak gehienbat. Kolaboratzaile sare zabala dugu, Bizkaian lan egiten dutenak gehienak. Orain arte landu ditugun gaien artean daude Bilboko beharginen greba, Motxo ontzia, amiantoaren gatazka, ekonomia, Euskararen Eguna eta Bizkaiko bertso finala. Bertako gaiak dira, denoi eragiten digutenak. Nik uste dut horrek bereizten gaituela: Bizkaian eginda, Bizkaitik begiratuta, baina leku askotan irakurketa berbera egiteko aukera ematen duen eskaintza da gurea.

Nola ikusten duzu zeure burua telebistan?

Desberdin. Aukera eskaini zidatenean, ufa, irratian ondo bizi nintzen, inork ez ninduen ikusten... Baina proiektua interesgarria eta emankorra izango zela uste nuen. Mundu bi dira, baina elkarrekin oso lotutakoak. Niretzat zailena ahotsa eta irudia bateratzea izan da. Zeure burua kanpotik ikusten duzunean zenbat keinu, zenbat mugimendu... Hamaikako lan taldeak eta Bizkaia Irratiko zuzendariak asko lagundu didate. Aldaketa da, baina oso pozik nago.

Hamazazpi urterekin hasi zinen irratian. Zein aldaketa nabaritu dituzu?

Nabarmenena teknologiarena da. Orain hogei urte betetzen ditu Bizkaia Irratiak, eta, ospatzeko ez ezik, barnera begiratzeko momentua ere bada. Ez dut esango krisiak eragin ez duenik, baina, zorionez, gu ur azalean gabiltza, gure ontzian aurrera eta aurrera. Aldaketak, esaterako, Bilbon: Bilboren izaera,orain daukan bizitasuna kulturan, euskaran... Aurrerapauso nabarmenak egin direla ikusten dut, oraindik egiteko asko badago ere.

Zaila al da irratian bi orduko magazine bat interesgarri egitea?

Niretzat, eduki behar duena ekarpena da, alde didaktikoa. Denok dauzkagu arazoak; kontua da horiek nola planteatu. Entretenituta egotea oso garrantzitsua da, baina medio bat ezin da izan entretenigarri soil eta hutsa. Tarte laburrean gauza asko esan daitezke, baina okerra egiten baduzu, nabarmenagoa izango da. Luzea edo laburra izatea ez baizik edukia da garrantzitsuena.

Interneten entzun daiteke Bizkaia Irratia. Teknologia berrietara egokituz zoazte?

Ezinbestean. Ahalegina egiten dugu gaur egungo bizimodura eta errealitatera egokitzeko. Betiere jakinda nor eta zer garen; irrati bat irrati bat da. Gaur egungo merkatua gero eta lehiakorragoa da; egokitu behar dugu belaunaldi berrietara, baina gainerako belaunaldi guztiak ahaztu barik.

Etorkizunari begira, non ikusten duzu zeure burua?

Egunean egunekoari jaramon egitea, eta horri ahalik eta erantzun onena ematea da giltzarria. Denok korrika gabiltza, eta ez dakigu nora. Orain master bat egiten ari naiz, prestakuntza maila bat lortzeko. Euskara etaeuskal kulturaren inguruan lan egitea gustatuko litzaidake; oso zoriontsu izango nintzateke egunero horren alde egiteko aukera izango banu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.