Maratila

'Melancholia'

Lucien Etxezaharreta.
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Albrecht Dürerek XVI. mende hasieran izen horrekin landu grabaketa guztiz famatua da: aingerua, doi bat astuna eta uste gabe adin batekoa, halako heldutasunarekin, zalantzan bezala dago, begi bistan dituela, besteak beste, ondar ordularia, poliedro berezi bat eta jakintzaren ikur, eta eskuetan munduaren neurtzaile den geometriaren konpasa. Jon Mirande idazleak bere gelan zeukan ilustrazio bakarra zen, Txomin Peillenek Maiatz aldizkarian egin zuen testu hunkigarriak kontaturik.

Lars von Trier filmegileak uda hontan Melancholia obrarekin gaurko kezka eta beldur asko bildu ditu, bere lanetan erakusten ohitu gaituen gisala. Planeta ezezagun berria Lurrari buruz datorrela, bere bide eliptikoak zalantza zerbait sortzen du: grabitazioaren legeari jarraikiz, planeta hurbiltzen eta atzeratzen baita, azkenean eroriko delarik. Gure mundua, hemen ezkontza baten irudipenarekin, bere desegite usteltze ageriarekin dugu: bigarren zatian honi buruz badirudi angustia eta elkartasuna erantzun direla, akabantza handiaren bezperan.

Malenkonia, gure euskal kulturan, gaizki ikusia da: «beti aitzina» dioten erakunde eta jendarteek langidura ezkorrarekin nahasten dute. Fededunentzat, egia dutenentzat, eta horren jabe direnentzat, bekatu zerbait da. Elizak berak dio esperantzarik eza dela bekatu handiena! Iraultzaren itxaropenak ez du fedearenak baino gehiago egin Euskal Herrian. Zorionez hor dugu oraindik elkartasuna bederen, amodioak bere besoak ireki artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.