Nafarroa konkistatu ez balute, Euskal Estatua genukeen gaur. Esaldi borobila da, iraganetik balizko orainaldira doan ildo zuzena. Hilak biziak baino errazago maite ditugun bezala, gertatu ez denaz ziurtasun finkoagoak izaten ditugu, gertatu denaz baino. Eta hura bezalako marra zuzen akatsik gabeak (Afrikako estatuak bereizten dituzten mugen antzera) aiseago marrazten dira gerta zitekeen alegiazko eremu mugagabean, gertatu denarenean baino. Historia zalantzaz enpokaturiko zelaia da, eta ezezagunagoa zaigu, ez-historia baino. Niri (baina, tira, ni irudimentsu samarra naiz) bertzelako istorioak bururatzen zaizkit gure ez-historiaren hutsuneak betetzeko.
Gauzak horrela, beharbada Nafarroaren konkistak badu bere alde ona ere. Euskaldun guziok batuko zituen (edo ez) Estatu baten faltan, guzion iruditerian habia egin lezakeen balizko Estatu erdi-mitikoa dugu. Susmoa dut Nabarraldekoen arteko zintzoenek horrelako zerbait nahi zutela, euskal imajinario bat sortu, alegia. Pena da, beraz, bertzeek tematuak segitzea Nafarroako egiazko eta benetako historia berdaderoa azaleratzeko ahaleginean. Zeren emaitzek—izan duten arrakasta gorabehera— apenas balio duten barne kontsumorako, hain dira eskasak.
2012an, berriz ere, esentzien zaindarien kalaka entzun beharko dugu, nahitaez. Poztekoa litzateke norbaitek, zer garen eta zer izan behar genukeen frogatu nahi digun erretolika hori baztertuta, memoriaren lekutzat hartuko balu konkistaren afera. Auskalo, gauza berriren bat erranen luke agian.
Bertze guzien mezua aditua baitugu. Anitz aldiz, gainera.
Maratila
Memoriaren konkista
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu