Mende bat atzera egingo du Otsagabiak (Nafarroa). Asteburu batez, duela ehun urteko ohiturak berrituko dituzte bertako biztanleek. 1900. urtekoOtsagabiako egunerokoa erakutsiko dute, eta urtero bezala, garai haietako jantziak jarriko dituzte. Bihar gauean hasiko da Orhipean, eta larunbata izango da egunik handiena. Orhi mendiaren ondoan, eskulangileak, abeltzainak eta abereak paratuko dira.
Duela ehun urte erabiltzen ziren gauza guztiak ikusi ahalko dira Otsagabiako harrizko kaleetan: lastoa, gurdiak, zaldiak, astoak... Gaur egun galduta dauden zenbait ogibide ere berrituko dituzte. «Otsagabian eta beste herri batzuetan nola bizi ziren ikusteko aukera da». Orhipean Bizibide eta Usadioak elkarteko kide da Ana Sagardoi; Orhipean jaia antolatzen duen elkartekoa, hain zuzen. «Bederatzigarren urtea da aurtengoa. Aurretik beste eskulangile batzuk etortzen ziren, musika zegoen, baina bederatzigarren urtea da jaia herriko jendeak prestatzen duela».
Ezkila soinuak iragarriko du Orhipean hasi dela, larunbatean, eta 09:30etik ez da faltako egitekorik. Goizean, Bardeara doazen artzainak igaroko dira herritik, eta arratsaldean, usadio zaharrean dantzatzeko musika emanaldi bat izango da. Herrikoek antolatutako jai bat da. «Herriko jende gehienak parte hartzen du, modu batera edo bestera». Martxoan hasi ziren batzuk lanean, eta besteak egunean bertan ariko dira.
Bataioak ere bai
Urtero, ekitaldi berriren bat egiten saiatzen dira. Iaz, bi bataio gehitu zizkioten jaiari, eta izan zuten arrakasta ikusita, aurten ere egingo dituzte. Aurtengo berrikuntza ostiralean izango da, jai bezperan. Atharratze (Zuberoa) eta Otsagabiako historia kontatzen duen Nola zen, nola izanen da ikuskizuna izango da, 21:30ean. «Atharratzeko gizon batek antolatu duen ikuskizuna da». Aurreko larunbatean aurkeztu zen Atharratzen; hango eta Otsagabiako jendeak parte hartzen du. «Bizimodua nolakoa zen kontatzen da, eta geroari begira nola ikusten den. Lehen, harreman handia zegoen bi herrien artean».
Herritar bakoitzak pertsonaia baten rola hartzen du Orhipean jaian. Lehen, Otsagabiako etxe guztietan lantzen zen artilea. Koltxoiak egiteko eta neguko arropak egiteko ezinbestekoa zen. Horregatik, larunbatean eskulangileak izango dira artilea lantzen. Artileari kolpeak emango dizkiote, edo Otsagabian esaten dioten bezala, axotatu egingo dute. Ondoren, oihaletan sartu eta josi egingo dituzte. Galtzerdi eta jertseak ere egingo dituzte. Askoz neketsuagoa da lana, eta haria egiten ibiliko dira gero arropa ehuntzeko. Errekan, garbitzaileak izango dira arropa garbitzen, belauniko. Saskietan eramango dute arropa, eta esertzeko kutxa ere izango dute bertan.
Orhipean jaian inoiz ez dira falta leken kordelak. Garai batean, San Isidro egunean erein eta uztailean biltzen zituzten lekak. Eta lekak negura arte mantendu ahal izateko, lehortu egin behar izaten zituzten. Zenbait etxetan oraindik ere eusten zaio ohiturari, baina kalera eramango dute larunbatean. Ez da jakiekin egingo den erakusketa bakarra. Garai batean, etxe guztietan egiten zen ogia, eta oraingo etxeek laberik ez duten arren, egongo da ogia jateko aukera. Matatxerria ere egingo dute goizean, eta odolkiak eta txistorra egingo dituzte.
Okinak, gaztagileak, dentistak, bizarginak, jostunak, argazkilariak eta iruleak. Denak izango dira Otsagabian. Baina langileez gain, lantokiak ere ikusiko dira. Garai hartako eskolan, okindegian, dendan, ostatuan eta elizan sartzeko aukera egongo da; baita etxeko eta bordetako bizimodua ezagutzeko ere. «Zenbait herritarrek beren etxea irekiko dute», dio Sagardoik.
Bardeara bidean
Duela ehun urte, abeltzaintza zen lanbide nagusia Otsagabian. Ardiak zituzten ia etxe guztietan, eta mendatean 13.000 abelburu baino gehiago bazkatzen zituzten. Baina zaila zen artaldea urte osoz mendian edukitzea, eta zaila da oraindik ere. «Hemen, neguko bederatzi hilabete ditugu, eta infernuko hiru», zioen Otsagabiako adineko gizon batek. Klimak eta orografiak ez dute batere laguntzen; horregatik, leku beroetan igarotzen zuten artzainek negua. Bardeara joaten ziren, eta zortzi eta bederatzi hilabete inguru ematen zituzten etxeko mutilek Erriberan.
Abelbideetatik iristen ziren haraino, eta egun ere bada horrelakorik egiten duenik. Otsagabiako hiru artzain joaten dira Bardeara urtero. Larunbatean, 11:00etan,herritik igaroko dira Bardeara bidean. Batzuek, artaldeekin aurrera jarraituko dute, eta beste batzuk, berriz, hamaiketakoa hartzen geldituko dira herrian.
Mende bat atzera, Orhipean
1900. urteko ohitura, ogibide eta jantziak berrituko dituzte Otsagabian, bihar eta larunbatean, Orhipean jaian'Nola zen, nola izanen da' ikuskizuna egingo dute Atharratze eta Otsagabiako biztanleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu