Ezarian. Ayestaran hotelak 100 urte

Mende bateko ibilia

Lekunberriko Ayestaran hotelak ehun urte bete ditu, eta bere ibilbide oparoa gogoratzeko liburu bat eta pelikula bat egin dituzte.

Urtez urte oporretan itzultzen direnen omenez, abuztuaren 3an eta 17an afari bereziak antolatuko dituzte mendeurrena ospatzeko. IDOIA ZABALETA/ ARGAZKI PRESS.
2012ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Urteen joanean ikusitakoekin eta ikasitakoekin, eta, nola ez, lana gogor eginez, uzta pilatu du Aiestaran sendiak. Era askotako onarpenak jaso ditu, baina batez ere, hainbat bezeroren esker ona eta itzulera. Urteak joan eta urteak etorri, hotelera oporrak pasatzera joaten diren bezeroak, hain zuzen. Lekunberriko (Nafarroa) Ayestaran hotelak mendea bete du, eta data esanguratsua ospatzeko liburu bat eta pelikula bat egin dituzte.

Ayestaran hoteleko harriak, logelak, korridoreak eta beste egoitza guztiak mintzatuko balira, hainbat istorio eta historia kontatuko lituzkete. 1912an jaio zen hotela. Jacinto Aiestaran eta Jesusa Garro senar-emazteek sortu zuten. «Ezkondutakoan, eta emazteak Irurtzungo Otamendi ostatuan ikasitakoak baliatuz, halako bat sortzea erabaki zuten Iruñea eta Donostia arteko bidaia egiten zuten bidaiarientzako. Aterpea eta jaten ematen hasi ziren», gogoratu du Maria Jesus Aiestaran hoteleko zuzendariak eta sortzaileen bilobak. Izan ere, garai hartan oso ohikoak ziren negu gogorrak: elurteak handiak izaten ziren, eta jendea ez atzera ez aurrera gelditzen zen bidean. Horregatik, nonbait ostatu hartu behar izaten zuten bidaiariek. Aitonak zaldi diligentzia zuen, eta Iruñea eta Donostia arteko bidea egiten zuen egunero jendea eta zamak garraiatuz. Familiatik zetorkion ofizioa. Haren aita zenak ere bazuen zaldigurdia eta benta bat. Aita Azpirozko portuan kokatutako Eriola Bentako alabarekin ezkondu zen, benta eta zaldigurdia zuten ogibide. Horrela ikasi zuen ere ofizioa Jacintok.

Baina Plazaolako trenak bere lanbidea egokitzera behartu zuen. 1914an, Plazaolako trenak bidaiariak garraiatzen hasi zen. Hasiera batean Leitzaran ibarreko meategietako ikatza garraiatzeko sortu zuten trena bidaiariak ere eramaten hasi zen. Lehiakide gogorra sortu zitzaion Aiestaran-Garro familiari, baina baita negozio berri bati ekiteko aukera ere.

Hotelaren arrakasta

Plazaolako trenbidea martxan jartzearekin bukatu zen zalgurdi eta benten garairik onena. Diligentziarik gehienak desagerrarazi zituen, eta benta asko ere galdu ziren. Salbuespenak ere izan ziren, eta dena ez zen izan galera. Izan zen onurarik ere, turismoa heldu baitzen Plazaolarekin batera Lekunberrira. 1884an Alfontso XVII. Espainiako erregea Beteluko bainuetxera joan zen eta ohikoa bilakatu zen Miarritze eta Donostian uda-pasa zebiltzan aristokratentzat Betelun denboralditxo bat pasatzea. Askok Ayestaran hotelean hartzen zuten ostatu. Garai hartan udatiarrek denboraldi luzeak egiten zituzten oporretan. Aberatsak haien zerbitzura zituzten lagunekin joaten ziren, eta lau hilabeteko egonaldiak egiten zituzten. Lehen hotelak 20 logela zituen, baina 1918an hotela handitu behar izan zuten eta 60 logela izatera iritsi zen. Turismoak bultzatuta, 1932an hotela berriz handitu zuten. Victor Eusa arkitektoak beste eraikin bat egin zuen. Eusa Jesusa Garroren iloba batekin ezkondua zegoen, eta Ayestaran II esaten zaion eraikina diseinatu zuen.

Garai hartan, nekazari guneetako lasaitasuna, atsedena eta janari ona gaitzentzako hoberena zela pentsatzen zuten, eta horrela turismoa modan jarri zen eskualdean. Jende asko etortzen hasi zen trenez Lekunberrira. «Aitona egokitu egin zen, eta lan handiaren ondorio da egungo hotela; inoiz ez dugu oporrik izan, azken hamar urteetan hasi gara oporrak hartzen eta egun bateko atsedenaldia izaten», gogoratu du Maria Jesus Aiestaranek.

Errefuxiatuen hotela

Denak ez ziren turistak, ordea. II. Mundu Gerra amaitu zenean, hainbat errefuxiatu eta iheslari ere izan ziren Lekunberriko hotelean. Hotelaren historia oparoa da, eta horren lekuko da II. Mundu Gerran hotelean gertatutakoa. Gerra garaian, 750 errefuxiatuk hartu zuten babesa hotelean, eta, zein aldetan borrokatu ziren, eraikin ezberdinetan egon ziren. Udako hotel handian, Ayestaran I-an ofizial aliatuak egon ziren, eta pareko eraikinean, errepidearen bestaldean, naziak. «Udatiarrekin batera egon ziren, batzuk joan eta besteak etortzen ziren», azaldu du Aiestaranek. Gizonak ziren, juduak asko. Naziengandik ihesean zenbiltzanak. Ez zeuden atxilotuta, baina beren kasa ere ezin ziren ibili. Guardia Zibilak zaintzen zituen, eta ezin ziren hoteletik nolanahi atera. Goizeko hamarretatik hamabietara bakarrik zuten ateratzeko baimena, baina eraikin batetik bestera joateko bakarrik. Eta zertarako aterako eta txokolatea eta txurroak jateko joaten ziren toki batetik bestera. Horretarako baimena bazuten. Beste denbora guztian hotelean egon behar izaten zuten derrigorrean. Garai hartako gudarien irudiak eta kontakizunak, eta esker oneko eskutitzak dira gertakari horien lekuko. «Errefuxiatuentzat oso garai zaila izan arren, hotelean sosegua eta harrera ona aurkitu zituzten», dio Ayestaraneko zuzendariak. Horren adibide bi aipatu ditu: Amerikako Estatu Batuetako pilotu batek, George Bennetek, Ayestaranen egindako egonaldia sartu zuen memoria liburuan. Michael Gognenfourt frantsesak, berriz, gatibu eremu batetik bi eskutitz bidali zizkion Nieves Aiestaran artean hoteleko alaba zenari.

Ehun urteetan gizarteak nozitutako aldaketen lekuko izan da hotela. Hotelak bisitari entzutetsuak izan ditu. Historia errepasatuz, hotelean gordetzen diren argazki zahar eta egunkari zatiak begiratuz, historia oparoa duela ikus daiteke. Hotelean hainbat jende ezagunek pasa dituzte udak, tartean Niceto Alcala-Zamorak, II. Errepublikako presidente izandakoak. Gero beste batzuk etorri ziren, Ernest Hemingway idazlea eta Orson Welles zinema zuzendaria, besteak beste. Baina bisitariak ez eze, pelikula askoren agertoki ere izan da. Pedro Olearen Akelarre filma, eta Helena Tabernaren La Buena Nueva filmen pasarte batzuk egin zituzten.

Joan-etorriko bidaia izan da hotelarena. Mendeurrena baliatuz, hotelaren historia biltzen duen liburua kaleratu du Aiestaran sendiak. Hotelera oporretan uda joan uda etorri itzuli diren hainbat lagunen testigantzak ere bildu dituzte pelikula batean, baita lanean aritutako batzuen lekukotasunak ere. Hotelean, hamarkadetan, oporretan egondako 90 urte baino gehiagokoen eta oraingo belaunaldien testigantzak bildu dituzte. «Belaunaldi batetik bestera iragandako hotela da. Bezeroek eregauza bera egiten dute: belaunaldiz belaunaldi etortzendira. Batzuek hogei urte daramatzate; beste batzuek, 10. Giro hori gogoko duenak errepikatu egiten du».

Hotelaren historia Aiestaran familiari lotua dago, familia bereko hiru belaunaldi igaro baitira hoteletik. Belaunaldiz belaunaldi, hotelak egoera berrietara egokitzen jakin izan du, baina aitona-amonek hasitako bideari jarraituz. «Familia hotel bat da, lasaia eta Aralarko inguruak eskaintzen duenaz gozatzeko etortzen dira gurera. Eguneroko presa eta gorabeherak ahazteko. Janaria ere asko zaintzen dugu, hemengo produktuak erabiliz. Arrazoi horiengatik itzultzen da jendea», zuzendariaren ustez.

Urtez urte oporretan itzultzen direnen omenez, udan bi afari berezi antolatuko dituzte. Garai hartako jantziekin dotore jantzi, eta abuztuaren lehen hamabostaldian zein bigarrenean oporretan etortzen direnentzat afaria izanen da. Bata, abuztuaren 3an, eta bestea, abuztuaren 17an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.