Mende erdi eguzkitsua

5.000 gaztetxo inguruk parte hartu dute Donostiako haurren danborradan. Ekitaldiaren 50 urteak gogora ekartzeko, helduen danborradako ordezkariak izan dituzte lagun Alderdi Ederren.

Urduri baina gustura aritu ziren gaztetxoak upela jotzen. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2011ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Kolorez beteriko mosaiko ibiltari bat osatu zuten atzo Donostian bildu ziren ia 5.000 haurrek. Helduen danborradaren biharamunean, haurren txanda izan zen atzo, eta, urtero legez, Alderdi Ederren elkartu ziren hiriko kaleetan ibilaldia egin aurretik. 45 ikastetxe eta 52 konpainia bildu ziren haurren danborradaren 50. urteurrena ospatzeko. Gainera, urtebetetze hori dela eta, helduen danborradako hainbat konpainiak ere parte hartu zuten hasierako ekitaldian. Eguraldia ere festara batu zen; hotz egin bazuen ere, eguzkia gogotsu irten zen haurren danbor eta upel hotsak entzutera.

Eguerdia iristear zela, konpainiek euren tokia hartu zuten Alderdi Ederreko lorategietan; batzuk besteen alboan, puzzlearen pieza guztiak osatu arte. Udaletxearen azpian haurren danborradako ohorezko karguak kokatu ziren; haien inguruan, berriz, Donostiako martxa jotzeko zain zeuden haurrak. «Urduri nago orain, bi hilabete inguru eman ditugu entseatzen eta iritsi da momentua», zioen Maria Ibarra Belen ikastetxeko neskatoak.

12:00ak jota ikastetxeei ongietorria egin zieten udaletxeko balkoitik; ondoren, Haizea Marquez Easo Ederrak hartu zuen hitza: «Plazera da haurren danborradak 50 urteurrenean Easo Ederra izatea; egun ezin hobea pasa dezazuela opa dizuet». Haren atzetik, urduritasuna ahazteko eta zoriontasuna erakusteko deia egin zien haurrei Mikel Salaberria danborradako jeneralak. Behin diskurtsoak amaituta, Donostiako martxa jo zuten Alderdi Ederren bilduta zeuden 5.000 lagun inguruk, Jon Arrese aurtengo Danbor Nagusiaren gidaritzapean. Zazpi urte daramatza Arresek danborradan parte hartzen, eta «urduriago egotea» espero bazuen ere, gustura aritu zen denak begira zituela: «Danbor Nagusia izatea izugarria da, are gehiago haurren danborradaren 50. urteurrenean».

Haurren artean, helduen danborradako 32 ordezkari elkartu ziren. «Oso polita da gaur hemen haurren ondoan jotzea; gehienbat, gu ere haurrak izan garelako», azaldu zuen Julen Maestrok, Txofreko Lagunak KE elkarteko kideak. «Atzo ere oso ondo joan zen gaua, euririk ez zuen egin, eta, gainera, abesti berri bat jotzeko aukera izan genuen». 111 elkartek parte hartu dute helduen danborradan, iaz baino lau gehiagok.

Bai helduenean, baita haurrenean ere, adi zebilen Odon Elorza Donostiako alkatea. San Sebastian bezperan goiz etxeratu eta gero, goiz-goizetik irten zen kalera atzo, auzoetako danborradak ikustera, eta haurren danborradari ongietorria egitera. «Gauza polita da helduen konpainiek haurren danborradaren 50. urteurrenean egin dutena». Azken urteetan bezala, «kuadrillarekin bazkaldu, eta arratsaldean danborradan irteteko» asmoarekin bildu zen Elorza udaletxera.

Alderdi Ederreko lorategian hiruzpalau abesti jo ondoren, Hernani kalea hartu zuten haurrek. Ikastetxe guztiak bata bestearen jarraian, eta denak danborradan Euskal Billera elkartearen atzetik, hau da, urte gehien daraman elkartearen atzetik.

Hiriko zenbait kale igaro ondoren, Gipuzkoa plazan amaitu zuten ibilbidea. Gustura ibili ziren denak, eta asko datorren urteari begira egongo dira dagoeneko: Easo Ederra edo Danbor Nagusia izan nahi dute, aurtengo Easo Ederrak desio zuen bezala, «telebistan gehiago ateratzeko eta denekin hitz egiteko». Dena den, ohorezko kargu edo danbor jotzaile soil izan, «egun zoragarria da» betiere San Sebastian eguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.