Radio Euskadik 30 urte beteko ditu aurten. Etabere gaueko tertulia saioak, 25. Euskal Herriko irratigintza modernoan martxan jarri zen aurreneko tertulia politikotzat jo daiteke Ganbara.
Saioko aurreneko zuzendaria Mikel Camio zena izan zen. Ondotik etorri ziren Gotzon Toral, Enrique Martin, Nico del Val eta Jose Luis Fonseca. Iñaki Berasategi kazetaria (Bilbo, 1951) 1991-1992 urteetan ibili zen irratsaioa zuzentzen: «Saioa sortu zenean Jose Maria Gorordo zen EITBko zuzendaria. Orduan Madrilgo irratietan tertulia pare bat baino ez zeuden, SERen eta Antena3en. Euskal Herriko irratigintzan aurrenekoak izan ginen». Esparru politiko guztietako solaskideak eraman nahi zituzten saiora, «Espainiako eskuin muturrekoak eta ezber abertzalekoak». Berasategik gogora ekarri du Ganbara-ko zuzendari izan zenean «kontrol politikoa handitzen» ari zela: «Josu Ortuondo iritsi zen EITBko zuzendaritzara, eta informazioa kontrolatzeko hainbat izendapen egin zituen, bere alderdiaren helburuen mesedetan». Ganbara saioaren hastapenak eta egungo tertuliak alderatuta, Berasategik aurkezlearen jokaeraz hau uste du: «Hastapenetan, aurkezleok zaindu egiten genuen iritziak ez ematea. Muga hori gaindituz joan zen. Eta, egun, tertulia politiko askotan, beste tertuliakide bat gehiago bilakatu da aurkezlea».
1993tik 2003ra gidatu zuen Ganbara Natalia Serranok (Bilbo, 1963), nahiz eta tartean urte pare batez ezin izan zen programa egin diru faltagatik. «Hasieran saioa apalagoa eta laburragoa zen. Nire azken urteetan, berriz, tertuliakide gehiago zeuden, eta produktuak entzule gehiago zituen». Serranoren arabera, gaur egun Ganbara produktu «sendotua» da, «entzule datu onek bermatua». «Ardurazko postu nabarmenetan dauden kazetariak (Alberto Surio, Martin Garitano...) saioko kolaboratzaile izan ziren, eta horrek erakusten du jende formatuaren iritziak zirela. Gizarteak saioa eskatzen du, eta hori da garrantzitsuena».
2004tik 2009ra Ganbara-ko gidaria izan zen Dani Alvarez (Coruña, Galizia, 1977). «Hasi nintzenean esperientzia gutxi nuen, berde nengoen. Baina asko ikasi nuen tertulietara etortzen ziren Martxelo Otamendi, Mertxe Aizpurua, Jordi Sanchez eta Luis R. Aizpeolea kazetariengandik. Erreferente ziren niretzat, eta saioaren parte konprometitua ziren». Nahiz eta gauean goizean baino entzule gutxiago egon, Alvarezek uste du hainbat unetan goizeko saioek baino eragin handiagoa izan zutela. «Anoetako Adierazpenaren garaian eta Kataluniako estatutuaren prozesuan, saioan elkarrizketa garrantzitsuak egin genituen».
Alvarezen ordez Ainara Torrek gidatu zuen saioa. Eta iazko martxotik Xabier Garcia Ramsdenek (Bilbo, 1983) aurkezten du. «Hain saio beterano batean aritzeak zorabio pixka bat sortzen du. Hainbeste urtez mantendu bada, zerbaitegatik mantendu da, eta ni saioaren kalitateari eta izpirituari eusten saiatzen ari naiz». Egungo gidariarentzat saioa «erreferentzia» izan da beti. «Ganbara-k etorkizun luzea duela iruditzen zait, ni egon edo ez. ETAren atentaturik gabe, gai politiko eta sozialez garai berri batean hitz egin ahalko da hemendik aurrera».
Dani Alvarezen iritziz, irrati publikoak behartuta daude Ganbara eta halako saioak egitera: «25 urte iraun badu, entzuleekingertutasun handia lortu duelako iraun du».
Ostiralean emankizun berezia
Ganbara-ren 25. urteurrena ospatzeko, ostiral honetan saio berezia egingo dute, 22:00etan. Solaskideak hauek izango dira: Alberto Surio, Martin Garitano, German Yunque, Kepa Junkera, Natalia Serrano eta Dani Alvarez. Entzuleek saioa nola egiten den ikusi ahalko dute EITBren Bilboko egoitzan. Gonbidapena eskatzeko [email protected] helbide elektronikora idatzi behar da.
Komunikazioa
Mende laurdena 'Ganbara'-n
Radio Euskadiko 'Ganbara' saioak 25 urte beteko ditu denboraldi honetan. Ostiral gauean programa berezia egingo dute, gidari eta solaskide izan diren hainbat lagunekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu