Tentsioarentzako pastilla, eztularentzako, buruko minarentzako, bizkarreko minarentzako, parranda egin ondorengo eguneko ondoezari aurre egiteko... Gaur egungo zientzia medikuak gauza askorako erremedioak eskaintzen ditu. Horri esker, gora egin du herritarren bizi-itxaropen eta bizi-mailak. Hala ere, horrek ez du esan nahi garai batean ezer ez zeukatenik minaren kontra. Orduan ere bazeuden oinaze edo beste edozeri irtenbidea emateko balio zuten erremedioak.
Medikuntzaren aurrerapenarekin gutxitzen joan da horien erabilpena, baina horrek ez du esan nahi baliagarriak ez direnik. Hori erakusteko, eta, besteak beste, ohitura horiei eusteko,Erremeixuak izeneko DVDa kaleratu du Bergarako lagun talde batek. Anaje Narbaizari bururatu zitzaion ideia, eta hura aritu da zuzendari lanetan. «Ahoz aho gure herrian oraindik bizirik dauden erremedioak ezagutzera ematea» da helburu nagusia. «Helburua ez da medikuarengana edo ospitalera ez joatea, baina tamaina batean gure osasunagatik ardura hartzea nahi dugu».
Duela hiru urte bururatutako ideia da: «Lagunak behin berriketan ari ginela, batek belarriko mina zeukala, besteak bizkarrekoa... esanez ari ziren, eta horiei erremedioa emateko bizkarrean bentosak jartzen zituela ere esan zuen batek. Horrela, metodo gehiago ere aipatu zituzten. Bost minutuan, jendeak etxean ikasitako hainbeste metodo tradizional atera zirenez, konturatu nintzen asko egongo zirela denera». Horren harira, DVD bat sortzeko ideia bururatu zitzaion. Duela bi urte eta erdi inguru, berriz, lagun batzuk bildu eta lanean hasteko erabakia hartu zuten.
Helburu nagusiaz gain beste bat ere badela dio lanaren zuzendariak; izan ere, hizkuntzaren erabilerari ere garrantzia eman nahi diote. Hau da, herri bakoitzean era batera edo bestera deitu izan zaio teknika edo belar bakoitzari, eta horrek esan nahi duen aberastasuna azpimarratu nahi izan dute.
Sendabelarrak eta errituak
Hori guztia esplikatzeko eta ikuslearentzat DVDa arinago izateko, lau zatitan banatu dute lan guztia. Zuzendariaren ustez, «errazen ikusten dena lehen zatia da». Katarroak eta arnasketa arazoentzako sistemak azaltzen dira bertan. Bigarrengoan, bihurritu edo erreturentzako ukenduak aipatzen dira; hirugarrengoan, hausturak izanez gero egin beharrekoak agertzen dira; eta laugarrengoan, berriz, animalien gaitzak sendatzeko aholkuak esplikatzen dira.
Bergara, Antzuola, Elgeta eta Zumarragako hamabi lagun elkarrizketatu dituzte. Hiru belaunalditakoak dira; 80, 60 eta 40 urte ingurukoak. Beraz, adin eta toki ezberdinetako jendearengana joan dira, baina betiere inguruko herrietako jendearengana. Belaunaldi gazteek teknika ezberdinak erabiltzen badituzte ere, nabarmenena hizkuntzak izandako aldaketa dela dio egileak, betiere txarrerako: «Nabarmentzekoa da modu batean edo bestean, tokian tokiko euskarak izan duen atzerapena». Izan ere, tokiko hitz asko erabiltzeari utzi diote, eta hitz asko orokortu egin dira.
Erremeixuak izena jarri diote lanari, ez dituztelako sendabelarrak bakarrik aztertu; garai bateko erremedioak aztertu dituzte. «Ikusi ahal izan dugunaren arabera, sendabelarrek indar handia daukate, baina fedeak ere rol garrantzitsua jokatzen du», zuzendariaren esanetan. Bestalde, baserri eta mendietan dauden konjuro gurutzeak edo kazkabarraren kontra egiten ziren erritu eta abarrak ere agertzen dira lanean. Paganismoaren seinale zirela dio DVDaren sortzaileak. Baina Euskal Herrira Eliza iritsi zenean, errito horiek hartu eta bereganatu egin zituen, horren inguruko dena kristautuz.
«Hamabi lagun elkarrizketatuta, ezin dugu esan Euskal Herri osoko erremedio guztiak bildu ditugunik. Toki guztietan egin beharko lirateke horrelako azterketak», Narbaizak dioenez.
Mendez mende, ahoz aho erakutsia
'Èrremeixuak' DVDa kaleratu du Bergarako lagun talde batek. Garai bateko erremedioek daukaten balioa erakutsi eta hizkuntzaren aberastasunak azaleratu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu