Asteburuko proposamenak

Mendi mutilen egunak gogorarazteko

Mendi Mutilen Eguna ospatuko dute gaur Arantzan, ofizio horrek herrian zuen indarra gogorarazteko

Inigo Astiz
2011ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Memoria ariketa bat da, baina baita ospakizuna ere. Garai batean asko ziren Arantzan (Nafarroa) mendi mutil lanetan aritzen ziren gazteak. Gehienak, kasik. Eta, horregatik, herritarrek gogoratzen dutenez, udaberritik negura bitartean, hustu egiten zen herria. Joan egiten ziren denak mendira, basora joateko garaia heltzen zenean. Pirinioetara, Irati aldera edo Alpeetara joaten ziren Arantzatik. Ez gutxi, gainera, 120 gazte aritu omen ziren inoiz, guztira, lan horietan. Eguberri alderako bueltatzen ziren etxera, eta festa izaten zuten, horregatik. Urtarrilaren 6an, Errege egunean. Hori da, hain zuzen ere, gaur ospatuko duten Mendi Mutilen Egunarekin gogorarazi nahi duten festa.

Denborarekin behera egin zuen lanbide horrek, eta festa antolatzeko ohiturari eutsi egin bazitzaion ere, urte luzez desagertu egin zen egutegietatik egun berezi hura. Aterpe jatetxeko Lucio Zugarramurdik, baina, berreskuratu egin zuen ohitura, 1984an, eta urtero izan zuten festa herrian, 2001era arte. Eten egin zen orduan berriz ohitura, baina iaz berpiztu zuten.

Egun osoko festa izango dute aurten ere, horregatik. Aizkolarien saioa izango da goizean herriko pilotalekuan, eta trikitilariak arituko dira ondoren giroa alaitzen. Bazkaria izango da gero Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariekin, eta omenaldia egingo zaio bazkalondoan Esteban Irigoieni, herrian apaiz egondakoari eta Nafarroako euskarazko lehen irratietako baten sortzaile izandakoari.

MENDI MUTILEN EGUNA

Zer. Aizkolariak, bertsolariak, trikitilariak, bazkaria eta Esteban Irigoieni omenaldia.

Non. Arantzan (Nafarroa).

Noiz. Gaur, egun osoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.