Zarautz, Hernani, Elorrio, Urretxu eta Zumarraga, Ondarroa, Getxo eta Asteasu. Udazkenarekin batera ohikoak izaten dira bateko eta besteko elkarteek antolatutako mendi asteak. Proiekzioak eta hitzaldiak izaten dira jardunaldiotako ardatza, eta mendiaz epelean gozatzeko bidea ematen dute. Hurrengo asterako, besteak beste, Zarautzen, Hernanin, Elorrion, Ondarroan eta Asteasun iragarri dituzte emanaldiak; hilaren 22tik 28rako astean, berriz, Urretxu eta Zumarragan eta Getxon hartuko diete lekukoa.
Zarauzko Pagoetaren abentura astea Lorentxo Portularrumek eta Begoña Arriolak hasiko dute, astelehenean, La Palma, uharte polita proiekzioarekin. Asteartean, Asier Aranzabalek eta Mila Gallastegik Kaxmir eta Ladakh-eko Himalaia ezezaguna eskainiko dute, eta asteazkenean, berriz,Migel Angel Otsoak eta Imanol Diaz de Garaiok, La Tadradt. Emanaldietan azkena Aitziber Saroberena izango da: Islandia. Proiekzio guztiak Pagoeta elkartean dira, 20:00etan.
Ondarroako Aurreraren mendi astea GPS ikastaroarekin hasiko dute. Asteartean eta ostegunean saio teorikoak izango dira, eta larunbatean praktikoa. Emanaldiak datorren astean izango dira.
Elorrioko Erdella elkarteak prestatutako egitaraua plurala da. Iratitik Ordesara emanaldia eskainiko du Aitor Casadok, astelehenean; Jatun Chacua ikus-entzunezkoa Koldo Zubimendik eta Iker Iriondok, asteartean; eta Escaladas en el Karakorum Mikel Zabalzak, asteazkenean. Hiru emanaldi horiek kultur etxean dira, 19:30ean. Ostegunean 1.000 milla ikus-entzunezkoa eskainiko du Urdin Ugartek, Arriola kultur aretoan, eta Andeetako gailurretan Alderrai proiekzioa Eider Elizegik, ostiralean —kultur etxean, 19:30ean—.
Alberto Iñurrategi, Asteasun
Hernaniko Mendiriz Mendi elkartearen astea izaten da udazkenean hutsik egiten ez duenetakoa. Emanaldiei dagokienez, Felipe Uriarteren Shesheren herrialdean proiekzioa eskainiko dute, astelehenean; Aljeria, Libia eta Niger izango dituzte hizpide asteartean Migel Angel Otsoa de Aldak eta Imanol Diaz de Garaiok, La Tadrat lanarekin; asteazkenean Uda eta negua Eslovenian proiekzioa emango dute Imanol Telletxeak eta Maria Eugenia Eguzkizak. Elkarteko kideen emanaldiekin bukatuko dute astea. Proiekzioak 19:30ean dira, Biteri kultur etxean.
Asteasuko Sagain elkartearen astean, Asier Izagirre eta Alberto Iñurrategi izango dira. Izagirrek Kangchenjunga mendia izango du hizpide, asteazkenean, eta Iñurrategik Gure Himalaya eskainiko du, ostiralean. Udaletxean dira bi saioak, 20:00etan.
Mendi topaketak, nonahi
Datozen asteetarako emanaldi eta ikastaroak antolatu dituzte hainbat elkartek; Zarautzen, Hernanin, Elorrion, Asteasun eta Ondarroan hurrengo astean dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu