MENDIA. ALPEAK. Eiger, bide tenteenetik

Robert Jasper eta Roger Schaelik Eigerko 'Superdiretissima' bideari puntu gorria jarri diote. Duela 40 urte Japoniako talde batek irekia, era askean eskalatzeke zegoen.

2009ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Eiger mendiaren iparraldeko hormak ez du inor hotzepel uzten. Suitzako Alpeen bihotzean dago Eiger mendia (3.970), eta azken ehun urteetako eskalada eta tragedia sonatuenetako hainbat ia bi mila metroko hormatzar horretan gertatu dira. Robert Jasper suitzarrak eta Roger Schaeli alemaniarrak zailtasunean beste urrats bat egin dute berriki Eigerren, ipar hormako Superdiretissima edo Japoniarren bidea era askean eskalatuta. Lau egunean kateatu zuten 1.800 metroko bidea, eta tartean 8a eta M5 zailtasuneko pasarteak gainditu zituzten eta, bide batez, ipar hormako biderik zailenari puntu gorria jarri.

Eigerren ipar horma eskalatzen aurrenak Heinrich Harrer, Anderl Heckmair, Ludwig Voerg eta Fritz Kasparek izan ziren, 1938ko uztailean. Bi sokaldiziren, alemaniarra bata eta austriarra bestea, baina tontorrera bidean elkarrekin osatu zuten azken zatia. Berrogei urtean atzera eginda, 1969an ireki zuten Superdiretissima edo Japoniarren bidea Takio Kato, Michiko Imai, Yasuo Kato, Satoru Negishi, Susumu Kubo eta Hiromufi Amanok. Aitzindari haiek hilabete pasatu zuten horman zintzilik, harik eta behetik goraino eskalatu zuten arte. Lan nekeza izan zuten japoniarrek, baina gailurrera iritsi nahi zuten kosta ahala kosta, eta helburua lortu zuten. Eskalada modu astunean osatu zuten, ehunka metro soka jarri eta berrehundik gora iltze baliatuta. Japoniarrek irekitako bide hori era askean eskalatzea aspaldian zuen buruan Robert Jasperrek. 1991n saiatu zen estreinakoz, eta bideko zatirik zailenak librean eskalatzea benetako erronka zela ondorioztatu zuen. Schaeli, berriz, 2002ko neguan saiatu zen lehenengo aldiz, eta Simon Anthamatten sokalagun zuela 2003ko udan.

Rote Fluh izeneko 200 metroko tartea da bideko zatirik zailenaJasperren hitzetan. Eigerko ipar horma Yosemite ia halako bi da altueran, eta zati erabakigarria, zulo txiki eta heldulekurik apenas duen eremua, hormaren bihotzean dago. Erronkazaleak dira Jasper eta Schaeli, eta udan indarrak batu zituzten bidea librean eskalatu eta Supertiretissima-ri puntu gorria jartzeko helburuarekin.

Abuztuaren 28an ekin zioten eskalatzeari. Bero egiten zuen, zero gradu, «beroegi Eigerren ipar horma izateko». Rote Fluh zatia eskalatu nahi zuten eremuan urak utzitako aztarnak ikus zitezkeen. «Irristakor egongo zela pentsatuta, saiatzeak merezi ote zuen pentsarazi zigun». Horiek hala, ahalegin bat baino gehiago egin zituzten Rote Fluh-en gora, eta azkenerako gainditu zuten: «Heldulekuetako asko hezeak zeuden. Luzerik zailenetako bi eskalatzen katu oinak nekez itsasten ziren harkaitzera, eta behatz ia izoztuak ahal bezainbeste estutu genituen miniaturazko heldulekuetan. Igotzeko nahiak eta irrikak bultzatu gintuen aurrera egiten, eta hirugarren ahaleginean eskalatu nuen luzerik zailena», oroitu du pasartea Jasperrek.

Gailurreko eguna

Bigarren egunean, abuztuaren 29an, eguraldi txarra izan zuten eta denda txikiaren babesean egin zuten eguna, horman. Arratsalde eta gau partean giroa aldatu zen; jarraitzeko aukera zuten. «Kopetako argia jarri eta gauez hasi ginen eskalatzen. Bigarren elur zatia garaiz pasatu genuen, eta azken horma handian sartu ginen. Zati gogorra zetorkigun: Pilare hautsia. Ia inolako aseguru eta babesgunerik jartzea uzten ez duen harkaitz hautsia da. Japoniarrek zulatutako kakogailu batzuk baino ez aseguratzeko. Urte luzeetan hormaren zati horretan erori diren harkaitz zatiez oroitu ginen; eta guri ere erortzen hasi zitzaizkigun. Abenturatik gora egin zuen egoerak, akaso. Harri batek nire kaskoa jo zuen, baina, zorionez, ez zuen hautsi», oroitu ditu Jasperrek une zail haiek.

Abuztuaren azken egunarekin batera eskalatu zuten hormaren azken zatia. Schaeli arduratu zen luzerik zailenetako bat eskalatzeaz, eta gora egin ahala bidearen zailtasuna arindu zitzaien. Ilunabarra gertu zela, eguzkiaren azken printzekin iritsi ziren Eiger mendiaren tontorrera. Gainditua zuten ipar hormako biderik tenteena.



Eiger mendiarenipar horma,Alpeetako 'ogroa'

Alpinismoaren bilakaeran badira izen eta sona handiko mendi eta hormak. Ipar aurpegiei erreparatuta, hiru izan ziren eskalatzaileek Alpeetan gainditu zituzten azken arazoak: Cervino, Jorasses Handiak eta Eiger. Eta hiru hormatzar horien artean, Eigerren iparra izan zen gainditzen azkena, Alpeetako ogroa. Eiger izena -ogroa, alemanez- ez baitzioten alferrik jarri. 30eko urteetan benetako lehia izan zen ia bi mila metroko horma nork lehenengo eskalatuko. Asko izan ziren ahaleginak, eta asko hormak harrapatuta bertatik irten ezinda geratutako eskalatzaileak. Hainbat liburu, film eta musika kantak erreferentzia zuzena egiten diote hormari; gertukoetan Doctor Deseo taldearen La cara norte del Eiger kantak, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.