I. Kilometro Bertikala jokatuko da igandean Arrazolatik abiatu eta Anboto tontorrean bukatu; mila metrotik gorako desnibela, 3,8 kilometroko tartean.
Ekaitz Agirre
Donostia
Ukaezina da mendi lasterketek azken urteotan hartu duten indarra. Euskal Herrian ere bada nolabaiteko sukarra lasterketen inguruan. Batean eta bestean antolatzen diren probetan parte hartzen duten mendizale eta lasterkarien kopuruari erreparatzea baino ez dago horretaz jabetzeko. Lasterketa gehienak, ordea, distantzia luzekoak izaten dira; maratoiak -42.195 km-, maratoi erdiak -21,092 km- eta bi distantzia horien artekoak. Erresistentzia ezaugarri duten probak. Brinean mendi lasterketa taldeak erronka berri bat jarri du iganderako, Gara egunkariaren babesarekin: Anbotoko I. Kilometro Bertikala.
Orain artean Euskal Herrian inoiz antolatu gabeko lasterketa mota da kilometro bertikala. Proba laburra izaten da, ikusgarria, eta mendiaren oinaren eta tontorraren arteko ibilbide zuzenena ahalik eta azkarren osatzea da kontua. Bost kilometro inguruan 1.000 metroko desnibela gainditu ohi da lasterketa horietan. Labur azalduta, mendiko abiadura lasterketa modukoa dira. Inguruotan nekez aurki daiteke Anboto bezain mendi aproposik halakoetarako. Atxondoko (Bizkaia) Arrazola auzoan hasi eta Anboto tontorrean bukatu, beldurtzeko malda izango dute aurretik lasterkariek, edonor lehertzekoa: 1.092 metroko desnibela, 3,8 kilometroko tartean.
Lasterkariak banan-banan abiatuko dira Arrazolatik, 30 segundoko tartean. Arrazolako elizaren paretik Atxekoa auzora doan zementuzko bidea hartuko dute. Handik Zabaletarantz joko dute, eta Frailearen ertzaren eskuineko aldetik bat egingo dute Arrazolako hilerritik datorren bidezidorrarekin. Anbotoko tontor azpian daudela, zuzen-zuzen joko dute hara, eta heldu baino metro batzuk lehenago Frailetik datorren ertzetik iritsiko dira tontorrera. Han bukatuko da lasterketa, Anbotoko buzoiaren parean. Handik Zabalaundira jaitsiko dira indarrak berritzera, lasterketatik kanpo betiere.
PARTE-HARTZE HANDIA. Herri proba bada ere, goi mailako lasterkariek parte hartuko dute igandeko lasterketan. Beste beste, irteeran izango dira Espainiako txapeldun Raul Garcia, Jessed Hernandez-5. Munduko Kopan-, Mario Llorens, Corinne Favre... Euskal Herriko lasterkari onentsuenetako askok ere parte hartuko dute: Zuhaitz Ezpeleta, Fernando Etxegarai, Alizia Romero, Oihana Azkorbebeitia... Brinean elkartekoen asmoa parte-hartzaile kopurua 150 lagunekoa izatea zen, baina eskari handia aintzat hartuta ia 200 lasterkariri egin diete tartea.
Kilometro bertikala estreinakoz antolatu duten arren, antzeko ibilbidean Gaizka Itzak 40 minuturen bueltan osatu zuen igoera dute erreferentzia antolatzaileek. Euskal Mendizale Federazioak bultzatutako taldeko hautatzailea da Itza, eta denbora hori igandean hobetuko dutela uste du. Lasterkarientzat probaren gogortasunaren parekoa izango da ikusleentzat ikuskizuna.
Brinean, mendia eta korrika bidelagun
Anbotoko kilometro bertikala Brinean mendi lasterketa taldearen burutazioa izan da. Erronka berriak atsegin dituen mendizale eta korrikalari talde batek sortu zuen Brinean elkartea, 2006ko ekainean. Europako beste herrialde batzuetan indar hartzen hasiak ziren mendi lasterketei Euskal Herrian bultzada ematea zuten helburuetako bat. «Zornotzan dugu elkartearen egoitza, baina inguruko zenbait herri eta elkartetako lagunek osatzen dugu. Betidanik mendia gustatu zaigu, eta mendi lasterketek batu gaituzte», argitu du Brinean taldeko Asier Kortak.Lagun taldea osatzeak Euskal Herriko lasterketetan ez ezik nazioartekoetan parte hartzeko aukera ere eman die. Horiek horrela, Alpeetan, Pirinioetan eta beste hainbat mendikatetan antolatutako lasterketetan parte hartu dute. «Hamabost bat lagunek osatzen dugu taldea, eta, Euskal Herriko mendi lasterketetan ez ezik, mendi martxetan ere parte hartzen dugu. Kanpora ere irteten gara; dela Mont Blanceko ultra maratoira edo beste lasterketa askotara», dio Kortak.
Baina Brinean elkartekoek beren lasterketa ere nahi zuten, eta Aramotz mendi lasterketa antolatzea izan zuten lehenengo egitekoa, 2007an -Euskal Herriko Kopako proba izango da aurtengoa, uztailaren 6an-. Kilometro bertikal bat gure mendietan antolatzea izan dute bigarren egitekoa, eta horretarako, noski, nekez aurkituko zuten Anbotoren pareko mendirik.