Gorrixka kolorekoak, granitozkoak, dotoreak. Halakoak dira Madagaskarko Tsaranoro mendiguneko hormak. Kondairek diotenez, mendi haiei begira jarri zirenengan mendiek sorrarazitako miresmen malkoei esker hazi eta tentetu ziren harritzarrok. Azken urteetan sona hartu dute herrialde hartako hormek eta, besteak beste, Zazpi Horma Zazpi Kontinente egitasmoaren barruan, Iker eta Eneko Pou anaiek Madagaskar aukeratu zuten Afrikako urratsa egiteko. Tsaranoroko Bravo les Filles bidea eskalatu zuten, 2004ko uztailean, Afrikako biderik zailena.
Zailtasunari erreparatuz gero, apalagoa da herrialde hartatik Alberto Urtasun nafarrak eta Mikel Lazaro espainiarrak dakarten proposamena. Himalayako hotz eta haizeaz aspertuta, Afrikako beroaren bila jo dute udan. Madagaskarrek haiengan arrastoa utzi du, eta eskalatzaileek ere haiena utzi dute Tsaranoroko hormetan: Mahity Bolom-Bava, 300 metro eta 7a+ zailtasuna duen bidea.
Eskaladarako aukera asko eskaintzen du Madagaskarrek. 200 eta 800 metro arteko horma asko dago, eta bada zer eskalatu eta zer ireki. «Irekita dauden bide klasikoak eskalatzea gozamena da; baina horietara joateaz gain, guk bagenuen bide bat irekitzeko asmoa», azaldu du Urtasunek. Bideari Mahity Bolom-Bava izena jarri diote, Bizarraren bidea. Badu azalpena. «Madagaskarreko biztanleei bizarrak arreta deitzen die; haiek apenas duten ilerik gorputzean, eta haurrek, batez ere, etengabe erreparatzen zioten gure hilabeteko bizarrari». Aurrez, Indian edota beste herrialderen batean ireki dituzten bideei bertako herri eta herritarrekin lotura duten izenak jarri dizkiete, eta bide horretatik jo dute orain ere.
Mendiaren ekialdeko aurpegia zeharkatzen du bideak. «Eskalada elegantea iruditu zaigu, hormaren eremu horretan bide logikoena iruditu zitzaigun». Hiru egun behar izan zituzten irekitzeko, eta eskalada granitozko horman gora osatu zuten. «Erdibiderik ez dago Tsaranoroko hormatan: helduleku gutxi duten horma etzanak edo bertikaltasun handia duten hormak daude», azaldu du Urtasunek. Ireki berri dutenak lehenengotik du gehiago: «Plaka etzana da, eta behatz gutxi batzuentzako heldulekuak ditu. Gustuko eskalada dugu hori».
Madagaskarko egonaldian beste hainbat eskalada ere osatu zituzten, eta bigarren bide bat irekitzeko modua ere izan zuten: Woodstock, hori ere Vatovarindryn. «Zailtasun apalagoko bidea da, errazagoa. 250 metro inguruko luzera du, eta 6b-ko zailtasuna. Pilartxo Aranaz ere aritu zen gurekin», argitu du Urtasunek.
MENDIA. Bizarrari gorazarre
Alberto Urtasunek eta Mikel Lazarok bide dotorea ireki dute Madagaskarreko Vatovarindry mendian: 'Mahity Bolom-Bava', 300 metro eta 7a+ mailako bidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu