Hombres, paisajes y montañas ez baita biografia hutsa, ez eta eskalada eta igotako mendien kontakizun eta deskribapen soila. «Osotasun baten parte baino ez dira eskaladak; zentzurik ez du horietara mugatzeak. Munduko edozein mendikatetara iritsi aurretik, inguru hartako herriak, kulturak eta jendeak ezagutu ditut. Haien berri ematea ezinbestekoa zait, aberasgarria». Beriaindik Etxaurira, Pirinioetatik Alpeetara, Hoggarreko basamortutik Groenlandiako izotzera... «Leku guztiek dute zer ikusia eta guztietatik ikasi dut».
Mendirako bidea gaztetatik hartu zuen Bidaurretak, eta Beriainera eta Etxaurira 17 urterekin egindako irteerak ditu abiapuntu liburuak. «Gazteak berezkoa du zentzugabetasuna», eta modu horretara egindako irteerak izan omen ziren Beriain eta Etxaurikoa. «Hori bai, bizitza osorako arrastoa utzi zidaten. Bidea ezagutu gabe Iruñetik bakarrik irten eta Beriaineraino joatea, eta Etxauriko Huso igotzea, aurretik inoiz eskalatu ez nuenean... Garai hartan ausardia behar zen halakoetarako», oroitu ditu Bidaurretak gaztetako ibiliak.
ETXAURITIK MUNDU ZABALERA. Hurbileko mendietatik egin zuen urrunagokoetara jauzi. Europako Mendiak aurrena, Pedriza ondoren, Pirinioak... «Nola aldatu diren garaiak. Egun Himalayara joatea baino abentura handiagoa zen guretzat Pirinioetara irteera bat prestatzea», oroitu du. «Gogoan dut Ordesara lehen aldiz joan nintzenekoa, kamioi batean egin nuen bidaia. Mundu berri eta zirraragarria ezagutu nituen: Perdido, Tozal del Mallo... ezagutzarik ez genuen, baina esango nuke egun Alpeetara edo Himalayara joaten diren mendizaleek baino ilusio handiagoz bizi genituela guk bidaia eta eskalada haiek». Egun klasikoak diren bide asko eta asko eskalatu zituen Pirinioetan 60ko eta 70eko urteetan: Gaubeko korridorea (1967), Ansabereko ipar orratza (1969)... «Oso jende gutxi genbiltzan orduan. Pentsa, Midi d' Ossau mendian Julio Villarrekin eskalatu nuenean, adibidez, gu bakar-bakarrik ginen; mendia eta gu».
Pirinioetako eskarmentuaren atzetik iritsi ziren Alpeetako irteerak ere: Cervino dotorea (1970), Bernina... «Nora joan behar da munduko mendi ederrena ezagutzeko?», galdetzen du Bidaurretak liburuko pasarte batean. Erantzuna ere botatzen du, jarraian: «Ez dago Himalaya urrunera joan beharrik, Europaren bihotzean dago, Suitza eta Italia artean».
Geografikoki jauzi handienak izan zituen hurrengoak, erabat antagonikoak. «Aljeriako Hoggar basamortura joan eta tuaregak ezagutzea, eta eskimalak Groenlandian. Aniztasuna hain da handia munduan...». Afrikara eta Hego Amerikara joaten aitzindarietakoa izan zen Daniel Bidaurreta. Urteek aurrera egin arren, mendiarekiko sua ez zaio oraindik itzali. Mertxe Azanza emaztearekin 2000ko urteetan Himalayara egindako azken trekkingak dira horren lekuko. Haien guztien lekukotza goxoak bildu ditu, besteak beste, liburuan.
Husoko argazkiberezi hura bihotzean
Eskalatzailearentzat ezinbesteko erreferentzia da Etxauri, eta Bidaurretari Etxauriko Huso ezagunean Eugenio Vizcayk atera zion argazkia klasikoa bihurtu da denboraren joan-etorriarekin. 1958ko iraila zen, eta lehen aldia zuen Bidaurretak Huson. Sokari ere estreinakoz lotu zitzaion egun hartan, aurretiazko esperientziarik gabe: «Nire eskalada bataioa izan zen. Lepoa jokatu nuen, 19 urterekin egin ohi diren erokeria horietakoa izan zen». Lehen aldia izan zuen Huson; ez azkena. Carlos Velazquez sokalagun, 2006an itzuli zen orratz tente eta ikusgarriaren tontorrera, 68 urterekin. «Ordukoan, ordea, ez nintzen ni izan sokan lehena». Zuri-beltzeko argazki zahar bezain ikusgarria estimu handitan du.FITxa
Izenburua: 'Hombres, paisajes y montañas'.Edizioa: Sua.
Egilea: Daniel Bidaurreta.
Orrialdeak: 160.
Salneurria: 15 euro