Helmugara iritsi aurretik urrats asko egin behar ditu ibiltariak. Aurrenekoa, ordea,izena ematea izaten du. Uda atarian eman zuen Beasaingo (Gipuzkoa) Arrastaka elkarteak Ehun Miliak iraupen luzeko zeharkaldiaren berri, Euskal Herrian antolatu den ibilaldirik luzeena. Probaren egunak urruna zirudien orduan, eta urruna dirudi orain ere; 2010eko uztailaren 16an jokatuko da. Bertan parte hartu nahi dutenek, ordea, asteartetik aurrera dute ibilaldiko lehenengo urratsa egiteko aukera. Izena emateko epea abenduaren 1arekin batera irekiko dute, eta antolatzaileak eguna noiz iritsi zain daude probak ibiltarien artean duen harrera ikusteko.
Lehen aldia izaki, bi ibilbide prestatu dituzte Arrastaka elkartekoek: 167 kilometroko Ehun Miliak izenekoa eta 86 kilometroko Goierriko Bi Handiak. Internet bidez eman behar da izena baterako nahiz besterako, Internet bidez: www.ehunmilak.com. Zeharkaldi luzean parte hartzeko 120 euro ordaindu behar da; motzean irteteko, aldiz, 75 euro. Behin webgunean izena emanda, 72 orduko epean egin behar da ordainketa, antolakuntzak jakinarazitako kontu korronte batean. «Ibilaldian arazoren bat izanez gero mediku asegurua, ibilaldiko jan-edanak, autobus zerbitzuak, ibilaldiak zeharkatuko dituen herrietako kiroldegietan sartzeko aukera... Webgunean jakinaraziko dugu prezioaren barnean zer sartzen den zehatz-mehatz», argitu du antolakuntzako kide Mikel Valdivielsok.
Aldaketa txiki batzuk
Ibilaldi bakoitzeko muga mila lasterkari izango dira. «Interesa piztu duela badakigu, baina lehenengo aldia denez ezin dugu aurreikusi zenbat jendek hartuko duen parte. Motzera jendea etorriko dela uste dugu, eta luzerako 300 edo 400 ibiltarik izena ematearekin pozik geundeke», dio Arrastaka elkarteko Valdivielsok. Iraupen luzeko trail-ek arrakasta handia dute Europako hainbat herrialdetan, eta kanpotik jendea etorriko dela ere uste dute antolatzaileek.
Bi lasterketek Beasain dute irteera eta helmuga. Ehun Miliak proban parte hartzen dutenak 18:00etan abiatuko dira, uztailaren 16an, eta 48 orduko epea izango dute 167 kilometroko ibilbidea osatzeko. Bidean Izazpe, Irimo, Erlo, Hernio, Txindoki, Ganboa eta Aizkorri igoko dituzte, besteak beste. 167 kilometro eta 12.500 metroko desnibela gainditu beharrekoa.
Goierriko Bi Handiak ibilaldian aldaketa batzuk egin dituzte antolatzaileek. Irteera ordua, esaterako, aldatu dute; 23:00etan abiatuko dira. Zenbaki dantza xumeagoa izanagatik zeharkaldi gogorra da: 86 kilometro eta 6.500 metroko desnibela. Txindoki eta Aizkorri lotzen ditu, eta 22 orduko epea dago bukatzeko.
MENDIA. Ehun Miliak osatzeko lehen urratsa
Asteartean irekiko da Ehun Miliak iraupen luzeko zeharkaldian izena emateko epea; 2010eko uztailean jokatuko da Euskal Herrian antolatutako ibilaldirik luzeena: 167 kilometro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu