MENDIA. Eiger muturrekoa

Robert Jasper eta Roger Schaeli alpinistek 'John Harlin' bidea eskalatu dute estilo librean, Eiger mendiaren ipar hormako izotz eta harkaitz bide entzutetsua.

2010eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ez zioten alferrik jarri mendiari Eiger izena: ogroa, alemanez. Suitzako Alpeetan dago, eta mendiaren iparraldeko ia bi mila metroko hormak egin du ezagun. Asko izan dira hormak harrapatuta handik irten ezinda geratutako eskalatzaileak. Ogro-an gora egin dute orain ere berea Robert Jasper eta Roger Schaelik. Eiger mendiko Superdiretissima edo Japoniarren bidea era askean eskalatu zuten iaz, ipar hormako biderik zuzenena. Eiger iparreko beste bide entzutetsuetako bati jarri diote orain puntu gorria: John Harlin bideari -hura bukatzen den lekutik tontorreraino Heckmair bidetik irten ziren-.

Hiru egun behar izan zituzten 1.800 metroko harkaitz eta izotz bidea gainditzeko (M8, 7a, E5), eta beste egun bat jaisteko. Bidea 1966an ireki zuen John Harlinek, eta orduko hartan horma eskalatzeko jarri zituzten iltze eta pitoiak horman zeuden oraindik ere. Horiek saihestu eta iltzerik eta bestelako elementu artifizialik gabe eskalatu izana da Jasperrek eta Schaelik ekarri duten berrikuntza; estilo aske eta garbian eskalatu dute bidea.

Tragedia baten lekuko

John Harlin alpinistari egiten dio gorazarre bideak. 1960an eskalatu zuen estreinakoz Eiger mendiaren ipar horma Harlinek, eta hura izan zen halakorik lortzen AEBetako lehenengo eskalatzailea. Sei urte geroago itzuli zen horma hartara, 1966an, eta Jasperrek eta Schaelik gainditu berri duten zirrikitutik igo zen; jaisten ari zela hil zen, soka hautsi eta mendian behera erorita.

Gertaera hura oinarri, The Eiger Obsession: Facing the Mountain That Killed My Father liburua idatzi zuen hildakoaren seme John Harlinek 2007an -American Alpine Journal -eko editorea da Harlin-. The Alps izeneko filma ere bultzatu zuen Harlinek, IMAX formatuan, eta pelikula filmatzeko lanetan parte hartu zuen Robert Jasperrek. Gertaera hura gertutik ezagutzeak bidea era askean eskalatzen saiatzera eraman zuen. «1990eko neguan saiatu nintzen lehen aldiz, baina ez nengoen prestatua. Beste hiru aldiz ere ahalegindu nintzen, eta igo ez arren, halakoetarako ezinbestekoa den esperientzia eta eskarmentua bildu nituen», dio Jasperrek.

Izotza eta harkaitza uztartzen ditu bideak. Arriskutsuegia da udan saiatzea; neguan, berriz, muturreko baldintzak izaten dira, handia da hotza. Horrega-tik aukeratu zuten udazken hasiera Jasperrek eta Schaelik. «Igotzeko genituen aukeren artean eta hormaren arriskuen artean oreka bilatzen saiatu gara. Ezin genuen Harlini gertatutako ezbeharra ahaztu. Familian eta alpinismoak dituen arriskuetan pentsatzeko bidea egin zigun. Emozio asko eragin dizkit igoerak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.