Egun haietan, Otxoa de Olza Annapurnatik ateratzeko egindako saioa film batean bilduko dute orain: Pura vida. Migeltxo Molina eta Pablo Iraburu dira ikus-entzunezkoaren zuzendariak, eta Nepalen izan dira berriki filmaren hainbat sekuentzia grabatzen. Mendizalea heriotzara eraman zuen gertaera, bizitzari eta bizitzeko grinari lotuko dio Pura vida-k, «Otxoa de Olzak bizitza eta mendia bizitzeko zuen grinari erreferentzia eginez».
Arena Comunicacion Visual eta Txalap.art etxeen elkarlana da Pura vida -Nomadak TX ekoitzi zuen lan taldea, hain zuzen-. Azken asteetan, Nepalenizan dira bi lan talde, irudiak hartzen. Migeltxo Molina buru zuena Katmandun eta Pokharan izan da, erreskate lanak koordinatu zituztenen lekukotzak biltzen. Pablo Iraburu, berriz, Annapurnako beheko kanpalekura joan da, mendiaren hego aurpegiko irudiak filmatzera.
Parte hartu zutenen lekukotza
Gustura itzuli dira egindako lanarekin, eta Pirinioetara joango dira orain grabaketekin jarraitzera. «Gertuko eta urruneko mendien artean irudi bidezko jolas moduko bat egin nahi dugu», argitu du Marga Gutierrezek, Arena Comunicacion Audiovisualeko ekoizpen zuzendariak.
Nepalera joan aurretik, erreskate ahaleginean parte hartu zuten mendizaleen lekukotza eta parte-hartzea izan dute filmaketan. Mingma sherparekin ere bildu ziren; Migmak urte luzez hartu zuen parte Otxoa de Olzaren espedizioetan; Otxoa de Olzaren lagun mina zen, eta hura izaten zen espedizioetako sukaldaria.
Ongi bidean, Pura vida udaberrirako prest egotea nahi dute Iraburuk eta Molinak, eta apirilerako, edizio lanak bukatuta nahi dituzte. Hala balitz, estreinaldirako hainbat aukera aztertzen ari dira. Donostiako Zinemaldian estreinatzea izan dezakete aukeratako bat, aurrez Nomadak TX dokumentalarekin egin zuten bezala, baina zuzendariek ez dute baztertzen Berlinen edota Cannesen aurkeztea.
Iñaki Otxoa de Olzaren ezbeharrak zirrara eragin zuen. Annapurnara igotzeko saioan ziren Horia Colibasanu eta biak, eta tontorretik gertu zirela buelta ematea erabaki zuen nafarrak. Laugarren kanpalekura jaitsi ziren, 7.600 metrora, eta ondoezik sentitu zen Otxoa de Olza, birikako edema zantzuekin. Alferrekoa izan zen hura bizirik ateratzeko saioa.
Iñaki Otxoa de Olzaren inguruanekoitzitako hirugarren ikus-entzunezkoa
Mendian izan zuen ibilbide dotoreagatik bainoago, zuen izaeragatik eta bizitza eta mendizaletasuna ulertzeko moduagatik zuen estimutan jende askok Iñaki Otxoa de Olza. Haren heriotzaren ondoren, La voz de Iñaki (Iñakiren ahotsa) dokumentalean bildu zuten mendizalearen bizi-filosofia hori, 2008an. Irrati, telebista, hitzaldi eta emanaldietan esandakoekin osatu zuten lana, Otxoa de Olzaren beraren ahotsa ardatz hartuta. Erreskate ahaleginaren inguruko dokumental bat ekoitzi zuten hurrena Canal Plus telebistarako, eta oihartzun handia izan zuen -Bartzelonako entrenatzaile Josep Guardiolak jokalariak motibatzeko baliatu zuen dokumentala, adiskidetasun eta talde lanaren eredugarri-. Pura vida izango da hirugarren ikus-entzunezkoa.Pablo Iraburu.'Pura vida' filmaren zuzendarietako bat
«Kontakizun hutsetik harago joan nahi dugu»
E. Agirre.Nepaldik itzuli berria da Pura vida ekoizten ari den lan taldea. Pirinioetan jarraituko dute orain grabaketarekin. Ondoren hasiko dituzte edizio eta produkzio lanak, eta, ongi bidean, apirilerako prest izango da Migeltxo Molinak eta Pablo Iraburuk zuzendutako lana. Pantaila handian ikusi ahal izateko, 2011ko uda bukaera arte edo udazkena iritsi arte itxaron beharko da.
Zer moduz joan da Nepalgo grabaketa lana?
Ongi joan da, eguraldiak baldintzatuta betiere. Bi lan talde joan gara Nepalera. Annapurnako beheko kanpalekuan izan gara batzuk, mendiaren irudiak hartzen, eta Katmandun eta Pokharan besteak, erreskate lanak koordinatu zituztenen lekukotzak biltzen. Aberasgarria izan da, gertaera lazgarriaren ingurua ezagutzeko aukera izan dugulako, eta bertako jendearekin bizitzeko modua izan dugulako. Ni Annapurnako beheko kanpalekuan izan nintzen, eta Iñakirekin nuen gertutasunagatik hunkitu egin ninduen han egoteak.
Erreskate ahaleginaren kontakizun hutsa izango al da Pura vida?
Erreskate ahalegina kontatuko dugu, bertatik bertara jarraitu eta saioan parte hartu zutenen lekukotzekin. Baina egun haietako gertaerak baliatu nahi ditugu menditik harago doazen gaien inguruan hitz egiteko: giza balioez, bizitzaz, elkartasunaz, maitasunaz, mendizaletasunaz... Annapurnan herrialde askotako pertsonek bat egin zuten, eta guztiak Iñaki Otxoa de Olzak elkartu zituen, nolabait. Mendian berak aldarrikatzen zituen balio horiek erakusteko bidea ere bada.
Pura vida tituluak berak biltzen du hori, ezta? Heriotzari bizitza kontrajarri diozue izenburuan.
Asmoa erreskate ahaleginetik eta egun haietako gertaeretatik haratago joatea baita. Iñaki gerturatzeko modua ere bada.
Erreskate ahaleginean parte hartu zuten mendizaleekin izan al zarete?
Nepalera joan aurretik, beste 11 herrialdetara bidaiatu genuen, eta mendizale guztiekin bildu ginen, banan-banan: Denis Urubkorekin, Ueli Steckekin, Don Bowierekin, Horia Colibasanurekin... Baina ez ditugu mendizaleak bakarrik elkarrizketatu. Iñakirekin espedizioetara joaten zen Mingma sherparekin izan gara; oso lagunak ziren, eta sukaldari lanak egiten zituen. Haren etxean izan gara; nola bizi diren ikusi dugu, eta haiek tarte handia izango dute filmean.
Zer bildu duzue lekukotza horietan guztietan?
Interesgarria izan da entzutea gai askoren inguruan hainbat herrialdetako pertsonek zer pentsatzen duten. Urubkoren esaldi batek biltzen du, hein batean, guztien ideia. «Mendian ez gara errusiar, italiar, poloniar, tibetar edo beste edozein herrialdetakoak. Mendian denak gara nazio berekoak, mendizaleak». Nolabaiteko elkartasun ideia bat biltzen duela uste dut. Gainerakoan, haietako bakoitzak egun haietako gertaerak nola bizi eta oroitzen dituen ere bildu dugu.
Noizko izango da prest dokumentala?
Grabaketekin bukatzeko, Nafarroako Pirinioetara joango gara, hamar egunerako. Kanpin denda jarri, eta mendien denetariko irudiak hartu nahi ditugu, time lapse teknika baliatuz: egunsentiak, gauak, eguna, hodeien joan-etorria... Udazkenak kolore aproposak ditu irudietan biltzeko. Ondoren, muntatzea, edizioa, produkzioa..., eta apirilerako bukatuta egongo da. Hala izatea nahi genuke, behintzat.
Eta noizko pentsatua duzue estreinaldia?
Oraindik erabakitzeke daukagu, eta non estreinatu zenbait aukera aztertzen ari gara. Donostiako Zinemaldian aurkeztea izan daiteke bat -Nomadak TX-ekin egin zuten bezala-, baina akaso lehenago ere edukiko dugu beste zinemaldiren batean filma estreinatzeko modua; Berlinen, esaterako.