Erakargarria da G-IV mendia mendizalearen begietara. Karakorum bisitatzen duten mendizaleak liluratzen ditu. K2ra , Broad Peakera edota Gasherbrum mendietara bidean, mendizale guztiek jarri dituzte inoiz begiak piramide perfektuan. Begiak ez ezik, oinak ere jarri dituzte G-IV mendiaren iparraldeko tontorrean Alberto Iñurrategik, Jose Carlos Tamayok, Ferran Latorrek, Juan Vallejok eta Mikel Zabalzak. Boskoteak ipar-mendebaldeko ertzetik igo du iparraldeko gailurra, 1986an Greg Child, Tom Hargis eta Tim Macartney-Snape mendizaleek igo zuten bide beretik. Ipar tontorretik gailur nagusira joan nahi zuten mendizaleek, baina ertza ez zuten zeharkatu. «Gailur nagusira iritsi ez arren, ipar gailurra zapaltzeak satisfazioa eman digu. Eskalada polita osatu dugu», laburbildu du Alberto Iñurrategik.
Erronka zaila zen. G-IV igo duten mendizale kopuruari erreparatu besterik ez dago; lau igoera eta lau bide ditu. Walter Bonatti eta Carlo Mauri italiarrek osatu zuten lehenenego igoera, 1958ko abuztuan, eta mende erdi beranduago iritsi dira tontorrera euskal mendizaleak. Tamayok hirugarren saioa zuen G-IVn; Iñurrategik bigarrena. Pakistan aldera abiatu aurretik ederki zekiten parez pare zuten erronkaren tamaina: «Mendi serioa da G-IV, etengabean harreta eskatzen duena».
Boskoteak ipar-mendebaldeko bidea aukeratu zuen. Iparraldeko tontorrera igo behar da aurrena, eta handik ertz zorrotz eta aereo bat zeharkatu behar da tontor nagusira iristeko. Al filo de lo imposible telebista saioko espediziokideek iparraldeko gailurra igo zuten -7.909 metrorekin nagusia baino 16 metro txikiagoa da-, eta han erabaki zuten beherako bidea hartu eta ertza ez zeharkatzea. Arratsaldeko laurak pasatxo iritsi ziren tontorrera, igoera luze eta gogorraren ondoren, nekeak jota. Bi edo hiru ordu behar dira behintzat bi tontorren arteko joan-etorria osatzeko. Berandu zen, «beranduegi», eta aurrera jarraitzea gehiegi arriskatzea zela erabaki zuten. «Erraza da planak egitea, eta erraza plan horiek betetzen ez direnean akatsak bilatzea. Baina mendian zaudenean errealitatea bestelakoa izaten da. Orain etxean nagoela gailur nagusira igotzen saiatu ez izana pena dela uste dut, eta bi tontorren artean hainbesteko distantziarik ez zegoela ere uste dut. Baina halako balorazioak erraz egiten dira behin etxera itzulitakoan», adierazi du Alberto Iñurrategik.
Izan ere, G-I eta G-II mendiek itzal egin diote anaia txikiagoari. Zortzi mila metrotik behera neurtzeak alpinista asko eta asko usatu ditu, baina, batez ere, mendi erraza ez izateak. «Alpinistika aldetik mendi serioa da; hutsegiterik ezin da eduki G-IV-n. Oso aereoa da bidea, tentea, eta beheko kanpalekutik irten eta gailurreraino bete-beteko arreta jartzera behartzen zaitu. Teknika aldetik ez du zailtasun handia, baina igotzeko nahiz jaisteko eduki behar da harreta: rapelatzen jaitsi behar da guztia, eta ongi prestatu behar dira rapelak».
Ia hilabetez geldirik
Luze jo zuen espedizioak. Ekainaren 3an abiatu ziren Euskal Herritik Pakistan aldera, eta uztailaren 5ean gailurrerako saioari ekiteko prest zeuden mendizaleak. Mendiko lanak azkar egin zituzten, eta bidean soka finkoak eta lehenengo hiru kanpalekuak jartzen egokitu ziren altuerara. «Egun dexente behar izan genituen soka finkoak jartzeko, baina aklimatatzeko baliatu genuen. Uztailaren 5ean prest genuen guztia, baina uztailaren 28a arte ez genuen gora igotzeko aukerarik izan». Eguraldiak erabat baldintzatu zituen mendizaleen asmoak. «Aspertu ere izugarri aspertu ginen», azaldu du Iñurrategik.
Hilaren bukaerarekin batera hasi zen hobetzen eguraldia, eta uztailaren 29an abiatu ziren gorantz, igoera aldez aurretik xehetasun guztiekin aztertu ondoren. «Planteamendua oso garbi genuen. Lehenengo egunean oinarrizko kanpalekutik bigarren kanpalekuraino igo ginen. Hurrengo egunean, hirugarrenera; hotz handia egin zuen egun hartan, baina pentsatu moduan iritsi ginen». Hirugarren kanpalekuraino jarriak zituzten soka finkoak, eta handik gorakoa zuten ezezaguna bost mendizaleek: «Ezagutzen ez genuen lekua zen, eta lan handia egin behar izan genuen, elurra baldintza txarretan zegoelako eta tarte batzuk mistoan eskalatu behar zirelako. Irten ere berandu irten ginen, 10:00etan, gau osoan eta goiz osoan haizete indartsua ibili zelako. Luze jo zuen egunak, eta berandu iritsi ginen laugarren kanpalekura».
Berandu iritsita, edateko, jateko eta atsedena hartzeko nahi beste tarterik ezin izan zuten hartu. Laugarren kanpalekua 7.500 metrotan jarri zuten, eta handik gailurrera 400 metroko igoera zuten aurretik. 04:00etan irten ziren dendako lozorrotik. «Gailurra 400 metro eskasera genuen, eta hamabi ordu behar izan genituen ipar tontorrera iristeko. Oso nekatuta eta berandu iritsi ginen, eta gau bat nola edo hala pasatzeko adina material bagenuen eta erdi bidean utzi genuen denboraz erraz iritsiko ginelakoan». Ez zen halakorik gertatu. «Izugarri nahasi zitzaigun, uste genuena baino gehiago luzatu zitzaigun. Sokaluze batean gailurrera iritsi ginela uste genuen, eta puntu hartara iritsi nintzenean ipar gailurra urruti ikusten zen oso, eta nagusia are eta urrunago. Bidez nahastu ginela edo zerbait gaizki egin genuela uste genuen, baina ezetz esango nuke. Urruti ikusten genuen tontorra».
Ertzari buruzko erreferentziak bazituzten. Jakina zuten amerikarrek lehenengo igoera osatu zutenean iparraldeko tontorrean pasatu zutela gaua eta hurrengo egunean zeharkaldia osatu eta hirugarren kanpalekura jaitsi zirela. Koreako espedizio batek ere iparraldeko gailurrean gaua pasata osatu zuen zeharkaldia. «Gu saiatu ginen, eta garbi daukat ez genuela planteamendu okerra egin; baldintza hobeak falta izan genituen iparraldeko tontorrera pare bat ordu lehenago iristeko. Dena dela, oso gustura gaude egindakoarekin; ni behintzat oso motibatuta itzuli naiz», dio Iñurrategik.
Munduaren kontraesanak ere ederki ikusi zituzten. K2n gertatutako ezbeharraren berri izan zuten -11 alpinista hil ziren-, baina gertutasun geografikoak ez du gertuko komunikazioa bermatzen. «Gailurretik jaitsitakoan jakin genuen, baina senideek telefonoz esandakoa baino ez genekien». Datu nahasiak eta zurrumurruak baino ez, mundu globalizatuaren paradoxaren isla; K2 menditik gertu egon, eta informazioa Euskal Herrian baino urrunago zuten.
Tontor nagusia igo ez arren, eskalada polita osatu dugu eta satisfazioa eman digu»
alberto iñurrategi
Mendizalea
Mendi ibilaldia
MENDIA. ESPEDIZIOAK. Eskalada dotorea piramide perfektuan
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Bizkaia
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Mañaria, Mendiola, Atxarte, Elosu lepoa, Untzillatx, Martin Deuna
- Distantzia: 9,7 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Durangaldeko harribitxiari itzulia eman, eta harrobiak mendiari egindako haginkadak ikusteko aukera izango dugu.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu