MENDIA. HIMALAYA. Zirrikitua Nuptseko hego horman

Stephane Benoist eta Patrice Glairon-Rappaz frantziarrek beste bide bat ireki dute Nuptse mendiaren (7.864) hego aurpegi tentean; estilo alpinoan, hiru egunean gainditu dute 2.000 metroko hormatzarra.

2008ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Alpinista ororen ametsa da munduan barrena dauden mendi eta horma handi eta ederrenetakoren batean bide bat irekitzea. Urriaren 29an, hiru egunez Nuptse mendiaren hego aurpegiarekin borrokatu ondoren, ametsa bete dugu; estilo alpinoan igo eta oinak Nuptseko tontorrean jarri ditugu». Stephane Benoist eta Patrice Glairon-Rappaz alpinisten hitzak dira. Aspaldian zuten ametsetik esnatu dira bi mendizaleak, eta Nuptseren hego aurpegian orain arteko hirugarren bidea ireki dute.

Eta bikoteak zuen ametsaren tamaina ez zen nolanahikoa.Nuptse mendia Khumbu bailaran zutitzen da, eta hego aurpegiak sei kilometroko zabalera du eta 2.000 metroko garaiera. Everest gertu duen arren, mendizale ororen begirada erakartzen du horma tente eta erraldoiak. Benoist eta Glairon-Rappaz eskarmentu handiko alpinistak dira, eta horma hori aspaldian zuten begiz joa: «Eskalatzeke dauden bide eta eremu asko daude Nuptseren hegoan; guk hormaren bihotzean dagoen bat genuen buruan. Urteetan eskalatu ondoren izan dugun bilakaera logikoari jarraiki beste urrats bat egitea zen eta, noski, estilo alpinoan eskalatu nahi genuen. Saiatzeko prest geunden». Alex MacIntyre alpinistaren hitzak zituzten gidari: «Gailurra dugu anbizio; bidea obsesio». Stephane Benoistek and Patrice Glairon-Rappazek Nuptse zuten anbizio, eta hego horman begiz jotako zirrikitua obsesio. Lau eguneko jardueraren emaitza izan da Are you experienced? bidea; 2.000 metro luze eta 90&fraq14;-ko pasarteak dituena (M5). «Alpinista ibilbidean bildu dugun eskarmentu eta energia guztia ematera behartu gaituen esperientzia izan da», laburbildu dute eskalatzaileek.

Ama Dablam mendian girotu ondoren, urriaren 27arekin abiatu ziren Nuptse mendian gora. «Oinarrizko kanpalekutik goizeko ordu bietan abiatu ginen, oso baldintza gogorretan; zorionez, baina, haizeak tarteka barealdiak izaten zituen, eta hurrengo egunetarako eguraldi prebisioak aldeko genituen». Lehenengo gaua 6.500 metrotan pasatu zuten, hormako izotzean zulatutako koba txikian, eta bigarren egunean beste 300 metro eskalatu zituzten izotz horma tenteetan. Bi alpinisten usteen aurka, handik gora izan zituzten pasarterik zailenetakoak: «7.000 eta 7.100 metro arteko eremua errazagoa izango zelakoan ginen, baina bertan izan genituen zatirik zailenak. Mendian gauzak ez dira beti aurreikusi bezalakoak», azaldu dute.

Tontorrerako azken zatiari ekin aurretik, sokak eta beharrezko ez zutena 7.100 metrotan utzi zuten. «Azken elur malda pikoa ahalik eta azkarren igo nahi genuen, denbora aurrera zihoalako, eta 19:00etan iritsi ginen tontorrera. Hotz handia egiten zuen, eta beherako bidea hartu genuen». Jaitsieran utzitako materiala jaso eta beste 300 metro rapelatu zituzten, bigarren bibaka prestatu aurretik -02:45ean hartu zuten atseden-.Hilaren 29an horma izoztua jaitsi eta iritsi ziren oinarrizko kanpalekura. Ametsa beteta.

Goi mailako alpinisten lekuko

Eskarmentu handiko alpinistak dira Benoist eta Glairon-Rappaz. 2003an Indiako Thalay Sagar mendiaren ipar-ekialdeko horman ireki zuten bidea urte hartako Urrezko Pioleta irabazteko hautagaietako bat izan zen. Valery Babanovek eta Juri Koshelenkok eraman zuten saria, Nuptsen bertan osatu zuten eskaladarengatik: Nuptse Shar (7.084) -ekialdeko Nuptse- mendia igo eta hegoaldeko pilarearen lehenengo igoera osatu zuten. Glairon-Rappaz 2006an ere saiatu zen Nuptsen, eta 2005ean Frantziako Mendi Federazioaren eskutik antolatutako espediziokide gisa bide dotorea ireki zuten bi alpinistek Chomo Lonzo (7.500) mendian: Goulotte, 1.100 metroko bidea. Urrezko Pioleta sarirako hautagaietako bat izan ziren urte hartan ere.

Zazpi mila metrotik gora zutitzen diren zazpi tontorrek osatzen dute Nuptse, eta Everest bi kilometro eskasera du. Sona eta historia handiko mendizaleen bilgunea izan da azken hamarkadetan. 1961ean igo zuten Dennis Davis eta Tashi sherpak mendiaren tontor garaiena: 7.861m. Joseph Walmsley zen espedizio hartako burua, eta maiatzaren 16an jo zuten gailurra bi mendizaleek. Espedizioa, ordea, ez zen igoera horretara mugatu. Egun bat geroago, Nuptse mendia hegoaldeko hormatzarretik igo zuten Chris Bonnington, Jim Swallow, Les Brown eta Pemba sherpak.

Hormatzarraren erakargarritasunari ez diote uko egin oraingo alpinista trebatuenetako askok, eta anbizio handiko proiektu eta egitasmoen lekuko izan da Nuptse. Izotzean gora eskalatu dute, besteak beste, Marko Prezlj, Steve House eta Jeff Lowek. Valery Babanovek hiru saio behar izan zituen ekialdeko Nuptse hegoaldeko horma horretatik igotzeko; 2002. urtean bakarrik joan zen eta ondorengoetan Vladimir Suviga eta Juri Koshelenkorekin -azken horrekin gainditu zuen horma, zazpi egunez eskalatzen jardun ondoren-.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.