MENDIA. HORMA HANDIAK. Pou anaien trilogia Alpeetan

Suitzako Wendenstock mendiguneko 'Zahir' bidea eskalatuta, Alpeetako biderik gogorrenetako hiru kateatu dituzte udan Iker eta Eneko Pou anaiek; 'Solo per vecchi guerrieri' eta 'Panaroma' dira beste biak, Dolomitetan.

Gasteiz
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bizikleta gainean beharrean, katu oinak, soka eta arnesa jantzita osatu dute Alpeetako itzuli berezia Iker eta Eneko Pou anaiek. Horma handietako zeharkaldia izan da, eta Alpeetako biderik gogorrenetako hiru kateatu dituzte hiru hilabete pasatxoren buruan. Lehenengo urratsa Italiako Dolomitetan egin zuten, ekainean, Solo per vecchi guerrieri eskalatuta, eta Alex Huberrek irekitako Panaroma-n bigarrena, Dolomitetan hori ere, Tre Cime di Lavaredon. Anbizio handiko erronkaZahir eskalatuta biribildu dute, Suitzako Oberland eskualdean.

«Gure ametsik onenean ere ez genuen halakorik espero. Alpeetako hiru biderik zailenak direla uste dut, eta uda bakarrean hirurak eskalatu izana gure ibilbidean lorpen handia da», laburbildu du egindakoaren garrantzia Eneko Pouk. Isilean eraman dute proiektua, nora joatekoak ziren aurrez iragarri gabe: «Jakin bagenekien erronka zaila genuela, eta ez genuen garbi lortzeko modua izango genuen. Asko pentsatu dugu, ez dugu ezer aurrez iragarri nahi izan, eta hormak banan-banan eskalatu ahala joan gara haien berri ematen, presioaren zama ez geniolako gehitu nahi eskaladen zailtasunari».

Bada, anaiek nabarmendu duten datu bat: hiru bideak eskalatzeko behar izan duten egun kopurua, hiru edo lau bide bakoitzeko. «Zerikusirik ez du bide bat ireki eta eskalatzeak bide hori berriz eskalatzearekin. Aldez aurretik informazio bat bagenuen, eta hori garrantzitsua da. Baina hartu dugun mailaren adierazgarri ere bada», dio Enekok.

'Orbayu' aldarrikatzeko modua

Alpeetako erronkarekin bazuten beste helburu bat: iaz Europako Mendietako Urriellu Haitzean ireki zuten Orbayu bidea aldarrikatzea. Poutarrek 8c+/9a zailtasuna iradoki zuten Orbayu-rentzat, horma handietako bide bati jarritako zailtasun maila gorena. Europako Mendiek, ordea, ez dute Alpeen eta Yosemiteren sona eta izena eskalatzaile askoren begietara. Alpinismoaren sehaska dira Alpeak, eta haien itzalpean geratzen dira beste hainbat mendikate.

Poutarrak, beraz, erreferentzia bila joan dira Alpeetara, hango bide gogorrenak Orbayu-rekin alderatzera. Alpeetatik itzulita, Orbayu-ren zailtasuna berretsi dute, eta beste inork eskalatu zain daude, haren iritzia ezagutzeko. Urtea pasatu da, eta inor ez da saiatu. «Nicolas Favressek bideagatik galdetu du; ea inor saiatzen den».





Zanolla, Huber eta Kamerlander aitzindariak ispilu eta solaskide

Kirol alorra garrantzitsua izanagatik, haien espedizio eta bidaietan mendiarekin lotutako balioak aintzat hartzen saiatzen dira Iker eta Eneko Pou. Alpeetan egindako sartu-irtenak, eskalatzeko ez ezik, bide horiek ireki zituzten aitzindariekin biltzeko ere baliatu dituzte. «Haiekin hitz egin nahi genuen, eskalatutako bideen inguruan, haien ibilbideaz, eskaladaz, alpinismoaren balioez. Guretzat ispilua izan dira, eta hala dira orain ere», dio Ikerrek. Manolo Zanollarekin izan ziren aurrena, eta Alex Huberrekin ondoren. Beat Kamerlanderrekin izan zuten azken solasaldia: «Oso eskalatzaile onak dira. Beste garai bat ezagutu zuten, eta antzematen da hori. Gaur egun zailtasun handiagoko bideak eskalatu daitezke, baina haiek beste eskalatzaile sen bat dute».





Alpinismoaren sehaska dira Alpeak. Hango mendietan idatzi dira alpinismoaren historiako pasarte garrantzitsuenetako asko, horma handietako eskaladan, besteak beste.

Hiru horma, hiru eskalada

E. Agirre.

Alpeetako hormek eskaintzen duten aniztasunaren isla dira udan Iker eta Eneko Pouk eskalatu dituzten bideak. Eskalada teknikoa ezaugarri dutenak dira Solo per vecchi guerrieri eta Zahir. Sabai ezaguna gainditzeaz gain, desplome handiko bidea da Panaroma. Horratx Iker Pourenkontakizuna.

'Solo per vecchi guerrieri' (8c / 150 m.)

«Txapela kentzeko bidea ireki zuen Manolo Zanollak. Haren zigilua agerikoa da: kalitate eta zailtasun handiko bidea da, eta seguruen artean distantzia handia dago». Halaxe laburbildu du Iker Pouk Zanollak 1982an irekitako Solo per vecchi guerrieri (8c/150m.). Garai hartarako eskalatzaile aurreratua zen Zanolla, eta hari zor zaio Europan eskalatutako 8a mailako lehenengo bidea -53 urterekin 9a maila eskalatzeko gai izan da Zanolla-.

Lau egun behar izan zituzten poutarrek bidea gainditzeko, eta Dolomitetan ohikoa den eguraldia izan zuten bidelagun: aldaketa bortitzak, denbora tarte txikian. Horrek, noski, eskalada baldintzatu zien poutarrei.

«Bide bitxia iruditu zaigu, ez genuen halakoa espero. Bide teknikoa da, eta hori du zailtasuna. Beste biekin alderatuz gero, bide laburra da; lau luze ditu, baina gogorra egiten da». Izan ere, atsedenerako tarterik ez du uzten Solo per vecchi guerrieri-k. Tentea da oso, baina kalitate oneko kareharrian gora doa. Zenbaki dantza gustuko dutenentzat, horratx lau luzeen zailtasuna: 7c, 7b+/7c, 8b eta 8c.

'Panaroma'(8c / 500 m.)

Huber anaiak dituzte erreferentzietako bat Iker eta Eneko Pouk, eta Huber anaietan zaharrenak, Alex Huberrek, irekitako biderik ezagunenetakoan izan ziren uztailean. Dolomitetako Tre Cime di Lavaredo ikusgarrian arrastoa utzi zuen Huberrek Panaroma bidearekin, eta arrasto horri segika abiatu ziren poutarrak. Udako erronka nagusia zuten. Bitxia da. Inoiz Dolomitetara joan gabeak ziren, eta denbora gutxian bigarren saioa zuten Europako ingurune ederrenetako batean.

«Sekulako bidea da, hiruren artean gehien gustatu zaiguna. Harkaitza hauskorra da, baina espero genuena baino hobea da, eta eskalada oso fisikoa. Sabai ezaguna gainditzen du, eta, horretaz gain, oso bide desplomatua da. Horma handietan halako ezaugarriak dituen biderik ez genuen eskalatu». Alex Huberren arrasto agerikoa baitu Panaroma-k: iltze gutxi batzuk aseguratzeko, desplome handia eta egonkortu gabeko harkaitza. Antzekotasunik ez Solo per vecchi guerrieri-rekin: «Sabaiko bi luzeak dira bidearen ataka nagusia, 8b+ eta 8c mailakoak, baina aurreneko bost luzeak ez ziren txantxetakoak: harria oso hauskorra da, eta segurtasun gutxi ematen duten iltzeekin aseguratuta dago». Huberrek 2007ko uztailean jarri zion puntu gorria bideari -sabaia 1968an gainditu zen estreinakoz, artifizialean-, eta ordutik beste bik eskalatu dute: Iker Pouk eta Hansjorg Auer austriarrak.

Zazpi luze ditu Panaroma-k, eta handik gora 1935ean Cassinek eta Ratik irekitako bidetik jo behar da tontorrera iristeko.

'Zahir'(8b+ / 300 m.)

Alpeetako trilogia Suitzako Oberland eskualdean osatu dute. Aurrez ere ezaguna zuten inguru hura, baita Wendenstockeko Zahir bidea ere -2007an eskalatzen saiatu ziren-. «Eskalatu genezakeen ikusteko proba izan zen ordukoa. Maiz erabiltzen dugu taktika hori», dio Ikerrek.

Suitza, ordea, ez da herrialde samurra eskaladarako. Hormaren zailtasunari eta gogortasunari eguraldiaren ezegonkortasuna batzen zaio: euria sarri, bideak busti egiten dira, bidearen abiapuntura iristeko zeharkaldi luzea... «Denbora gehien behar izan dugun bidea da. Hogei egunean denetarik egin zigun: 33 graduko beroa, euria zazpi egunez, elurra... baldintza horietan ezin ginen saiatu bidea eskalatzen».

Sei urteko lana izan zuten Iwan Wolf eta Gunter Habersatter eskalatzaileek bidea irekitzen. Pou anaiek lau egunean eskalatu dute. «Oso bide tentea da, teknikoa, eta gogortasunak harritu gaitu, batez ere. Luzeetako bakoitzean seguruen arteko distantzia oso handia da, eta eroriko bat edukitzearen arrisku sentipena areagotzen du horrek».

Eskalada teknikoa izateaz gain, labana baten parekoa da harkaitza behatzentzat: «Helduleku txikiak eta zorrotzak ditu, eta azala altxatzen zitzaigun. Zahir izena zergatik jarri zioten ez dakit, baina guk fakir deitzen genion. Behatzak bendaz babestu arren, zauriak egunerokoa genituen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.