Orbayu bidearen lehenengo lau luzeak dira berriak -8a+, 8a, 8a eta 7a gradua jarri diete-, Urrielluko mendebaldeko hormako Mediterraneo eta Rabada-Navarro bideetatik sartu-irtenak baititu ondoren. Mediterraneo librean eskalatzea zen bi anaien hasierako asmoa. Artifizialean zailtasun handiko bi luze ditu Mediterraneo-k, eta horiek ematen diote, hain zuzen, Orbayu-ri muturreko zailtasuna: 8c+/9a eta 8a+. Aurrez artifizialean eskalatutako luzeak ziren, eta Pou anaiek librean gainditu dituzte orain. Soka goitik jarri eta top rop-ean eskalatu zituen Ikerrek tarte zailenak, arik eta mugimendu guztiak eskalatzea lortu zuen arte. Azken urratsa falta zuten, urratsik zailena: behetik goraino bidea librean eskalatzea. Irailaren 2an lortu zuten.
Kirol eskaladaren zailtasuna eta horma handietako eskalada uztartzen ari zarete azken urteetan. Ibilbide horretan zer garrantzia du 'Orbayu' ireki eta eskalatu izanak?
Iker: Horma handi batean era askean eskalatu dugun biderik zailena da, zalantzarik gabe. Azken urteetan librean horma luzeak eskalatzea dugu helburu, eta 500 metroko horman 8. graduko luzeak eta 8c+/9a zailtasuneko luze bat librean gainditu ditugu Orbayu-n. Teknikoki eskalada zaila izan da, egin dugun zailena, eta psikologikoki oso gogorra.
Eneko: Kirol eskaladako muturreko zailtasuna horma handi batera eramatea da erronka honen berezitasuna. Abentura kutsua ere izan du; aseguruak txarrak ziren, distantzia handia zegoen batetik bestera, eta erortzeko arriskua oso handia zen.
Hasierako asmoa Urrielluko mendebaldeko hormako Mediterraneo bidea librean eskalatzea zenuten. Zergatik aldatu zenuten plangintza?
Eneko: Mediterraneo bidearen 5. eta 6. luzeak zailtasun handikoak dira, oso gogorrak, baina gainerakoan bide lasaiagoa da. Hormari erreparatuta ohartu ginen luze berri batzuk irekitzeko nahikoa leku bazegoela, eta plangintza aldatu genuen. Lau luze berri ireki, Mediterraneo bidearen bi luzerik zailenekin bat egin, eta bertatik jarraitu eta Rabada-Navarro-tik gailurrera iritsita, bide berri bat ireki genezakeela ikusi genuen. Horma bidez josita dago, eta ia ezinezkoa da behetik gora beste bat irekitzea; guk egin dugunaren bidetik joan daiteke Urriellun etorkizuna. Orbayu-koak badu nabarmenduko nukeen beste ezaugarri bat: bidea imajinatzeko eta ikusteko izan dugun gaitasuna.
Defini ezazue, labur, Orbayu...
Iker: Sekulako bidea da, ederra.
Eneko: Horma handi batean egin dugun eskalada teknikorik garrantzitsuena da.
Hiru zatitan banatu daiteke bidea: zuek irekitako lau luzeak, Mediterraneo bidearen luzerik gogorrenak eta Rabada-Navarro bidearen azken zatia. Nolakoa da?
Iker: Zunbeltz bidearen antza du seguruei eta lurreratzeari erreparatuta, baina Orbayu zailagoa da. Zunbeltz, akaso, arriskutsuagoa izan daiteke, baina ez da hain gogorra. Ireki dugun zatiak lau luze ditu; luze gogorrak dira. Eskalada fisikoa da, horma etzan egiten delako, baina ekipamendu txarrena luzerik zailenetan izan dugu, Mediterraneo-ko bi luzeetan.
Eneko: Zunbeltz 8b+ utzi zuten, baina ordutik ez du inork errepikatu. Kontuan hartu behar da horma handietan zailtasun horretako bideak eskalatzeko gaitasuna dutenak gutxi direla. Kirol eskaladan oso maila ona behar da, eta mendian eta eskalada klasikoan eskarmentu handia. Eta psikologikoki indartsua izan behar da. Gizartean erosotasuna bilatzen dugu, ez dugu sufritu nahi, eta hori nabari da. Sakrifizioa eskatzen du, eta konpetentzia handirik ez dugu.
Iker: Bide asko dago, baina librean inor gutxi saiatzen da eskalatzen.
Zailtasun fisikoa da bat, baina halako erronka batean buruak garrantzi handia du; aseguru eskasia, eroriko handietarako arriskua, eskaladaren zailtasuna... Sokaburu izateko, Iker, nola prestatu zara psikologikoki?
Iker: Lehenengo saio baten ondoren, soka goitik jarri eta top rop-ean eskalatu nituen tarte zailenak, arik eta mugimendu guztiak eroso eskalatzea lortu nuen arte. Saio asko egin behar izan nituen, eta behin eskalatzeko gai izan nintzenean ekin nion lehenengo gisa eskalatzeari. Psikologikoki oso desberdina da modu batean edo bestean eskalatzea; ezin zara lasai erori, eta horregatik garrantzitsua da burua prestatzea.
Irailaren 2an eskalatu zenuten bidea behetik gora, estilo librean. Proiektuak, ordea, luze jo du.
Eneko: Iaz begiz jo genuen bidea izan zitekeena, eta ozta-ozta baina librean eskalatu zitekeela iruditu zitzaigun.
Iker: Ekainaren 20an iritsi eta zuzenean Mediterraneo bidera joan ginen, luzerik zailenei ekitera, baina iaz saioren bat egin genuen. Artean ez genekin beheko zatia irekitzeko modua izango ote genuen. Bosgarren luzearen lehenenengo saioa etsigarria izan zen; heldulekuak izan zitezkeenak ikusi genituen, baina mugimenduak kateatzeko aukera urrun ikusi genuen. 'Posible izango da, baina kostako zaigu, kostako zaigunez', pentsatu genuen.
Eneko: Baina hori bilatzen genuen, zailtasunaren bila joan ginen. Helburua urrun ikusteak bide eta erronka zail baten aurrean geundela ikusarazi zigun. Zailena, ordea, eskalatu behar genuen bidea ikustea izan zen.
Eskaladari ez ezik, igotzeko moduari eman diozue garrantzia. Zuen blogean ere estiloa azpimarratu duzue, artisaugileekin alderatuz, nolabait.
Eneko: Horretan hobetu dugu, bideak imajinatzeko gaitasunean. Lehen ez genuen gaitasun hori. Aurrez beste eskalatzaile batzuk irekitako bide zailak eskalatu eta errepikatzeko gai ginen, Kapitain hormako El niño, adibidez. Baina ez ginen kapaz El niño-ren gisako proiektu bat guk geuk sortzeko, eta orain urrats hori egin dugula uste dut. Orbayu ireki eta eskalatu aurretik, Orbayu ireki genezakeela ikusi dugu, bidea irudikatu dugu. Urrats handia da hori, muturreko zailtasuna duen bide bat ikustea zaila baita; eskalatu ote daitekeen edo ez, muga non dagoen zalantza izaten da.
Iker: Errazagoa da irekitako bide bat eskalatzea, informazioa eta eskema eskuratuta, adibidez. El niño eskalatzeak meritua du, baina meritu handiagoa El niño izango zena imajinatzeak.
Eneko: Ez da konparagarria, eta handinahia dela pentsa daiteke, baina jendeari ulertarazteko pinturari lotutako adibide bat jartzen ari gara. Van Goghen koadro baten kopia oso ona, ia perfektua, egin dezaketenak izango dira. Baina koadro orijinala bakarra da, sortzailearena.
Eskaladari dagokionez, Iker izaten da luze zailenak eskalatzen sokaburu. Nor da hormak eta bideak irudikatzen dituena?
Eneko: Biok gara. Mediterraneo librean eskalatzea, adibidez, niri bururatu zitzaidan, eta lehen zatian ireki ditugun lau luzeak, aldiz, Ikerren burutazioa izan ziren. Baina, akaso, nik ematen dut denbora gehiago pentsatzen, eta Ikerrek eskalatzen.
Orbayu eskalatu aurretik, zailtasuneko beste hainbat bide ere igoak dituzue Urrielluko mendebaldeko horman. Zer du erakargarri paretak?
Iker: Europako horma onenetakoa dela esango nuke, kalitate oso oneko kareharria du. Pentsa, 500 metro luze da, eta etxetik gertu daukagu, gainera. Guretzat ia bigarren etxea da, eta zer eskalatu asko dugu oraindik.
Eneko: Nik uste jendeari ezagutarazi behar diogula mendian zailtasuna ez dagoela altuerari lotuta. Jarduera baten zailtasuna bideak zehazten du, ez altuerak. Himalayara joatea, esaterako, ez da goi mailako aktibitate baten sinonimoa. Goi mailako jarduerak egin daitezke Himalayan, baina egun oso jende gutxik egiten ditu. 1970eko eta 80ko urteetan Tximist espedizioan Everestera joan zirenak, adibidez, Euskal Herriko eskalatzaile onenak ziren, indartsuenak. Eta jende askok uste du, ordukoa gogoan, egun joaten direnak ere eskalatzaile onenak direla, eta ez da hala. Pioleta eta kranpoiak inoiz jantzi ez eta Himalayara joaten denak egindakoa dena delakoa izango da, baina ez da alpinismoa. Jendeari horretaz ohartarazi behar genioke.
Aurrerantzean bide beretik jarraituko al duzue?
Iker: Denetarik probatzen jarraituko dugu, baina bi norabidetan, batez ere: abentura kutsua duten jarduerak -Antartikan edo Argentinako Chañi Chico mendian egindakoaren bidetik- eta jarduera teknikoagoak uztartzen.
Eneko: Bietan molda gaitezkeela ikusi dugu. Zailtasunean zerbait eman dezakegula ikusten dugun artean jarraituko dugu.