Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Arbailako misterioen barrena

MENDIA. IBILBIDEA. Arbailako misterioen barrena.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Gamere, Okoiko zuloa, Otsibarreko lepoa, Koskarteko karbea, Etxeberriko karbea
  • Distantzia: 13 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Gamere-Zihiga herriko lurretan osatuko dugu gaurko txangoa, eta haitzulo, harpe eta leize artean gure mitologiaren urratsetan ibilaraziko gaitu Laminen xendak.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Gamere herriko (Zuberoa) errebote txikia izango dugu abiapuntu, Agerria ostatu-jatetxearen parean (200 m). Ostatuaren saihets batean jarritako pankarta batean zehaztuta dago ibilbidea, Laminen xendan zehar topatuko ditugun haitzulo, harpe eta leize guztien kokagunea emana delarik. Ibilbide osoa tinda horizko markekin seinalatuta dagoela ere jakitekoa da.

Gamere Agerriako lurretan, Laminen zuloa leku nahiko ezagunera joango gara. Ostatu horretan, sendabide bainuak egiten zituzten garaietako ur sufredunak ur sorgune misteriotsu horietatik bideratzen zituzten Agerriaraino. Misteriotsuak bai, ur begi horietatik batean ura epel ateratzen baita, eta albokoan, berriz, hotz. Laminek, beraz, ur hotza eta beroa gozatzen dute, aspalditik!

Laminen xendatik, bidezidorrak, urritz eta gaztainondoen artean, gorantz eramaiten gaitu; batzuetan sigi-saga, batzuetan ordokian, batzuetan seko zut, kate bat ere lagungarri dugula. Larre batean gora egin ondoren, eta Gamereri bizkarra emanda, berriz ere zuhaizpean sartuko gara, eta aldapa gogorrenak han jarritako soka baten laguntzaz garaitu ostean, Okoiko leizera iritsiko gara. Aurrera eginda, gero eta gehiago nabarituko dugu Arbailako geologia berezia. Borda oso polit baten albotik igaro ondoren, xenda miresgarri batek eramanen gaitu larre ordoki batera. Hemendik aurrera, Xiberoko xendak gidaliburuan zehaztua den Otsibarreko mehaka ibilbidea jarraituko dugu, zati batean.

Liluragarria da, Otsibarreko mehaka edo nabaren gora, urritz eta gaztainondoen itzalpean Otsibarreko lepoaraino laguntzen gaituen xenda hori. Gure arbasoen sineste zaharren magiaz beteko zaizkigu gogo eta bihotzak. Otsibarreko lepora iritsirik, beste xenda batean 200 bat metro atzera egitea komeni da Apoloborroko harpe ederra miresteko. Barrura ere sartzen ahal da, arriskurik gabe. Harpearen goialdean, Maide Korralea sineste zaharretako ospakizun gune hunkigarria hortxe dago, milurtetakoen jakile isila.

Otsibarreko lepora heldurik, bidean seinalatutako ibilbidea jarraitzea da seguruena. Mapa bat irakurtzen dakitenek, ordea, Apoloborroa etxaldearen goialdetik igaro daitezke, Elixaltborda baserriaren behealderat lehenik, eta Sorondoa etxe hustuaren ingurura gero joatekotan, azken batean Asketako etxe zaharrera iristearren. Xenda seinalatuari jarraitu diotenak ere Asketara helduko dira. Egoiliarrik gabe baina laborari batek baliatzen duen etxe horretatik aitzina joanda, Laminen xendak Koskarteko haitzulo politera eramanen gaitu. Harpe ikertzaile frantses-hiztunek Grotte Bijou deitu diote... beraiek agian dakite zergatik!

Pasabide miragarria

Koskarteko harpetik gora egin ondoren, laster helduko gara leku zoragarri batera. Abailako kareharrian artzainek egindako pasabide miragarri batetatik igaroko gara. Euskal Herrian egongo den edertasun ezkutuetatik bat da, zalantzarik gabe. Aitzinatu beharrean, bazkaleku bat zeharkatuko dugu, eta ekialdera behera egiten hasiko gara, maldaren altzoan daukagularik Zihiga herrixka. Segurtasun arrazoiengatik, Bexankako leize izugarriaren seinalea kendu dute. Haatik, ikusi nahi duenak jakin beza baso ertzean bertan dagoela, Lehista zuloa seinalatzen duen pankartatik ehun bat metro gorago, alboan zurezko aterpe bat daukalarik.

Bexankari behako bat emanik ala ez, Laminen xendako azken altxorrari ez zaio huts egin behar. Hau da, soro baten gainean aurkitzen den eta hesi batez inguratua den Etxeberriko karbea. Pankartak daramatzan harri meta baten goialdean dago, grotte gisa soilik seinalatuta dagoelarik. Tamaina handiko harpe bat da, eta barrura sar gaitezka arriskurik gabe. Lekuak liluraz beteko gaitu, irudituko zaigularik laminak, ezkutuan, guri soz dauzkagula.

Harri metara eta pankartetara bueltaturik, Zihiga norabidea hartuko dugu. Zihigako herrixka politaren saihetsetik pasatuko gara, baina balio du bertaratzeak, hango hilerrietan Euskal Herri osoan ospea bildu zuen Louis Ligueix koblakari gazte zenduaren -39 urte soilik zituen- hilobia topatuko dugularik. Gamererako bidea harturik, Zihigarekin erdibidean eraikia den eskola ikusiko dugu, Frantziako Hezkunde Nazionalak aurten bertan itxi duena. Gamereko errebotera heldurik, Agerria ostatuan egin daiteke laminekiko egonaldi goxoa.



Erdaldunak harpeeta leizeetakoizen emaile

Zuberoako Arbailan, mendialdean eta San Martiko harriko aldean, harpe-ikertzaile ugari ibiltzen dira aspaldidanik. Kobazulo eta leizetan barrena ibiltzea laket zaien jende horietatik asko Euskal Herritik kanpokoak dira. Hori ez da huts bat, jakina... bai, ordea, ikertu dituzten harpe edo zuloei eurek asmatutako erdarazko izenak emaitea, leku horiek euskarazko izenik bazutenez jakiteaz batere kezkatu gabe! Horretako dira IGN mapetan izen xelebreak irakurtzen, hala nola: grotte Bijou (Koskarteko harpea), trou souffleur, grotte de l'ours eta gouffre de la tête sauvage... Jende horiek zer esango lukete gu geu euren bizilekuetara joango bagina eta euskarazko izenak jarriko han? Horrelako galderik, ziur asko, ez zaie sekula ere gogora etorri...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.