Artikutza inguratzen duten mendien magaletan esekitzen diren baso trinko eta sakonetan ezkutatzen dira iraganaren lekuko isilak. Haran estuen bihotzean murgiltzen bagara, egun naturaren altzoan lokarturik dauden istorioen pasarteak irakurri ahal izango ditugu, eta errekastoen urek zizelatu dituzten paraje horiek ezagutuz gero, ohartuko gara mendeetan izan duten garrantziaz. Garai bateko jardueren aztarnak aurkituko ditugu bazter guztietan, baita misterioz betetako inguruak ere. Ibilaldiaren lehen zatia Nafarroako bidetik bete dugu, Oarsoaldeko herriak, Arantza eta Ezkurra bailarako herriak elkartzen zituen antzinako bidean zehar hain zuzen ere. Ondoren, Artikutzako erraietan murgildu eta haren altxor batzuk ezagutzeko aukera izan dugu.
Eskasetik Izura
Artikutzako sarreran dagoen begiralearen etxearen ondotik atera (Eskas), eta, berehala, basoan murgildu gara marka zuriak eta horiak segituz. Orbelak estaltzen dituen sustraiekin erne ibili behar dugun, baina pinu, pago eta izeien artean zabaltzen den bidea oso erosoa da. Enobietako urtegian beren urak isurtzen dituzten errekasto batzuk igaro eta Burnaiztietako lepora jaitsi aurretik gorosti ale bikain batzuen ondotik pasatu gara. Burdin Aroko mairubaratz baten aztarnak gertu. Artikutzako lurretan jarraitu dugu, eta Bidango gaina saihestuz eskuinera zabaltzen den bideari heldu diogu. Almendruitzeko atakaren ondora jaitsi, eta alanbrezko hesiaren ondoan dauden «ehiztarien habien» paraleloan jarraituz Pagolletako lepora heldu gara. Orreagako mugarria bide bazterrean.
Antzina, lurralde hauek Orreagako Errege Etxearen eta haren Ospitale Nagusiaren menpe egon ziren. Egun, barrutiko hainbat lekutan monasterio ospetsuaren irudia den makulua landurik duten ehun mugarritik gora daude oraindik. XIX. mendean, Mendizabal eta Esparteroren Desamortizazio legearen arabera, lurralde hauek besterendu egin zituzten, eta, ondorioz, hurrengo urteetan jabez maiz aldatu ere. Beraz, esan daiteke, XIII. mendetik XIX. mendera arte barruti osoa Orreagako Santa Maria Kolejiata Errealaren eskutan egon zela, eta garai hartan eman zela Artikutzako balio naturalen ustiaketarik handiena, mende horietan sortu baitziren burdinaren metalurgia gunerik garrantzitsuenak.
Pagolleta atzean utzi, eta, berehala, pagadian aldapan gora hasi gara. Puntu honetara heltzean bi aukera ditugu: Izuren magala zeharkatzen duen xendatik (marka zuriak eta horiak) igotzen hasi edo hesiaren beste aldetik tontorreraino igo. Bigarrena aukeratu dugu. Amekorrungo atakan hesia igaro, Artikutzako lurretatik atera eta haren ondotik ateratzen den xenda jarraitu dugu maldan gora. Berehala iritsi gara tontorrera, eta bertan dira erpin geodesikoa eta Itsastarra mendi elkarteak jarritako gutunontzia. Arantza herria eta horren zirkoa osatzen duten mendi ezagun batzuk aurrez aurre: Apaola, Mendaur, Mendieder, Ekaitza... eta urrutiago Pirinioak. Behatoki bikaina!
Izutik Artikutzara
Izuko tontorrari bizkarra eman, hesia gainditu eta berriro Artikutzako lurretan sartu gara. Xendatik beherantz egin dugu lehen utzitako bide seinaleen bila. Bidegurutzean, eskuinerantz joz gero, Pagolletara jaitsiko ginateke, ezkerrera, berriz, Barazar aldera. Guk aurrean dugun bidezidorrari eutsi diogu, eta Urdallueko harana parean dugularik pagadian murgildu gara. Gertu, landaretzak ezkutatutako monumentu megalitikoak. Pinu gorrien landaketara heltzean bidea zabaldu egin da, eta Lizarrurdiñetara iristean pista hartu dugu. Aldapa pikoak ez du etenik, eta erraz egin dugu beherantz. Bihurgunean pista utzi, eta basoan zehar jaisten jarraitu dugu. Jaitsiera nahikoa malkartsua gertatu zaigu, baina berehala ohartu gara urtegia gertu dugula, aterpetxea gure begien aurrean agertu baita. Artikutzara jaisteko, ezkerrerantz doan pista utzi, eta aurrez aurre ikusi dugun xenda hartuz urtegiaren pareten ondotik pasatu eta berehala gara San Agustin ermitan.
Gaur egun, eremu hori mantentzeko familia gutxi batzuk baino ez dira bizi. Artikutzako antzinako burdinola izan zenaren inguruan eraiki ziren etxe batzuk: Olajaundi, Ostatu Zarra, Almandoz, Olazar eta Bekoetxe. Beste batzuk, berriz, geroagokoak dira: San Agustin kapera, zentral elektriko txiki bat, barrakoiak, ikuztegia, zubiak, txaletak eta udaleko aterpea.
Artikutzatik Eskasera
Hamaiketakoa egin eta atseden txiki bat hartu ostean, martxan jarri gara. Hemen ere bi aukera ditugu: burdinbide zaharraren bidetik igo edo Erroiarritik barrena. Biak ala biak ederrak. Guk Erroiarritik igotzea erabaki dugu, eta, horretarako, porlanezko bide malkartsutik aterpetxea dagoen lekuraino igo gara. Berehala, metalezko hesia gainditu, eta urtegia inguratzen duen pista utzi dugu ezkerretik ateratzen den bidea hartuz. Igoera txiki baten ostean, Legarzuritan haritz amerikarrez osatutako baso berritze bat zeharkatu dugu, eta Elizmendi inguruan, berriz, gorosti eta hagin ale bikainak ikusteko parada izan dugu. Xenda estuak Erroiarriko ur-jauziaren gain aldera eraman gaitu, eta gure ezkerrera, bidetik at, balkoi natural batetik ur-jauzia ikusteko aukera eman digu.
Erreka gainditzeko egurrezko zubitxoa pasatu, eta Eskaspera iritsi gara. Isiltasuna nagusi da goroldioz jantzitako pago zaharren erreinu honetan. Igoera piko batek egurrezko panel informatibo baten ondora eraman gaitu. Pagadian zabaltzen den bide zabala jarraituz, auzora jaisten den errepidera atera gara, ornodunen panela eta egurrezko seinaleak dauden lekura, hain zuzen. Eskaseko atezaindegia gertu. Akabo!
Mendi ibilaldia
Artikutzako mugetatik erraietara
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Artikutza, Eskas, Burnaiztieta, Pagolleta, Izu, Eizmendi
- Distantzia: 16,5 km.
- Iraupena: 4 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Garai bateko jardueren aztarnak ea misterioz betetako txokoak topatuko ditugu Artikutzan osatuko dugun ibilaldian.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu