Urizaharra hiribildua Arabako Mendialdeko eskualdean dago. Hara hurbilduko gara ibilbide honi hasiera emateko xedez. Gasteizko mendatea zeharkatuta, laster batean iritsiko gara eliza monumentala eta harresi interesgarriak dituen herri liluragarri horretara. Autoa errepide ondoan utziko dugu, bisitarako egokitua dagoen errota eta okindegitik hurbil. Asfalto gainean egingo ditugu lehen urratsak, herri alderantz egingo bagenu bezala. Bihurgunera iristean, ordea, ezkerraldean ikusiko dugun basabidetik ekin eta Lotzaranzko bidea hartuko dugu. Nolanahi ere, ez dugu bide horretatik denbora luzerik emango; izan ere, lehen bidegurutzean ezkerrera hartu beharko dugu, PR-A 76 ibilbide laburrak adierazi legez.
Haitz harrigarriak
Inglares erreka gainetik igaro eta metro gutxira ezkerrera joko dugu; Santiamako sakanean gora egiten hasiko gara orduan. Langa bat zeharkatuko dugu aurrerago, sakan estuak arroilaren itxura hartzen duen lekuan, hain justu. Bospasei minutu geroago, bigarren langa gurutzatu, eta gorago dagoen ur baltsara joko dugu zuzen-zuzen. Igoera xumea denez, hezegune artifizialera ziztu bizian iritsiko gara. Ur kubeta ezkerraldetik inguratuko dugu eta, bide nagusitik irten gabe, bigarrenera iritsiko gara. Eskuinaldetik doan zerbitzurako pista lagun, uraren ondo-ondotik segituko dugu, desnibelaz apenas ohartu gabe. Ur baltsaz bestaldera iristean, hiru basabide ikusiko ditugu. Eskuinetik gora eta gora egiten duen bidea lehenetsiko dugu han; izan ere, Pelada muinoko lepoan haitz bitxi batzuk altxatzen dira eta, bertaratzeko asmoa baitugu, ezinbesteko zaigu goratasuna hartzea. Ipar-ipuruak, arrosak eta erkametz xumeak lagun, lepora iritsiko gara laster. Peladak erpin geodesikoa duenez, muinoa identifikatzea erraz egingo zaigu. Toloño eta Gasteizko mendiak bete-betean harrapatzeko leku estrategikoa da.
Lepoan, berriz, Picos izena hartzen duen gandor bitxiari errepara diezaiokegu: haitz harrigarri batzuk ikusiko ditugu han, bide ondoan, den-denak Santiama sakanera begira. Mira eginda geratzeko moduko ikuskizuna. Belarrez jantzitako bideari segituko diogu jarraian, ipar-ekialderantz. Jaitsiera xumea egin ondoren, Baroja eta Lotza herriak lotzen dituen basabidera iritsiko gara. Bidegurutze horretara heldu aurretik, baina, harri bitxi bat ikusteko parada dugu. Harrigarria bada ere, monolito baten antzera dago,inguruan beste harririk ez duela, eta eder-eder gailentzen da magalean, zerutik erori izan balitz bezala.
Harri hustutik Gaztelura
Lotzako basabidean ezkerrera egin eta Barojako Peña Hueca haitzulo artifizialerako bideari ekingo diogu. Goratasuna galtzen hasiko gara eta, kable elektrikoen azpitik bi aldiz pasatu ondoren, Trebiñuko bazterretara begira jarriko gaituen lepo batera igoko gara. Basabide nagusitik irteteko unea da; ezkerrera jo eta mendebaldera egitekoa, alegia. Bidebanatze horretan, haitz puska interesgarri bat ikusteko aukera izango dugu: haitzulo artifiziala da, eta hilobi batzuek eta beste haitzulo apalagoek osatzen duten Erdi Aroko monasterio bateko elementu multzoari dagokio. Haitzulo nagusiak aho erraldoi bat erakusten badu ere, ez dugu barrunbea bidetik ikusiko, sarrera hegoaldera begira dago eta.
Bisita egin ostean, bide nagusira igo, eta, lehen esan bezala, muinoz muino hasiko gara ibili goxoan. Beraz, Santiamako ibarrera jaitsi gabe. Larre zabala zeharkatuko dugu ondoren, eta, basora iristean, ate metaliko bat. Gurutzatu eta hogei metrora, zidor balizatua bazter utziko dugu, eta zeharka-meharka jarraituko. Bidea harriztatzen da berehala, eta basoan barrena ederki lagunduko digu. Jaisten hasiko gara tupustean. Bihurgune itxian Barojarako bidea utzi, eta ezkerreko basabidetik segituko dugu. Goratasuna hartzeari ekingo diogu berriz ere. Bidebanatze bat ikusiko dugu artadian, hots, Barojatik datorren PR zidorreko pintura arrastoak berriz agertzen diren lekuan. Ezkerreko bidea lagata, zuzen jarraituko dugu eta lepo xume batera igo. Lepoko langa igaro gabe, usoak ehizatzeko postu baten ondoko hesia igaroko dugu. Gero, ezkerrera egin eta hurrengo postura iritsi aurretik, eskuinera hartuko dugu behera egiten hasteko xedez. Zidorra eta PR lagun, Bigurriako magalak zeharkatzen hasiko gara. Ibilbide korapilotsua denez, markei segitzea da zentzuzkoena.
Basotik irtetean, aukera polita dugu Pagoeta herria eta Moraza mendia ikusteko. Baita, Inglares ibaiak ireki duen Bergantzuranzko hustubide ederraz gozatzeko ere. Basoan barrena sigi-sagaka ibili ondoren, behialako Urizaharra gazteluko ekialdeko lepora iritsiko gara. Gora egiteko gonbita egingo digu bidexkak. Edozelan ere, ez gara tontorreraino igoko. Gainaldea inguratuz, Urizaharreko baselizaraino jarraituko dugu (harri hondarrak besterik ez daude). Historialariek diotenez, Urizaharra herriko jatorrizko kokapena talaia eder horretan egongo zen.
Baselizaren omenez altxaturiko gurutzearen ondotik igaro eta behera egiten hasiko gara, noranzkoa aldatu gabe. Jaitsiera lasaia egingo dugu Urizaharreko okindegiaren ondoko zubiraino.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Baroja eta Lotzako haitz bitxiak
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Urizaharra, Baroja, Lotza, Peña Hueca
- Distantzia: 10,2 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
- Ingurunea: Haitzulo artifizial ugari daude Araban, eta horietako batzuek itxura bitxia dute; Baroja eta Lotza herri ingurukoek, esaterako. Horien bila egingo ditugu urratsak.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu