Laborantza alorren artean dago Lakidain, San Martin elizaren inguruan bildutako harri horma eta harlanduzko lauzpabost etxez osatutako herrixka (660 m). Aranguren ibarrean eta udalerrian dago, garaien kokaturik. Errepidearen amaieran herriko sarreran ezkerrera dagoen aparkalekutik abiatzen den pistatik gora ekin behar diozue bideari. Ordura arte seinalerik aurkitu ez baduzue, zaudete lasai; gora zoaztela, hilerri parean topatuko duzue lehen panela, eguneratuago bat aurrerago, eta beste hainbat seinale ibilbidean zehar, bidegurutzeetan batik bat. Lizasoain ibarreko Lerrutz herrira doan bidea utziko duzue ezkerrera, eta Irulegi gaztelua seinalea duten beste pare bat bide adar eskuinera. Itzuleran izango duzue horietako batetik jaisteko aukera, eta, beraz, segi pista zabal eta nagusian gora, baita autoentzat debekaturik dagoela adierazten duen katea igaro eta gero ere.
Soro baten aurrean jarraipenik gabe pistaren amaierara iritsiko zarete laster (760 m). Seinaleari kasu egin orduan: biratu eta zidorrean gora Lakidain tontorraren mendebaldeko pagadian barneratu. Mendiaren beheko zatian pinu gorria eta larizio pinuaren sailak dira nagusi, baina gora igo ahala, bertako pagadia eta erkametza nagusitzen dira, ezpelarekin nahasturik. Ibarreko Ilundain, Gongora eta Labiokoekin batera, Iruñerritik gertuen dauden pagadiak dituzue horiek. Basoak eskaintzen duen edertasuna eta lasaitasuna lagun, zati lau batera iritsiko zarete, eta azken maldari heldu eta gainditu ondoren, goialdean, ikuspegia zabalduko zaizue (860 m). Hortik ikusi ahal izango duzue lehenengoz, pareko muinoaren gainean, Irulegi gaztelua. Erdiko sakonunea gainditu, gazteluaren lehen hesiaren arrastoak atzean utzi eta gazteluan zarete (893 m).
Itzulerarako bi aukera
Baina arduraz jokatu! Bertako seinaleak dioen moduan, duela urte pare bat ekin zieten gazteluko indusketei, eta lanak oraindik ez dira amaitu. Gazteluaren oinarria eta hormak primeran ageri dira, baina pareta horien egonkortze lanak egiteke daude oraindik. Noaingo Kojon Prieto mendi taldearen buzoi bat ere badago goialdean, eta benetan ikuspegi zabala, nonahira begiratuta ere. Iruñerriko etxetzarrak primeran ikusten dira urrutian, baita Arangurengo zabortegia ere, gertuago, eta beste aldera begiratuz gero, Eguesibar, Lizoainibar, Urrotz eta Itzagaondoko labore soroetako kolore marroixka nagusitzen da nafar Pirinioetako, Itzaga eta Elomendiko gailur nagusien aurrean. Jaso burua eta ikusmiraz gozatu.
Itzuleran ez duzue zertan igotako bide bera ibili. Jaitsi belardira lehenik, utzi eskuinean igoeran basotik atera zareten tokia eta segi aurrera gainaldeko bidetik. Laster helduko zarete bidebanatzera, eta hor, aukeratu egin beharko duzue jaisteko bi proposamenetik bat. Lehen aukera, laburrena, dakarzuen bide horri eustea da. Izan ere, gurdibide horrek oinezkoen bide zahar baten arrastoei jarraitzen die eta, une batean bihurgune bat emateko banatzen badira ere, elkarren ondoan doaz behera, zuzenean Lakidainera iritsi arte (660 m).
Bigarrena aukeratuz gero, zatozten bidea eskuinean utzi eta, marka zuri-gorria bidelagun, ezkerrera irteten den zidorrari eutsi. Maldan behera azkar jaisten da Idoateko Potxe deritzon lepora (715m). Handik, Ilundain Lizarraga eta Idoaterekin lotzen duen mendi pista igarotzen da, baina zirkulazioa autoentzat debekaturik dago. Lepoan bertan duzue Lakidainera eramango zaituzten bidearen hasiera. Zehar-zehar askorik jaitsi gabe doa bidea, erkameztia nagusi den basoan barrena. Pinudi batean duzue tentuz ibili beharreko bidegurutze bakarra, ez baitago oso garbi adierazita zein den Lakidainerako bidea. Daramazuen bideak bihurgunea eman eta behera nabarmen egiten duenean, eskuinera jo behar duzue zuek. Basotik irten eta higadurak sorturiko karkabak eskuinean eta laborantza alorrak ezkerrean dituzuela, bistan agertuko zaizkizue Lakidaineko etxeak (660 m).
Irulegi gazteluaren historia
Duela bost bat urte igo izan bagina, gain biribil eta belartsu gisa deskribatuko genuen gailurra. Egun, ordea, duela urte pare batetik hona Arangurengo Udalak egindako indusketa lanek Burdin Aroko oppidum edo herrixka bateko harriak berrerabiliz Iruñeko erresumaren babesean eraikitako gaztelua utzi dute agerian. Hasierako gotorlekua bideak zaintzeko zen, VIII. eta IX. mendeetan hain ohikoak izan ziren musulmanen edo frankoen sarraldiei aurre egiteko asmoz. Horretaz gain, duen kokapen estrategikoa zela eta, ikus-seinaleak bidali ahal izango zizkien bai gertuko mendilerroetan kokatutako beste gotorlekuei, bai Iruñerriaz harantzagoko talaietakoei.
Baina zaintza dorreari izkinetan dorreak zituen harresi bat eta kanpoko lubakia gehitu zizkioten. Geroxeago, hasierako harresitik 40 metrora beste hesi bat eraiki zuten, eta, hala, tarte librean etxebizitzak eta beste eraikin batzuk egongo ziren garnizioa bertan bizi ahal izateko, baita arrisku garaian ibarreko biztanleak babesteko ere. Gazteluaren egituran nabarmenena oinplano pentagonaleko dorrea da, eta, ikus daitezkeen aztarnen arabera, hogei bat metroko altuera izango zuen.
Hurrengo mendeetan, oso garai ezberdinak ezagutu zituen. Batetik, Gaztelako erasoak zirela-eta militarismoa nagusitzen zen garaiak, eta horietan babesa indartzen zen, soldadu kopurua handituz, eta, bestetik, askoz lasaiago ziren aldiak tartekatzen ziren. Nafarroako Erresumaren konkista prozesuaren barnean eman zuen Irulegi gaztelua suntsitzeko agindua Gaztelako Koroak, XV. mendearen hondarrean, Erdi Aroko beste nafar gotorle- ku askorekin gertatu zen modura.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Gazteluaren berpiztea
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Nafarroa
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Lakidain, Irulegi gaztelua, Idoateko potxea
- Distantzia: Bi aukera: 3,5 km edo 4,2 km.
- Iraupena: Bi aukera: ordu 1 eta 30 mn edo 2 ordu.
- Ingurunea: Arangurenen ibiliko gara, Iruñerriko arroa hego-ekialdetik ixten duen mendilerroan, eta Irulegiraino joango gara, Lakidain gainean dagoen Erdi Aroko gazteluraino.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu