Astondoko hondartzan fenomeno geologiko interesgarria begiztatzeko aukera izango dugu: harri bihurtutako haremunak dira, haizeak sorturiko hareazko pilaketak. 6.000 urte baino gehiago dituzte, eta euskal kostalde osoan eredu bakarra dira.
Hondartzako azken jatetxea iragan eta 50 bat metrora eskumara eta gora egingo dugu (IM). Konturatu gabe hartuko ditugu metro batzuk, ikusmira eta panoramika hobetuz. Lehenengo elkargunean ezkerrera joko dugu (HM), eta bide lauari ekingo diogu. 200 metro betetzeke, eskuinera eta gora egingo dugu, hurrengo elkargunean eskumara joango garela (I). Goiko puntura heldutakoan, jaisteari ekingo diogu.
Ermura bidean
Berriro gora segitu aurretik, XVIII. mendeko Azkorriaga gotorlekuaren aztarnak izango ditugu 200 metrora; seinale bat badago hori adierazten duena. Burdin hesia eskuinean, aldatsak izerdia ekarriko digu, eta, aurrerago, errepidearekin bat egitean, basak jota egon ohi den tartetxoan, adi ibili beharko dugu. Porlanera irten, eta ezkerrera egingo dugu (IE), itsasargiraino. Hor, eskumatik jarraituko dugu (HE), zutoinak adieraziriko norabideari men. Metro batzuk gorago gerra garaiko bunker baten ondoan igaroko gara. Hemendik aurrerako bidean, ezin errazago ibiliko gara; ez dugu galtzerik izango. Billano uharteak argazki ederrak emango dizkigu, eguraldi eguzkitsua lagun. Bidezidorrak gozo hurreratuko gaitu buzoietara -zaharra nahiz berria- ordu erdi bat igarotzeke. Adi egon behar dugu, ezkerrean baitaude, alboratuta, eta baztertzeko joera handia dagoelako. Hemendixe puntu gorena minutu batera daukagu, leku erosoagoa mokadua nahiz atsedena hartuko badugu.
Ermua -289 metro, xafla, buzoi bi (zaharra eta ipini berria) eta erpina- gailurreko panorama nahiko mugatua da, itsasoa besterik ez baitugu begiztatuko. Hori bai, etxolara igota, ikuspegia erabat irekiko zaigu. Bizkaiko zein Kantabriako kostaldea, Gaztelugatxeko Doniene, Ezkerraldeko mendiak, Bilboko mendiak, Gorbeialdea, gertuko Jata eta Sollube mendiak eta abar luze bat ikusteko modua dago bertatik. Etxolara igo ezean, beheratu beharko dugu zerbait ikusi ahal izateko. Noranzkoari eutsiz beheratuko gara (E), eta berehalako elkargune bietan, eskumara hartuko dugu (HE, M), Fao auzorantz. Kilometro bat bete aurretik, motorren eraginaren erruz tarteka desitxuratutako bideak porlanera zuzenduko gaitu. Behin errepidearekin bat, ezkerrera jo (H), 200 bat metrora eskuinetik sartu beharko badugu ere.
Une horretantxe arreta handiz ibiliko gara, gal ez gaitezen. Ezkerrera doan bidexkari ekingo diogu, zementua baztertuz. Uneorobide nagusiari bizkarra eman barik, hamar bat minuturen buruan berriro zapalduko dugu porlana. Itxas-Mendi auzunera heltzearekin batera, lehenengo errepidetxoan eskuinera egin (M), segituan eta errepide nagusian ezkerrera jo (H). Kale hori ez dugu utziko hondartzaraino; betiere eskumaldeari eutsiko diogu. Metrorainoko bide ezagunak ez digu aipatzeko moduko zailtasunik sorraraziko.