Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Gudariak gogoan Bizkargin

MENDIA. IBILBIDEA. Gudariak gogoan Bizkargin.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Bizkargi, Goikoelexalde, Larrabetzu, Arburu
  • Distantzia: 15 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Bizkaiko nahiz urrunagoko mendietako asko ikuskatzeko begiraleku apartak dira Bizkargi eta Arburu mendiak, eta gatazka odoltsuen lekuko ere bai.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Goikoelexaldera (Larrabetzu, Bizkaia) busez zein autoz gerturaturik (BI-3102, Mungiako errepidean), Done Meteri eta Zeledon estilo gotikoko elizan abiatuko gara (E). Errepidean aurreneko 200 metroak egin ostean (HM), ezkerrera joko dugu, Belarrinaga auzorantz (HE). Hogei minuturen buruan, ezkerreko hormigoizko bideari emango diogu (HE), lagun genekarren errepidetxoa alboratuz. Pinuei tartekatzen zaizkien lizarrek nahiz sasiakaziek bigunduko digute behe gogorra, fresko mantenduko gaituztela. Hemendik hamabost bat minutura, bidea mantsotzeaz batera ezkerretik jarraituko dugu, gasbidean (IE), jomuga begi-bistan. Aldai zabalari men egin behar zaio une oro, burdina horiak tarteka desagertzen badira ere. Batzuetan eguzkitan, gehienetan gerizpean, Bizkargi gero eta hurbilago ikusiko dugu bide gozoan.

Bigarren pasabidea igarotakoan, patxadaz hartzekoa den aldats labur eta pikoa azalduko zaigu bat-batean. Gora iristean, luzaroko bidaideak ezkerrera eta behera egiten du (I), Gerekiz mendaterantz. Guk, ordea, eskumara eta gora jarraituko dugu (E). Hemendik eta basotik irten artean bide nagusian ibiliko gara, betiere zuzen eta noranzkoari eutsiz. Behin ateratakoan, pistak zein edozein zidorrek eramango gaituzte hurko gainera. Metro hauetan zehar nabariak dira motorrek lurrean eragindako kalteak.

Arburu, begiratoki aparta

Bizkaiko bihotza deritzon gailurrean (562 m, buzoia) Santa Kurtz baseliza dugu aipagarriena, buzoia beronen atzeko aldean dagoela. 1937an suntsitua izanda ere, 1942an berreraiki zuten. Belardiko monumentua gudarien omenez dago ipinita, bertatik bista ederrak dauzkagula, batez ere kostalderantz. Ganekogorta, Jata, Sollube eta Urdaibaiko gainak erraz identifikatuko ditugu. Dena dela, ikuspegi irekiagoa nahi izanez gero, itxaron beharko dugu aldameneko Arburura iritsi arte. Horretarako ekialderantz irtengo gara ermitatik pista leunean. Hogei minutu igarotzeke aurrez aurre azalduko zaigu Arburu, elkargunera iristearekin bat, non eskuinekoa baztertuz (H) zuzen jarraituko dugun (E). Oinera heldu bitartean Oizek pairatzen dituen aerogeneradore lazgarriek begirada goibela sortaraziko digute. 500 bat metro aurrerago ezkerreko bideei bizkarra emango diegu, zuzen eta jaitsi barik hartu beharko dugula (H). Hemendik 100 metrora pistatik ezkerrera atera (HE), eta bost minutu nahikoa izango ditugu gailurrera iristeko.

Arburun (550 m, erpin geodesikoa eta buzoia), Bizkai osoa ez ezik, eguraldia lagun Gipuzkoa, Kantabria eta Burgosko mendiak ere begizta daitezke. Zidortxoan atzera egin lehengo aldaiarekin bat egin arte. Orain, ostera, ezkerrera joko dugu bost minutuz (HM). Bidegurutzean eskuinera (I) eta 100 metro bete baino arinago aurrera eta gora segi (I), ezkerreko bide tentagarriari so ere egin gabe. Bost minuturen buruan Bizkargitik ekarri gaituen pista ezagunarekin elkartu, heldu,Bizkargi atzean utzi, eta beheratzen hasiko gara. Laster eutsiko diogu gasbideari, zeinek 500 metroan lagunduko digun. Hasieran aipaturiko aldapa pikoa beheratutakoan eta pasabidea iragan bezain laster, pinudian sartuko gara noranzkoari muzin egin gabe (HM). Bost minutuan, oraindino gerizpean, etxola bat eskuman utziko dugu, lur bidea aldai bilakatu zaigula. 300 metro aurrerago, etxe batera ailegatzeaz bat behera joango gara, porlanari kasu, harik eta herriratzen garen arte. Tarte honetan guztian adi baserrietako txakurrei, petral jokatzen baitute.



Urteroko omenaldiaeta erromeria egingo dituzte igandean

Espainiako 36ko gerrangatazka odoltsuak izan ziren Bizkargi mendian, faxistek Bilboko Burdinazko Gerruntzearen aurkako erasoari hemendixe ekin baitzioten, 1937ko ekainaren 11n. Horrexegatik, urtero maiatzeko lehen igandean -aurten hilaren 3an-, garai guztietako gudariei omenaldia egiten zaie tontorrean bertan. Arratsaldean hara bildutako jendea goiko belarditik Larrabetzura beheratzen da, plazako erromeriarekin giro ederrean bukatzekotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.