Henaioko kastroa Dulantzi herriko (Araba) ekialdean altxatzen den muino baten gainean egokitu zen aspaldi. Interesa? Faktore ugari aipa litezke, baita luze-zabal jardun ere. Izan ere, nahiz eta muino horrek 700 metroko altuera nekez lortzen duen, nahikoa da panoramika ederra erdiesteko. Bestela esanda, behiala Arabako Lautada burutik buru zeharkatzen zituzten bide garrantzitsuak kontrolatzeko gune estrategikoa izan zen Henaiokoa. Aldapa gogorrei esker, gainera, defentsa naturala ederki osatua zuen. Ezpondak egokitu behar izan zituzten, halere, garaian garaiko biztanle guneek behar zuten babesa bermatu ahal izateko.
San Martingo nekropolia
Dulantzi herriari buruzko historia puska hori ezagutarazteko asmoz, Sormen Creativos enpresakproiektu bat aurkeztu zuen Dulantziko Udalean orain bost urte. Onespena jaso ondoren, hainbat eta hainbat lan egiten hasi ziren mendixka historiko horretan, betiere ibiltarien bisitarako egokitzeko bidean. Hori guztiori gutxi balitz bezala, bisita gidatuak eta bisitariei harrera egiteko etxola atontzen ari zirela, Dulantziko historia berraztertzea lagunduko duen ezusteko bat etorri zen gain-gainera: San Martin baselizaren inguruan Erdi Aroko nekropoli bat aurkitu zen 2009ko azaroaren hondarrean, herriko ur zikinen sarearen gaineko lan batzuen ondorioz. Zanga zulo horrek zeresan handia eman du azkenaldion, Dulantzi hiribilduaren sorrera baino lehenago zeuden biztanleei buruzko datu berriak ekarriko dituelakoan. Lanak amaituta, haatik, den-dena estali dute berriz.
San Martingo nekropolia, Aialako herri hustua, Erromesbidea edo Erromatarren Bidea eta Henaioko ingurune historikoak dira, besteak beste, lagunen artean edo familiarekin egin daitekeen ibilbidean dauden gune interesgarrietako batzuk.
Ibili-ibilian
Gasteiztik hurbil dago Dulantziko hiribildua, Agurainera, Altsasura edo Donostiara bidean. Dulantzi zeharkatzen duen errepide nagusian hasiko gara tipi-tapa; San Blas elizatik datorren kalearekin bat egiten duen puntuan, hain justu. Elizaldera jo gabe, ordea, errepideaz bestaldetik darraion San Martin kaleari ekingo diogu, eta tren geltoki aldera joko. Bertan egokitua den pasabideari esker, trenbidea gurutzatu eta ezkerrera hartuko dugu. Hala, Arganzubiko erreka gurutzatutakoan, Aialako baselizara bidetik segituko dugu, zuzen-zuzen. XIII. mende amaieran existitu zen Aiala herri hustuaren parrokia ederrera helduko gara laster batean.
Behin baseliza erromanikoan, metro batzuk atzera egin eta ezkerrera joko dugu lehen bidegurutzean. Arrarain eta Ezkerekotxa lekuen arteko erromatar eta Erdi Aroko bideari jarraituz, Dulantziko herria eta N-1 errepidea lotzen dituen saihesbidera iritsiko gara. Ondoren, asfaltoa gurutzatu eta, ezker-eskuin egin ostean, Santa Kruz muinoaren magalak zeharkatzeari ekingo diogu. Jaral sakanetik datorren errekastoa gurutzatuta, Iturbako sakanean ikusiko dugun ur putzuaren ertzetik igaroko gara. Gero, trenbidera zuzen-zuzen jotzen duen pistatik egingo dugu. Trenbidearen gainean egokitu duten azpiegitura metalikoari esker, burdinbideaz bestaldera pasatu eta, eskuinera hartuz lehen bidegurutzean, Galzar eta Gaztelua muinen artean irekitzen den Urkamendiko lepora iritsiko gara.
Henaioko talaia
Henaioko kastroa eskuinaldean goititzen den eremu berdean dago. Burdin Aroko garaira itzultzeko gogorik agertuz gero, punturik gorena seinalatzen duen erpin geodesikoraino igotzea ezinbesteko egingo zaigu. Harrera Etxea eta interesgunez josiriko zirkuitu labur bat topatuko ditugu goranzko ibilbidean (bisita gidatuak antolatzeko asmoa dute). Behin tontorrean, soa 360 gradura luzatuko dugu inolako trabarik gabe. Osatu berri dugun paseotxoa egitea ongi merezi duen seinale: Gasteizko mendiak, Iturrieta, Entzia, Gorbeia, Arzena, Elgea eta Aizkorri-Aratz parke naturala, besteak beste, ezagutuko ditugu talaiatik. Gaztelu edo Castillo izena hartzen du tontor xume horrek; izan ere, herrixkaren defentsan gotorleku xume bat goititu omen zen han goian eta, historialariek gogora ekartzen dutenez, hura desagertuko zen bertako biztanleak Dulantzi hiribildura jaitsi zirenean, 1337an. Horrezaz gainera, Mikel Deunaren izenpean Henaio herrixkako parrokia bat izan omen zen gainaldearen inguruan, baina, tamalez, XIX. mendeko argazki edo dokumentu batekin konformatu beharra dago, eraikuntzatik ezer ez baita geratu.
Henaioko eremua atzean utzirik, bide nagusira atera eta Santa Barbara bide zabala hartuz, Dulantzin jarriko diogu amaiera ibilbide zirkular honi.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Henaioko muinoaren inguran
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Erraza
- Tontor eta leku izenak: Dulantzi, Aiala baseliza, Urkamendi, Henaio
- Distantzia: 6,3 km.
- Iraupena: Ordu 1 eta 45 mn.
- Ingurunea: Henaioko Gazteluko parajea ezagutaraztearen kariaz, ibilbide zirkularra proposatu dugu: San Martingo nekropolian hasiko gara eta, Aialako baselizatik eta Urkamendiko lepotik igarota, Henaioko muinoa inguratuko dugu.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu