Leku honek zinez merezi du izena, bista ederrak oparitzen baitizkigu. Hasieratik bertatik bidelagun ditugun seinale horiei jarraituz, ekialderantz joko dugu otatze malda baten gora poliki-poliki eramanen gaituen xenda gozagarri batean. Hori lurbide bilakatzen da, eta Salaberria etxera daraman bide harriztatuarekin egiten du topo. Eskuinerantz eta gorantz harturik, Hariz mehakako artegi ondora helduko gara. Hemen, bidetik seinalatu duten ibilbidea jarraitzen ahal dugu, edo aldaparen gora zuzen igotzen. Batetik zein bestetik, Haritz Xiloa deitu lautadatxora helduko gara.
Bazkalekuak eta harkaitzak lehian direla, hareharrian eginiko xendak beti eta gorago lagunduko gaitu, ikusmena ere beti eta zabalagoa egingo zaigularik. Abiatu garenetik bi ordu ingurura, Otsaxarko lepora helduko gara (792 m); hementxe dago Aldude eta Banka arteko muga. Mendi mazelaren ipar-ekialdean ikusiko dugun Otsaxarko artzain txabola, beraz, Bankan dago. Geuk, muga horren hariari jarraituz eta bide seinalatua ekialdeko behealdean utzirik, Otsamunhoren gailurrera joko dugu (901 m). Granitozko haitzez jositako gain horretatik egundoko bista dago Nafarroaren bi aldeetako mendietara: Argañeta, Adartza, Adi, Antxola, Hargibel, Auza, Iturrunburu, Ixtauz, Lindus...
Otsamunhori bizkar emanda, hego-ekialdera jaitsiko gara, Mizpirako leporaino (831 m). Hementxe, berriz, Urepeleko lurretan sartuko gara. Gune honetan topatuko ditugu berriro xenda seinalatuaren tinda horiak, eta horiek jarraitzea da aukeretatik bat. Beste hautua -gomendatzen dizuguna- Errola mendixkaren gainera igotzea da (907 m). Otsamunhoren bikia dirudien mendi belartsu horren tontorretik ere bista oso zabala eta polita gozatuko dugu. Ehiztarien ibilgailuek ziur asko eginiko lurbidetik behera joango gara, Meharroztegiko lepoaren bidean.
Premundoko bertsolaria
Honaraino iritsi baino lehen, buelta emango dugu erabat, otatze mazelaren iparralderantz joaten den xenda bat hartzeko. Arretaz ibili behar da, ez baita ondo ageri. Laster batean, tindu horiz seinalatutako ibilbidea topatuko dugu berriro. Borda polit baten alboan igaro ondoren, xendak behera egiten jarraitzen du urritz eta bestelako zuhaitz txikien artean. Artegi batera heldurik, eskuinalderantz joko dugu bidearen gainean, baina berehalaxe utziko dugu, bihurgunean zuzen joanda, alanbrezko hesi baten albotik. Bidearekin berriz ere topo eginik, zeharkatu besterik ez dugu egingo, apur bat ezkerraldera harturik, haatik. Xenda seinalatuan gaude beti, baina esan beharra da oso gaizki egina dela, seinaleak sarritan ez baitira ikusten. Bidea bigarren aldiz zeharkatu eta gero, baso txiki baten behera goazela, bidelagun izango ditugu gaztainondo zaharrak.
Beste behin bidearekin topo eginik, eta erreka zeharkatu ondoren, berriz ere Aldudeko lurretan sartuko gara. Artegi bat igaro eta gero, eskuinerantz eta gorantz jarraituko diogu bide horri, Joanesene baserriaren albotik igarotzeko gisan. Bide horretan aurrera joanda, Premundoa etxaldera helduko gara. Hemen Harriet etxeko jauna topatzeko suertea baldin baduzue, ez dudarik izan bertso bat eman dezan eskatzeko. Oso ongi badaki bertsotan, eta Urepeleko herri auzoko seme guztiz ospetsua zen Fernando Aire Xalbador-en kopla bat edo beste xaramelaz kantatuko dizkizue.
Etxaldearen saihetsean behera sartuko gara xenda batean. Berehala topatuko dugun bide sardan, borda bat baino lehentxeago, ezker hartuko dugu, eta hurrengoan, eskuin. Mendiko erreka izenekoa eskuinaldean dugula, lurbideak Aldudeko lehen etxeetara lagunduko gaitu, Urepelerako bidearekin topo egin arte.