Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Historiaren aztarnak Ganguren mendilerroan

MENDIA. IBILBIDEA. Historiaren aztarnak Ganguren mendilerroan.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Ganguren, Aretxalde, Lezama, Lezamako Dorrea, Kuskuburu
  • Distantzia: 12,2 km.
  • Iraupena: 3 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Garaiera aldetik mendilerro xumea da, baina historia eta istorio asko gordetzen ditu Ganguren mendilerroak.
  • Estekak: Ibilbidea
2009ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Athletic klubaren instalazioak dira, ezbairik gabe, Lezamara (Bizkaia) joateko erakarpenik handiena. Horrekin batera, XVI. mendeko Andra Mari elizagotikoak, Santa Kurtz/Kristo Santuaren baselizak, gotiko herrikoi estiloko San Antolin baselizak eta XVI. mendeko Lezamako Dorreak biribiltzen dute udalerriaren ondarea. Trena aukeratu dugu oraingoan. Geltokitik irten, eta Andra Mari eliza hurkoari argazkia egingo diogu, merezi du eta. Oxangoitiko oinetxeak sortu zuen, XIII. mendean, eta XV. mendearen bukaeran eliztarrek eurek eman zieten ugazaba aritzeko baimena Butron oinetxearen jabeei. Baldintza bakarra ipini zuten: onurak banatzerakoan, bertan jaiotakoei eman behar zitzaien lehentasuna, eta ez atzerritarrei. Joan II.a aita santuak onetsi egin zuen baldintza hori.

Ibilbidearekin segituz, errepideraino jaitsi eta Bilborantz joko dugu 800 metroan (M), Santa Kurtz baselizaraino. Bisitatutakoan,atzera egin, 50 metrora utzi dugun errepide estua hartzeko (H). Lezamako Dorrearen ondotik pasatzean, geurean jarraituko dugu (H), eta laster autobia zeharkatuko dugu. Bihurgune itxiaren ostean zuzen (M), ezkerrekoari (H) jaramon egin barik. Pinuak, haritzak eta gaztainondoak bidaide, bi minuturen buruan baserri batera helduko gara, non estreinakoz porlana belar bihurtuko zaigun. Baserria ezkerrean laga, hesia iragan (M), eta basoan gora egingo dugu, bide nabarmeneaneta ezkerreko joeran. Beste hesi bat zeharkatu ostean, eskuinera joango gara elkargunean (M),gorantz daramana baztertuz. Lauan segi, harri-txirri eta belar pista erosoan, eta hirurehun metro aurrerago, ezkerreko bihurgune itxia igarota, eskumara joango gara (M), lagun genekarren goranzko bideari muzin egitearekin batera (H). Aurreko legarra lur bilakaturik, bost minuturen buruan gorantz (M), behera doanari (IE) erreparatu barik. Parez pareko suebakiari -eremurik pikoena- txiri-txiri ekingo diogu (HHM), onik bukatuko badugu, behintzat. Behin goiko aldera iritsirik, eskuinera (IM) joango gara 300 metrotik zehar, pista zabalean behera. Marka gorriek ezkerrera abiaraziko gaituzte (HHE), tontorreko jaiotza apaina -egun, apurtua- eta buzoia aurki topatuko ditugula.

Ganguren xumeak (474 m) Abraren bokalerainoko ikuspegi itzela oparituko digu: Loiuko aireportu berria eta Sondikako zaharra ez ezik, Galea lurmuturra, Jata, Sollube, Durangaldea, Gorbeialdea, Ganekogorta eta Serantes ere, besteak beste. Antena itsusien erdi-erditik iragan (HEE), eta ehun metro eskasean porlanezko pistak lehengo lur bidera eramango gaitu (ezkerrera, I). Oraingoan, ordea, eskumara joko dugu (HEE), beherantz, hamar minuturen buruan Elorritxueta/Viverora heltzeko. Atsedenleku aparta dugu berau, belardiak, zuhaiztiak eta jolas eremuak uztartzen baitira han. Noranzkoari eutsi (HEE), harik eta pilotalekuetara heldu arte (iturria). Ezkerretik gora (IE) eta jarraian eskumakoari men eginda (H), Gangurendik dakarren hari elektrikoak Kuskuburuko antenaraino(426 m) eramango gaitu (HEE). Bunkerrak eta sarbideak alde bietan daude tarte honetan, baina sarrera nagusiak giltzatuta daude.

Hari elektrikoa amaiturik, zuzen (HE), eta laster ezkerrera bihurtu (IE). Elkargunean ezkerrera joango gara, lauan zehar (IIM) 50 metroz, eta berriro eskuinari ekingo diogu, beheko hesirantz (I). Bi minutu barru eskumara egin (IE), atoan lur pista ordokiarekin bat eginik. Ezkerrera (IM), eukalipto gazteak lagun, eta 200 metro igarotzeke, eskuinean jaitsi (I). Hurrengo hiru bidegurutzeetan zuzen (IE), eta aurrerantzean nabarmena aukeratu une oro. Errekak eskainitako tarte gozagarria bizkarrean, eta azken hesia zeharkatuta, berehala agurtuko dugu asfaltoa, zeinek herriraino bihurtuko gaituen (1,5 km, IM).



BurdinazkoGerruntzeaBilboren defentsan

Defentsa sistema hori Artxandako mendilerroak Bilbon, Gangurenek Galdakaon, Bizkargik eta Gaztelumendik Larrabetzu inguruan osatzen zuten. Hor Euzko Gudarosteak eutsi egin zion Francoren armadari bi hilabetez, Bilbo defendatzeko. Kuskuburu mendiaren bizkarra hormigoizko tunelez josi zuten. Hala, gudariak posizio batetik bestera mugi zitezkeen, bonbardatuak izateko arriskua gutxiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.