Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Hitaborda eta Karakoila

MENDIA. IBILBIDEA. Hitaborda eta Karakoila.
  • Herrialdea: Zuberoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Maule-Lextarre, Hitaborda, Karakoila
  • Distantzia: 6 km.
  • Iraupena: 2 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Zuberoako hiriburu Maule-Lextarre mendi bizkarrez inguratuta dago. Hiri erdialdetik abiatuta, biren gailurretara joango gara: Hitaborda eta Karakoila.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Oinez ibiltzen hasiko gara Ainharberako bide abiagunetik hurbil kokatua den Les Chaumes gaznategiaren atzealdeko aparkalekutik (160 m). Hortxe bertan ikusiko dugu Mendililia ostatua ere; horren gibelaldean dira Mendililia irratiaren estudioak. Gure ibilgailuak utzirik, Ainhaberako bidera joko dugu hasieran. Horretarako, baina, Mauleko hiria saihesten duen errepidea arreta handiz zeharkatu beharko dugu. Behin Ainharberako bidean, hau berehala utziko dugu, fabrika izandako baten eraikinen artean, bidexka txiki bat hartzeko, seko eta zut. Horrek berrikitan eraberritutako Jondane Johane iturrira eramango gaitu, xenda gozagarri batetik. Iturria igaro eta berehala, bide txiki bat topatuko dugu, eta hor zuzen jota, Agerria fraidetxea izandakoaren lurretan sartuko gara.

Ez kezkatu langa itxita topatzen baduzue. Ireki, sartu, eta berriz itxi, eraikin eder honi buruz joateko gisan. Fraidetxe izandako hau Maule-Lextarreko Udalak erostea erabaki du, egituraketa publiko eta pribatu baten bitartez. Horren berri zehatzago ematen dizugu orri honetan bertan. Guk, anartean, Agerria etxe dotorea miresteko aukera izango dugu, horren albo-albotik igarota (210 m). Aparkalekurako seinale ondoan, eskuin hartuko dugu, eta laborantzarako eraikinen ondotik aurrera joango gara. Agerria baserri bat baitzen, gaur egun haren lurrak auzoko baserritarrek baliatzen dituzte. Agerria etxeari bizkar emanda, lurbide batean jarraituko dugu. Fraideen hilerrirako bidexka eskuinaldean utzita, aurrera joango gara, Agerriako baso ederraren lasaitasunaz gozatuz. Lurbidearen saihetsetan ikusiko ditugu, tarteka, uso ehizarako ezkutaleku eta tramankuluak.

Oihanetik aterabezain laster, hesi pasagailu batetik berehalaxe, lurbidea utzi eta ote larrea gora igo beharko zaigu, goialdean ikusiko ditugun habe handi batzuei buruz. Zati hori nahiko aldapatsua da, baina Karakoila izena duen mendixka honen gailurrera (430 m)heltzean, bista oso ederraren oparia jasoko dugu. Gain honetatik ikuspegi zabala dago Zuberoako Pettarra eta Arbaillak eskualdeetara, baita Biarnoko mendialde eta ordokietara ere. Altzoan, berriz, Maule-Lextarre daukagu, bisean-bisean Erdi Aroko gaztelu zahar ederra gerizatzaile duelarik. Ez da harritzekoa, beraz, bizkar xume hau habe eta antenaz josi badute; hortxe ditugu Frantziako telebisten eta ETB1en hedagailuak, bai eta Xiberoko Botza eta Mendililia irratienak ere, telefonika enpresenak ahaztu gabe.

Basoetatik barna

Gailur honetatik begiak bazkatzeko behar den denbora hartu ondoren, Ainharberako bidetik bertara daraman bidexka harriztatuaren behera berriz hasiko gara ibiltzen. Bizpahiru metroren buru, haatik, bihurgune batera iritsirik, ezkerreko partean ikusiko dugun xenda batetik oihan alderat joko dugu. Hortxe izango dugun hesia pasagune batetik igaroko dugu, sartzea debekatzen duen pankartarekin asko kezkatu gabe. Hori, izan ere, ibilgailu motordunentzat da gehienbat. Hitabordako bizkarra erabat tapatzen duen baso hau zeharkatzeko bidea ez beti argia, alde askotara xenda abiapuntuak daudelakotz. Haatik, tarteka ikusiko ditugu seinale tindatuak, eta horiei jarraikitzea da egokiena.Oihan honetako egurra ustiatzeko urratu duten bide zabalari, aldiz, ez zaio batere fidatu behar, horrek norabide okerrera eramango gaituelakotz. Nolanahi ere, gogoan edukitzekoa da baso hau zeharkatu behar dela hego-mendebalderako norabidera ibilita.

Seinale tindatuei jarraituz gero eta apurtxo bat behera eginda, basotik irtengo gara, eta lurbide antzeko bat topatuko dugu. Antzekoa bai, ez baita berez bide bat; bai, ordea, suteen aurreratzea trabatzeko lubaki edo pezoi bat. Hori topatu ondoren, ezker alderat joko dugu, maldan behera. Hortxe ohartuko gara Hitabordako basoa Lextarreko etxeen aldera oso behera sartzen dela. Kontua da baso honetan ez dela berriro sartu behar, aski zikindua baita. Behera egiteko ibilbidearen erakusgarri, haatik, zuhaitzetan tindatutako seinale borobil horiak izango ditugu. Horiek, oihan bazterrik hurbil, ibilbidea seinalatuko digute. Erreka txiki baten sorgunetik igaro ondoren eta erreka eskuinaldean daukagula, borda desegin batera iritsiko gara. Horren inguruko soroaren bazterrean langa bat topatuko dugu, eta, itxita egonez gero, berriz itxi ondoren. Bide txiki batean aurrera joko dugu.

Berehala gara Lextarreko auzune berriko lehen etxeetan, eta bidegurutzeetan ezker alderat hartuz aldi oro, Agerriako etxaldearen lurren albotik ibiliko gara, Jondane Johane iturriaren ingurura heldu arte. Hemen, hasieran hartutako ibilbide zati txikia bueltan egingo dugu, ibilbide labur, erraz eta gozagarriabukatzeko.



Fraidetxe ohia, Maule-Lextarreko Udalaren eta herritarren eskuetan

Fraideak eta mojak luzaz egon dira Agerriako etxe dotorean, baina urte honetatik aurrera Udalak eta nahi duten herritarrek dute etxearen geroa eskuetan hartuko. Ez da txantxetako egitasmoa, Agerriako fraidetxeak eta kaperak 8.000 metro koadroko zabaldura dute, eta inguruan 100 hektareako lur eremua, gehiena laborantzarako baliatua. Guztia 2.222.000 eurotan erosteko erabakia hartu du Maule-Lextarreko Udalak, EPFL egitura publikoaren bitartez. Alabaina, SEM Agerria eratzea aukeratu dute Udalean,alor publikoa eta pribatua elkartzen dituen ekonomia mistoko sozietate bat eratzea, alegia. Akzioa 1.000 eurotan salgai izango da hasieran, baina helburutzat jarri den 196 akzioen kopurua gainditzen bada, akzio bakoitza 500 eurotan egongo da. Agerrian aterpetua izateko egitasmo bat baino gehiago bada,baina oraindik aztertzeko daude. Lurrak, aldiz, laborarien esku geratzekoak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.