Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Iraganaren lekuko isilak

MENDIA. IBILBIDEA. Iraganaren lekuko isilak.
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Kausoro, Oianleku, Bunaniarri, Basate
  • Distantzia: 5 km.
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Ingurunea: Denboran atzera egiteko parada ematen dute Oianleku parajeetako harrespil multzoek. Horiek izango ditugu bidelagun.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2010eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Ibilbide honek gure herriko historiaurreko harrespil multzo garrantzitsuenetako bat bisitatzeko parada ematen digu. Oiartzunen (Gipuzkoa) mairubaratze esaten dieten monumentu megalitiko hauek mendeetan artaldeen joan-etorrien lekuko izan dira. Mairu hitza euskal mitologiarekin lotuta dago; izen horrekin kristauak ez diren pertsonak izendatzen dira, bataiatu gabeak. Artzaintza jarduera nagusia izan zen garaietan, artaldeak Nafarroako mendietatik atera, Ezkurra ibaiak bustitzen dituen herrietatik pasa (Doneztebe, Saldias, Ituren eta Zubieta) eta, Arantza herrian barrena, Oianlekuko parajeak igarotzen zituzten Hondarribira eta Donostiara heldu aurretik. Egun, oraindik, inguru hauetan zaldiak eta artalde gutxi batzuk ikus ditzakegu larrean.

Kausorotik Bunaniarrira

Kausoro izeneko zabaldian hasi dugu ibilaldia, Oiartzungo Altzibar eta Karrika auzoak pasa eta Artikutzara doan errepidea hartuta. Abian jarri eta berehala Kauso I eta Kauso II deritzen mairubaratzeak topatu ditugu. Gure ezkerrera izei multzo bat eta errepidea utziz, Bunaniarri tontorrerantz doan bidezidorra hartu dugu. Goraka goazen heinean, aldapa leundu egin da, eta lehen izerdi tantak bekokitik irristatzen hasi direnerako gailurrera iritsi gara. Harri multzo batean Lezoko mendizaleek jarritako danbolin batek gutunontziaren funtzioa betetzen du, eta hogei bat metro aurreraxeago erpin geodesikoa dago. Gure begien aitzinean, berriz, lurra eta ura. Zirkuluan irekitzen den ikuspegian Aiako Harria, Jaizkibel, Larrun eta Artikutza ageri dira gertu; Aralar, Aizkorri, Hernio eta Izarraizko mendilerroak, berriz, urrutiago; eta Errobi ibaiaren bokaletik Matxitxakoraino itsasertzak marrazten duen lerroa ere ikusten da.

Bunaniarritik Oianlekura

Ikuspegi ederraz gozatu ostean, bidezidorra utzi eta iparralderantz maldan behera abiatu gara, bide seinalaturik gabe. Laster, berriz, errepidean gara. Hori gurutzatu eta pista zabal bat hartu dugu. Ezkerrera batere nabarmentzen ez den mairubaratze bat utzi, eta pagadian murgildu gara. Garai batean, inguru hauek pagadiz beterik zeuden, baina gizakiak eragindako eraldaketengatik, baso trinkoen ordez hainbat lekutan larre zabalak eta koniferen sailak aurkitu ditugu. Lehenengo pagoan, GR-121ari (Gipuzkoako Bira) dagozkion bide seinaleak ikusi ditugu, eta tarte txiki batean izan ezik, abiapuntura iritsi arte ez ditugu galdu. Malda amaitzen denean, pistak Oianlekuko hegoko mairubaratzeak dauden muinoa inguratu eta atsedenlekura eraman gaitu. Iturri eder bat, egurrezko mahai batzuk eta batere zaindu gabe dagoen aterpe txiki bat pagadi bikain batean txertaturik. Atzean utzi eta pagaditik atera ondoren, Oianlekuko iparraldeko mairubaratze ezagunetara heldu gara.

Oianlekuko parajeetan Eneolitoko Burdin Aroko bi harrespil multzo daude. Iparraldean dagoena zazpi harrespilez osaturik dago, baina ezagunenak elkar ukitzen duten bi dira. Lehenengoa, 9,5 metroko diametroa duena, eta bigarrena, 6,80 metrokoa. HoriekJ. Altunak eta P. Aresok induskatu zituzten, 1976. urtean, eta gainontzeko monumentuak induskatu gabe utzi zituzten. Ikerketa haietan, hainbat material aurkitu zuten: lurrazalean, printzak, zeramika zati itxuragabeak, egur-ikatza, giza-hezurren zati kiskaliak eta igitai alea; sakonean, berriz, brontzezko eraztun bat, giza hezur kiskaliak eta beste gai batzuk.

Aurkikuntza horien guztien arduraduna Aranzadi Zientzia Elkartea izan da. Zientzialari horiek diotenez, hemen aurkitutako harrespil hauek giza-hezur zati kiskaliak lurperatzeko erabili ohi zituzten, eta, ondorioz, errausketa ez zuten bertan egiten. Halere, bazitekeen lehenago ehorzketa egitea eta ondoren gorpuzkien inguruan harrespila eraikitzea; edo aurrena monumentua altxatu eta ondoren gorpuzkiak lurperatzea.

Oianlekutik Kausorora

Monumentu megalitiko interesgarri hauek bisitatu ondoren, aurrean dugun aldapatxoa igo eta Basate izeneko inguruan ia nabarmentzen ez diren beste sei mairubaratze aurkituditugu. Haiek bisitatu, eta berriz atsedenlekura itzuli gara. Aterpearen eskuinetik ateratzen den xenda hartu eta GR-121aren seinaleekin berriz topo egin arte jarraitu. Adar gutxiko eta enbor luzeko pago gaztez beteriko pagadian zehar abiatu gara, pago hosto orbelduek pista estaltzen dutelarik.

Pagadia atzean utzi, eta ler zurien -Pinus nigra- pinudian sartu gara, eta berdez margoturiko langa metaliko bat igaro dugu. Pinuditik atera eta berehala, bidegurutzean, aurrera zuzen jarraitu dugu. Kausorora heldu aurretik eta bide seinaleei jarraituz, zenbait errekasto zeharka- tu ditugu, beste langa metaliko bat pasa eta abiapuntura iritsi gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.