Ibilgailua hortxe utzirik, bidearen ezkerraldeko maldaren gora egingo dugu goxo-goxo Odeizügaine izena duen bizkar zabal batera iristeko hamar bat minuturen buru (1.613 m). Hasiera horretatik bertatik egundoko bista ederra eta zabala gozatuko dugu. Alde guztietara ikusgai ditugun mendien artean, Ori handia eta miresgarria ezagutuko dugu,hego-ekialdera. Oso hurbila dirudi, baina, Odeizügainetik, bizpahiru oreneko ibilbidea dago, gutxienez, Oriko gailurra zapaltzeko. Bestela ere, aldi honetan behintzat, ez gara harat joaiteko asmotan, bai, ordea, hego-ekialdera beti, bainanabarmen hurbilago daukagun Bizkarzera.
Hara igotzeko, haatik, lehendabizi... eraitsi beharko zaigu erabat hegoalderat, Leherra Mürküllako garateraino. Hemen topatuko dugu berriro Bagargiatik(Iratiko etxoletatik) datorren bidea. Hementxe, baina, hirutanzatitzen da: ezker alderat Bizkarze eta Organbidea zein Ibarrondoko artzain txaboletara doa, eta eskuin alderat, Ütürxarreko artzain txabolara. Guk, ordea, malda belartsuaren gora egingo dugu, eta hogei bat minutu nahikoa izango zaigu Bizkarze gaina zapaltzeko (1.656 m). Benetan gailur polita da Bizkarze, luze eta hertsia. Hemendik are hurbilago iruditzen zaigu Ori. Alabaina,Bizkarzeren berezko ezaugarria da Iratiko oihan txit ederraren alderat, hegoalderat beraz, baranda bat bezala dela. Gauza bera esan daiteke pare-parean daukagun Abodi mendilerroaz.
Aurrera joateko bi aukera
Bizkarzeko hegi hertsi eta harritsuaren behera poliki-poliki eraitsiko gara, Ori mendira buruz. Ordu erdi bat inguru beharko zaigu Ibarrondoko artzain txabolara heltzeko (1.306 m). Hemen, berriz,belardiaren gora egingo dugu Tartako lepora jotzeko asmoz (1.460 m). Orduan, Ori mendiari eta hori baino lehen dagoen Zazpigain aldapartsuari emango diegu bizkarra. Hasieran, iparraldera buruz igoko gara, Tarta puntako gailurreraino (1.521 m). Hortik aurrera erabat mendebaldera joango da gure ibilbidea, Millagarateko bizkar harritsuaren haritik. Millagarate izen horrek, segurraz ere, hozka asko dauden gunea esan nahi du, halaxe baita.
Hain zuzen, hegiaren hariari hurbilenik jarraituz gero, hozka horietatik batean ikusiko dugu xenda bat ipar-mendebalderat sartzen. Hori da Millagarateko igarobidea (1.444 m), eta huts egiten badiogu ere ez da makurrik. Millagarateren jarraian Odixarreko hegiari jarraituz eta apur bat gora eginik Odeizügainera iritsiko gara. Millagarateko igarobideari ez badiogu huts egin, aldiz, Odeizaküako basoaren gainetik ibiliko gara, xenda oso gozagarri batetik.
Errekagorriko hodia pasatu eta gero, Ütürrimandoakoa (1.423 m) topatuko dugu. Hementxe, aldiz, xendari agur eginda, mendebaldera igo beharko dugu, alhagia eta harkaitzen artean, aski laster Sensibileko lepora heltzeko gisan.
Uso ehizarako, ehiztarienjostaleku
Urria amaitu bitartean ez da horrenbeste gomendagarri gaur aipatu dugun txango hau egitea. Izan ere, Zuberoako bizkar eta gailur ugaritan topatzen dira airekariak edo usoei airera tiro egiten dieten ehiztariak. Egunotan bat baino gehiago izango da inguruotan.Nonbait egia da lepo hauek hiru urtetatik enkantean jartzen dituen Xiberoko Botingoa erakundeak ia nahi dutena egiten uzten diela ehiztariei. Horrela, 30 urteotan txori ehiztari hauek leku askotan jarri dituzte eraikin itsusi batzuk. Inguruko mendien ikusmira dotorean orbanak dira eraikinok. Esan beharrik ez dago arkitektura tamalgarriko txabola horiek inolako eraikitzeko baimenik gabe eginak izan direla ehiztarientzat.