Izkiko natur parkean barrena ibiltzeko proposamena dakargu ondorengo lerroetan. Paseo polita, zinez, udazkeneko kolore argi eta ilunen nahastura ikusteko, baita hainbat formazio geologiko bitxi ezagutzeko ere. Ameztia (Quercus pyrenaica) dugu Arabako bazter honetako nagusi, eta, espezie hura bidaide, Urturiko bazterretara hurbilduko gara, apenas ohartu gabe. Ondoren, San Bitorren baseliza edo santutxoa dagoen tontorreraino lagunduko digu zidor erakargarri batek. Obekuri alderanzko jaitsiera laburra bezain polita egingo dugu jarraian, eta Izkiko labirintoan sartu-irten zirraragarria egingo dugu, Portal haitz ikusgarria deskubritzeko asmoz. Hariztiek inguratuta dauzkaten hainbat hezeguneren ondoan paseo samurra egin ostean, ibilbidea itxiko dugu Kintanara berriz itzultzean.
Kintana abiapuntua
Autoa Kintana herritik pasatzen den errepide nagusiaren ondoan utziko dugu, elizaranzko kalea hasten den tokian. Zumarreko Larrain kaleari segituz, herriko plazara iritsiko gara. Ezkerrera joko dugu han, eta behera egingo dugu Baratzeko bidetik. Galtzea zaila izaten da, natur parkeko pintura arrastoek lagunduko baitigute hasieran. Kintanako baskulara iristean, aurrera segituko dugu, eta, zaharberritu duten benta handiaren eskuinaldetik igarota, bidebanatze bat ikusiko dugu. Mandazainak izeneko zidorra baztertu egingo dugu orduan, eta ezkerretik doan belarrezko bidexka bati ekingo diogu.
Patxadaz arituko gara orain, poliki-poliki goraka goazela erreparo egin gabe. Zidor bat ezkerretik batzen zaigula ikusiko dugu aurrerago. Hor, ezkerreko bide nagusiari men egin eta Urturiko errepidera atera arte jarraituko dugu zintzo-zintzo. Golf zelaiko errepidea alde batera utzita, ordea, ezkerrera jo eta plazara iritsiko gara. Elizaren ondotik pasatu, eta Garimotxea jatetxera heldu baino lehen, eskuinera egiten duen kalea hartuko dugu. Aitonaren Etxea deritzan landetxearen aldamenetik irteten baita, erraz asmatuko dugu.
San Bitor santutxorantz
Nekazari bidea luzea agertzen zaigu orain aurrez aurre. Aldatsa guztiz amaitu arte jarraituko dugu. Behin lepo xumean, Dorre muineko telebistarako antena txikirantz emango ditugu pausoak. Tontorretik hurbil ur-baltsa bat dago, baita Dorre muinoa seinalatzen duen buzoia ere. Hori guztia, hedagailuaren ondoan. Gandorra korritzen duen zidorrari men eginez, Obekuriko San Bitorren tenplu txikira helduko gara. Zaharberriturik ikusiko dugu, aldare xumeak hegoaldera begiratzen duela.
Ermita eskuinean utzita, tontorraren hegoaldeko magaletik jaisten hasiko gara. Erkameztitik irten eta behera eginda, Obekurira doan nekazari bidera irtengo gara. Eskuinera hartuko dugu bidegurutze horretan, eta minutu gutxiren buruan, Obekuriko ondare arkitektonikoa deskubritzeko aukera ematen duen bidebanatzera iritsiko gara. Kalez kale ibiltzea plazer handia izanagatik ere, ezin ahaztu, ordea, herritik gertu dagoen XVI. mendeko santutxo ikusgarria; behiala Ebrotik Kantauri alderanzko bidetik etorritako erromesentzat bake unea zena, hain justu ere.
Izkiko mendietako Ataria deritzana harrizko arku bitxi bat da, eta basora jo beharra dago haren edertasunaz gozatzeko. Eskuinera egingo dugu aurreko bidebanatzean (herrian sartu gabe, beraz), eta Obekuriko ur-baltsara hurbilduko gara. Presako horma atzean utzita, 90 graduko bira egingo dugu eskuinerantz; metro batzuk aurrerago, ezkerrerantz. Basoa aurrez aurre dagoela, metalezko hesi bat igaro eta zuzen joko dugu bide sarda batera iritsi arte. Eskuinera egingo dugu hara iristean, eta hurbilen dagoen basabidetik jarraituko dugu. Trebiñu eta Arabako Mendialdeko eskualdeak bereizten dituen hesira helduko gara laster batean. Alanbrea igarota (lurrean erorita egoten da sarritan), Izkiko golf zelaia inguratzen duen hesi sendoaren ondoan jarriko gara. Haren konpainian metro batzuk egin ostean, ezkerrera hartu eta Portal edo Atariko haitzera iritsiko gara.
Ataritik Rozas urmaelera
Bide nagusitik jarraituko dugu, beheraka. Basotik irtetean, ezkerrera egiten duen basabidea baztertuta, zuzen segitu eta lepo moduko batera iritsiko gara. Ondoren, bide nagusiari men eginez, ur-putzu baten ondoko bidegurutze batera jaitsiko gara. Hango geziei kasu eginda, eskuinera egin eta iturri baten ondotik igaroz, Urturi eta Kintana herrietako bide sardara iritsiko gara. Ezkerrera joko dugu hor, eta, burdinbide bat zeharkatuta, eskuinera egingo. Kintanara bidean gaude jada. Las Rozas baltsaren eta benta zaharraren ondoan igarota, Kintanan itxiko dugu Izki barreneko zirkuitua.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Izkiko ataria
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Kintana, Urturi, Dorre, Obekuriko baltsa, San Bitor, Izkiko ataria, Izki,
- Distantzia: 10,5 km.
- Iraupena: 3 ordu.
- Ingurunea: Denboraren poderioz sorrarazitako harrizko arku galanta ikusiko dugu Izki natur parkeko ameztiaren babesean. Parada bikaina udazkeneko kolore oparoez gozatzeko.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu