Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Jugatxi haitza inguratuz

MENDIA. IBILBIDEA. Jugatxi haitza inguratuz.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Jugatxi, Esperendio, Murgia, Jugo
  • Distantzia: 5,5 km.
  • Iraupena: Ordu 1 eta 40 mn.
  • Ingurunea: Arabako Murgia eta Jugo herrien artean Jugatxiko baseliza eta basoa daude, Esperendio izeneko mendilerro xumearen gainaldean.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2009ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Murgia herriko eliza ondoan hasiko dugu Jugatxiranzko ibilbidea, Zuia eskualdean. Paseo polita egingo dugu Esperendio edo Jugatxi haitzeraino: bidea egokitu berri du Zuiako Kuadrilak, eta ibilbidearen nondik norakoak eskualdea hizpide hartu duen karpeta dotore eta praktiko batean jaso dituzte. Herriko plazako argibide taula batean, gainera, beste xehetasun batzuk irakurtzeko aukera izango dugu. Tontorra bera helburua izanagatik ere, geldialditxo bat egingo dugu basoan dagoen baseliza xumearen aurrean. Izan ere, gaur egungo fabrika XVII. mende bukaerakoa izan arren, Jugatxiko Ama Birjinari zor zaion debozioa aspaldi-aspaldikoa da.

Hasteko, tontorrera egingo ditugu lehen urratsak. Gero, haritz sendoen artean ibiliko gara. Segituan, Jugo herrira jaitsiko gara, Murgiaranzko itzulera handik hasteko. Distantzia laburreko eta desnibel apaleko ibilbidea, hortaz; familia eta lagun artean egiteko.

Esperendio gaina

Gasteizeranzko bideari ekingo diogu Murgiako elizaren aurreko plazatxoan. Domingo de Sautu kaleari, alegia. Gurutze Gorriko instalaziora iritsi aurretik, eskuinera egingo dugu, eta norabide debekatua adierazten duen seinale baten atzetik segituko.Seinaletik metro gutxira, ordea, basoan bete-betean sartu eta goraka ekingo diogu pagoen, gaztainondoen eta gorostien artean. Zidorrean eginiko egokitzapen lanak direla eta, gozo-gozo arituko gara enbor lodiko zuhaitzen artean. Batzu-batzuk atentzioa emateko modukoak dira, eta arretaz ibiltzea da zentzuzkoena, Jugatxiko basoaren historiaz jantziko bagara bederen.

Jugatxiko baselizaren aurrean izango gara laster batean, baita 1986an Arabako Diputazioak atondutako atsedenleku batean ere. Izan ere, laurogeiko hamarkadan 23 parke egokitu zituzten geografian zehar, eta 1984-87 denboraldian Jugo herriari egokitu zitzaizkion Esperendio gainaldetik hurbil diren baso eta baseliza ederrak.

Denboraren poderioz, ezagunago bilakatu da Gorbeiako parke naturalaren atariko zoko miresgarria, nahiz eta inguruko bizilagunek tenplu horretan hitzordua izan ohi duten aspaldi-aspalditik. Historialariek diotenez, 1556az geroztik ezaguna da Jugatxiko kofradia, eta, urtero-urtero, ehunka pertsona biltzen dira ermitara Jugatxiko Ama Birjinari merezitako diosala egiteko asmoarekin, baita lapikoaren usadioari eusteko ere. Ohiturari jarraituz, kofradiako kide bakoitzak, txitxirioak zorroan zituela, ermitaraino igo, eta lapiko handi batean sartu ohi zituen, gainerako kideek ekarritakoarekin bat egiteko xedez. Gaur egun tradizio hura galdu denez, bazkaria enkargatu egiten dute udaberriko eta udazkeneko erromerietan. Lapiko haren oroimenez, ordea, lasterketa bitxia antolatzen segitzen dute zuiarrek: maldan behera abiatzen dira arin-arin, eta herrian gordeta dagoen buztinezko lapiko txiki bat ermitaraino igo egiten dute laster-kariek, indarrak aldatsetan utzita.

Jugatxiko haitza

Baselizaren atzealdetik abiatzen den zidorrari jarraituta, Esperendio lerroan gailentzen den haitzera igoko gara. Autobiaz bestaldean, Zarate herria ikusiko dugu, baita Gorbeialdeko eskualdeko hainbat bazter eta zoko interesgarri ere. Baselizaren ezkerraldetik abiatuta, iturri batera jaitsiko gara, 141 eskailera maila zapalduta.

Jugora jaisteko asmoarekin, parkeraino iristen den bide zabalari ekingo diogu gero. Herrian eskuinera egin, ikuztegitik igaro eta elizaldera egingo dugu. Tenpluaren aurrean, eskuinera hartu, eta kalean gora segituko dugu, 18 zenbakiko baserriraino. Etxe horretan, igotzeari utzi, eta, bertantxe ezkerrera eginez, belarrez estalitako basabidetik jarraituko dugu. Soroak ezkerrean ditugula eta baso trinkoa eskuinean, aurrera joko dugu, zehar-zehar. Minutu gutxiren buruan, Murgiako errepidean izango gara. Nahiko izango da orduan ezkerrera okertu eta errepideari segitzea plazatxoan berriz izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.