Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Kalamuako lubakiak

79005271Master
MENDIA. IBILBIDEA. Kalamuako lubakiak.
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Kalamua, Arrate, Usartza,
  • Distantzia: 8 km.
  • Iraupena: 2 ordu et 15 mn.
  • Ingurunea: Mendizale askoren ihesbide eta topaleku izaten da Kalamua mendia; Eibarko Amaña auzotik igota, Arrateko santutegira iritsiko gara, eta handik abiatuko dugu txangoa.
  • Estekak: Ibilbidea
mikel arrizabalaga
2009ko azaroaren 6a
00:00
Entzun

Datu ezaguna da Kalamua fronteko lerroa garrantzitsua izan zela 1936ko gerran, eta, inguruak ondo aztertuz gero, berehala ohartuko gara gerra garaian irekitako lubakiak daudela. Han, errepublikazaleek gogor egin zieten aurre espainol faxistei. Lehenago, XIV. mendean, Ahaide Nagusien arteko guduan banderizoen borroka gertatu zen inguru hauetan; oñaztarren eta ganboarren arteko batailak, hain zuzen ere. Gaur egun paraje lasaia da Kalamua ingurua, mendizale askoren ihesbide eta topaleku.

Arratetik Usartzara

Santutegiaren ondotik abiatu gara gaurko txangoan, eta hotelaren eskuinaldetik ateratzen den pista hartu dugu. Ehunen bat metro errepidean bete eta gero, hori utzi eta pistatik gorantz jarraitu dugu. Eskuinaldera ateratzen diren bide guztiak utzi eta PR GI 108aren bide seinaleek erakusten duten norabidean aurrera egin dugu. Akondia mendiaren magalean zehar igotzen jarraitu, eta laster gertu ikusi dugu Altza baserriko Txabolia Elkartea deiturikoa, eta metro batzuk beherago Txabola Pagola baserria, Gipuzkoako lurraldean altuerarik handienean dauden baserrietako bat. Pago motzen artean, bide erosoak Akondia baserrira eraman gaitu, eta haren ondoan dagoen baselizara, San Pedro baselizara. Laukizuzen formako eraikin txiki horrek atari sinplea eta habearte bat eta portiko bat ditu. 36ko gerran, defentsarako leku gisa erabili zuten, haren hormetan zenbait kanoizulo irekita. San Pedro egunean, ekainaren 29an, meza emateko ohitura dute, eta bertan lurrak eta soroak bedeinkatzeko ohitura bizirik dago oraindik. Toki honetan Gipuzkoako itzuliaren bidearekin (GR 121) bat egin dugu.

Usartzatik Kalamuara

Porlanezko pistatik Usartzako atsedenlekura jaitsi eta metro batzuk lehenago, eskuinera dagoen bidea hartu dugu. Bide honen izenik ezagunenak goiko bidea eta haurdunen pasealekua dira. Akondia eta Garagoitxiko hegaletik zabaltzen den bidean barna, ezkerrera utzi dugu San Roman ermitara doana. Kalamuako laura heldu aurretik, Eibarko Klub Deportibok egindako hiru iturri aurkitu ditugu, baita elkarteak 1961ean eraikitako aterpea ere.

Parez pare dugun maldari ekin diogu. Azken metroak bete aurretik, Brontze Aroko Diruzuloko tumulu zirkularraren ondotik pasa -On Joxe Miel Barandiaranek aurkitu zuen hori, 1932. urtean- eta berehala heldu gara Kalamuara edo Maxera, Euskal Herriko talaiarik onenetakoa kontsideratzen den mendiaren tontorrera. Ikuspegi paregabea! Aurrez aurre Garagoitxi, Akondia eta, atzean, Urko. Eguraldia lagun izanez gero, Gipuzkoa eta Bizkaiko mendi gehienak ezagutuko ditugu mugako tontor honetatik. Bereziki: Arno, Andutz, Erlo, Karakate, Irimo, Aizkorri, Udalatx, Anboto, Oiz... eta urrutixeago Gorbeia. Markinako ibarra eta Elgoibarko San Pedro auzoko bailara ere gertu ikusiko ditugu.

Kalamuatik Arratera

Abiapuntura itzultzeko, Kalamuako laura jaitsi eta zelaiaren erdian egurrezko hesola batek hiru norabideren berri emango digu. Berriro Usartza aldera hartu beharrean, egurrezko seinalean Arratera 3 km jartzen duen norabideari jarraitu diogu, PR-Gi 122aren seinale zuri eta horietatik. Laster, igotzeko erabili dugun bidearekin (PR GI 108) bat egin dugu.

Arratera iristean, merezi du Euskal Herrian ezagunenetakoa den santutegiari bisita egitea. Arrateko Amaren XIV. mendeko irudia dago elizan, Ignazio Zuloaga margolari eibartarraren zenbait lan ere badira hormetan eskegita, eta, eliza askotan bezala, baita itsasontzia ere sabaitik zintzilik. Irailaren 8an han egiten den erromeriara jende ugari bildu ohi da urtea joan eta urtea etorri, eta han dagoen Amaren irudiak debozio handia du eibartarren artean. Santutegiaz gain, Arrateko parajea oso leku aproposa da eguna lasai pasatzeko.

Bide osoan seinale zuriak eta horiak (PR GI 108 eta 122) eta tarteka zuri-gorriak (GR 121 eta 123) lagundurik osatu dugu ibilbide eder hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.