Kontrasta herrira iristean, iturri monumentalaren aurreko plazatxoan utziko dugu autoa. Eliza aldera jo gabe, ordea, Elizmendi kaletik abiatuko gara, hegoalderantz. Behin baselizara iritsita, absidera joko dugu horman txertatutako erromatar garaiko harlauzak ikusi ahal izateko. Ekialdera begira jarrita, absideak markatzen duen norabideari jarraiki, maldan behera abiatuko gara plazatik datorren asfaltozko bidearekin bat egin arte. Eskuin aldetik segituko dugu gero, Kontrastako sakanetatik barrena zuzenduko gaituzten seinaleak gogaide. Errepidetxoak ezkerrera jo baino lehenago, ezkerretik irteten den belarrezko bide batetik jarraituko dugu, gezi batek adierazten duenez. Otxango errekaren gainetik igaro, eta burdinezko ate bat zeharkatu ondoren, hasierako norabideari eusten dion bide harriztatuari jarraituko diogu. Ondo-ondoan alanbre bat badago ere, alde batera utziko dugu laster batean; izan ere, xenda estuak goratasuna hartzeari ekingo dio, eta Azkontea sakana eskuinean utziz joango da. Otzamendi edo Arnaba mendiko iparraldean irekitako sakanak alderik alde zeharkatzen hasiko gara, eta, orotara, sei lepo igaroko ditugu. Horietako lehena, laster, Mendia deritzan muinoaren altzora iritsi bezain agudo.
Lepoz lepo, ur-jauziraino
Lepoan, eskuinera egin eta zehar-zehar jarraituko dugu hego-ekialderanzko norabideari eutsita. Tostaranako sakana ezkerraldean ikusiko dugu. Bigarren lepora uste baino arinago iritsiko gara, eta, Tostaranako muinoa inguratuta, hirugarren lepora. Hango bideen artean, gorantz doana alde batera utzita, ezkerretik doanari jarraituko diogu. Hala, bi minutu geroxeago, Kontrasta inguruko ibilbidea laburragoa egiteko aukera paregabea eskainiko digu ezkerretik abiarazitako basabideak. Izan ere, bide zabal horrek Arramelaldiko sakanean barrena zuzendu ostean ibilbidearen amaieran igo behar dugun azken leporaino lagunduko digu; Barrekuaraino, alegia. Desbideratze horri muzin eginda, haatik, zeharka darraion bideari eutsiko diogu. Armontu piramide itxurako tontorra aurrean ikusiko dugu; horrantz abiatuta, tontorraren eskuineko magalean zabaltzen den leporaino igoko gara. Adi-adi ibiliko gara, ordea, lepoaren inguruan izatean, pista nagusiak magal horretatik aldenaraziko gaitu eta. Beraz, pintura horiko seinaleei men egin, eta leporainoko azken zatia erraz-erraz egingo zaigu.
Alanbre baten ondoan jarrita, haren paraleloan jarraituko dugu Nafarroako eta Arabako muga adierazten duten mugarrira eta alanbrera iritsi arte. Alanbre hura gurutzatu bezain pronto, ezkerrera joko dugu, eta Kontrastara bueltatuko gara. Bide nagusitik irten gabe, ordea, sakanean behera egiten hasiko gara, erkameztian zeharreko paisaia liluragarrian. Behiala Larragoako gotorlekua edo gaztelua izandakoaren azpitik igaroko gara. Erabat utzita dagoen etxalde baten ondotik igaro ondoren, Uiarra erreka zeharkatuko dugu. Aspaldi Larragoako errota martxan ipintzen zuen ur emaria bideratzeko propio eraikitako ubidea ikusiko dugu erreka bazterrean, baita Uiarrak berak sorrarazitako ur-jauzi ederra ere. Turrustak duen toponimoaz arduratuta, Larragoako Jesus Diaz ikerlariaren ustez, Paradera deitu daiteke ubidearen ondoko saltoa, Zaitegi eta Artasubiela parajeen artean baitago.
Mendigurengo sakanean gora
Ibarrean gora segituko dugu pista nagusiari kasu eginez. Pitin batean, besterik ez. Izan ere, bide zabala baztertu, eta erreka bazterretik doan xendari jarraitu beharko diogu laster. Erreka gaineko metalezko baranda bat ikusiko dugu meandro batzuen ostean. Hara abiatuko gara, eta, zubia igarota, ezker-eskuin egingo dugu Mendigurengo sakanean gaindik egiten den igoera ederra hasteko. Barrekuako lepora iristeko asmoz, eskuinera joko du bideak ibarraren gainaldera iristear garela. Tuparriak agerian uzten dituen karkaba batzuk ikusiko ditugu lepoan. Ipar-mendebaldera egingo dugu lepoan, eta, altitudea gehiegi aldatu gabe, Uiarrako ibarra korrituz segituko dugu. Hariztitik irtendakoan, Kontrastako hiribildua aurrez aurre ikusiko dugu, baita Ameskoako ibarrak babesten dituzten mendi tontor ezagun batzuk ere; Murube eta Haizluze, besteak beste. Bideak ezkerrera egin eta langa bat igaro ostean, herriko plazara iritsiko gara.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEA. Kontrastako sakanak eta Paraderako ur-jauzia
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Araba
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Kontrasta, Tostarana, Paradera, Barrekua
- Distantzia: 9,5 km.
- Iraupena: 2 ordu eta 15 mn.
- Ingurunea: Arabako hego-ekialdean dago Harana ibarra, Nafarroako mugan. Zortzi ibilbide seinalatu zituzten ibarreko altxorrak ezagutarazteko. Kontrastako sakanak korritzen dituena da, akaso, ibilbiderik basatiena.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu