Mila metroko batez besteko garaiera duen mendilerro harresitua da Lokiz. Iparraldean Urederrako ibaiadar Ujarrara erortzen diren baso itxiko isurialdea duen arren, hegoalde eta hego-mendebaldera, labar bertikal ikusgarriak ditu Lana eta Allin ibarren gain. Lehenengoan, Kantauriko erauntsien eragina iristen zaionez, pagoa nagusitzen da, eta haritza altueran jaitsi ahala. Bigarrenean, berriz, labarren oinetan erkametza gailentzen da, besteak beste, arte eta haritzarekin nahasturik. Ipurua, elorria eta ezpela, bestalde, nonahi aurki daitezke. Goialdea lautada zabalak osatzen duen arren, ez pentsa guztiz zelaia denik. Hala, mendilerroko punturik garaienak mendebaldean goratzen dira, Arabako mugalerroan: Otzamendi (1.256m), Arnaba (1.225m) eta Larraineta (1.155m). Beste muturrean, aldiz, Sartzaleta (1.109m) eta mendilerroaren izena daraman Lokiz (1.115m) dira goi lautadatik gailentzen direnak. Bada azken horretara igotzeko Galdio herrixka duzue abiapuntu aproposa.
Urbasa aurrez aurre
Elizaren ondotik (545m) herriko kaleetan gora abiatu eta herrigunea alderik alde zeharkatu. Igoera PR-Na 185 ibilbidearekin bat datorrenez, bidegurutze baten bat izan ezik, gainontzekoak ondo markaturik dituzue, pintura hori-zuriekin eta egurrezko hainbat adierazle bidez. Galtzeko arriskurik, beraz, apenas duzuen. Herriko ur biltegi berrira iritsitakoan, (600m) langa gainditu, eta eskuinera jo lokazturiko bidetik. Behin aska atzean utzita bide garbitik aurrera segi, eta, ordu laurdenean, Artabiatik datorren pista zabalago batekin egingo duzue bat (705m). Hurrengo bidegurutzean eskuinera hartu behar duzue, ezkerreko bidea itzuleran erabiliko baituzue (750m). Mendiaren zati horretan labarrak hain ikusgarriak ez izanagatik, haietara gerturatu ahala nabarmen agertuko zaizkizue. Hala, bideak, igo ahala gero eta estuagoa, labar horien eta haitz monolito itzelen artetik maisuki egiten du gora (Ilusiako haitzak). Malda zuzen eta pikoa igoko duzue lehenik, eta bihurgune parea eman eta pagadi ederra igaro ondoren, goialdeko larreetan agertuko zarete (980m). Hartu lasai arnasa, eta ikusmiraz gozatu. Aurrez aurre duzue Urbasa eta gertuago Etxabarriko haitzak.
Lokiz tontorra ere ez duzue hortik urrun. Ezkerra biratu, pistari ekin eta eskuinera egiten duenean jo zuzen gorantz. Belardietatik lehenik, tontorreko pagadian ondoren, berehala zarete San Kosme ermita xumearen parean (1.105m). Hainbat lorez apainduriko aldarea besterik ez, eta santuaren arrastorik batere ez. Atzeko gela, berriz, mendizalearentzat aterpea, hori ere hutsik. Hortik gertu duzue zuhaiztia dela eta, ikusmirarik eskaintzen ez duen tontorra. Bi buzoi, eta bietan Lokiz mendia dela (1.115m).
Ermitatik behera belardietara jaitsi, eta Galdiotik Barindanora doan pistara helduko zarete. Ezkerrera jo, eta beherako bideari ekin. Hainbat bihurgune eman ostean zidor harritsu malkartsua pista zabal baten amaierara irtengo da (990m). Labarren oinetik horizontal doa pista, eta horixe jarraitu behar duzue. Ezkerrean ikusmira ederreko talaia duzue, herria eta ibarra goitik ikusteko. Pistak beheraka egin ondoren ezkerrera du lehen bihurgunea eta eskuinera laster hurrengoa. Horretan zuek zuzen jarraitu igoera bidearekin bat egin arte.
Basaurako koba
Basaura edo Basaulako konplexua Lokiz mendilerroaren ekialdeko fenomeno espeleologikorik garrantzitsuena da. Sei kilometrotik gorako lur azpiko galeria sare zabala osatzen du. Galeria konplexu horrek osatzen du, hain zuzen, Lokiz ekialdeko akuiferoa, eta hor pilatzen da goialdeko zabaldietan erortzen den ur gehiena. Akuiferoaren uraren hustubide naturala Basaurako koba baino beherago dagoen Itxako iturburua da. Urteko batez besteko emaria 1.500 litro segundokoa du, eta Lokizko beste bi iturbururekin batera Lizarraldea hornitzen du urez.Basaurako koba iturburu fosila da; hau da, euria erruz egiten duen garaian soilik irteten da bertatik ura, Itxakoko hustubideak ezinean dabilenean eta akuiferoko ur soberakinen maila Basaurako ahoraino iristen denean. Urederra ibaiaren eskuin ertzean dago, eta hara iristeko Itxako iturburura eta ur biltegira doan pista hartu behar duzue, eta azken horretara iritsi baino lehen eskuinetara doan bidea. Erreka zokora jaisten den zidorretik jo bidegurutzean, eta zuzen eramango zaituzte haitzuloaren ahora.