Lurrari eta itsasoari so
Mikel Arrizabalaga
Mendizale askorentzat Kukuarri ezezaguna izan arren, oriotarrek asko maite duten mendia da. Euskal Herriko mendi asko bezala, Talaimendi ere esaten zaio, garai batean, baleak arrantzatzen zirenean, talaiariak Kukuarrira igotzen baitziren baleak ikusi orduko herritarrei horren berri emateko. Baina azkenaldi honetan itsasoa eta lurra batzen diren inguru horiek ezagunagoak dira kostaldetik datorren Donejakue bideak erakarri dituen erromesei esker.
Oriotik Itxaspera
Orioko herriko plazatik abiatuta, moilarantz hartu, eta ibaiaren ondotik doan pasealekutik aurrera eginez, berehala helduko gara kiroldegi eta ikastolaren ondora. Itxaspe baserriraino heldu arte GR-121 (Gipuzkoako itzulia) eta PR-GI 158ari dagozkien bide seinale zuri, gorri eta horiak izango ditugu lagun. Baratzak albo batean eta ibaia beste aldean, A-8 autobidearen azpitik pasatu, eta orain gutxi berritu duten kirol-portu txikia atzean utzita, Antillako hondartzara iritsiko gara. Itsasoaren enbatetatik babesteko eraikitako barra handiak itsasoaren ikuspegia eragotziko digu, eta paisaia horren bila abiatuko gara hondartzaren beste aldean dagoen gorako bidea hartuta.
Hasierako porlanezko aldapa pikoak talaia eder batera eramango gaitu. Lurrezko pistatik gorantz egingo dugu jarraian, eta Itxaspe baserriaren ondora iristean, GR eta PRaren bide seinaleak banatu egingo dira. Zurigorriak jarraituz gero, Donostiaraino joango gara, eta zuriak eta horiak segituz gero, Oriora itzuliko gara.
Itxaspetik Kukuarrira
Oriora doan bidea utzi, eta obretan dagoen errepidetik gora hartuko dugu bidegurutzeraino. Puntu horretan, itsas bazterretik doan bidea utzi (marka zurigorriak), eta Kukuarri jartzen duen bidea hartuko dugu. Pinudian murgilduko gara, eta eskuinera ateratzen diren xendak utzita aurrera egin dugu, beste bidegurutze batekin topo egin arte. Berriro ikusiko ditugu Kukuarrira igotzeko markak, eta xenda estuari helduz erraz igoko gara antenaren azpitik datorren pistara. Bide zabala jarraituz berehala iritsiko gara 1949an altxatu zuten Kukuarriko gurutze handiaren ondora. Horren alboan Jorge Oteiza artista handiak eginiko Ama Birjinaren irudia dago. Dagoeneko 60 urte bete ditu gurutzeak, eta horren inguruko zelaietan maiatzaren azken igandean egiten dute oriotarrek Kukuarri Eguna.
Kukuarritik San Martinera
Ikuspegi ederraz gozatu eta gero, garai batean talaiariek balea arrantzatzeko erabiltzen zuten begiratoki aparta horretatik zuzen jaitsi beharrean, mendebalderantz doan xendan barrena abiatuko gara. Talaimendi inguratzen duen bidea tontorretik zuzen datorrenarekin elkartu, eta maldan behera joango gara, Donostiatik datorren Donejakue bidearekin bat egin arte. Andu baserrira heldu aurretik, oraindik ikus daitezke galtzada zaharraren zati batzuk. Gaur egun egurrezko mugarri moduko batzuek eta gezi horiek erakusten digute jarraitu beharreko bidea. Asfaltatutako bidetik A-8 autobiderantz jaitsiko gara, tunela zeharkatu eta malda motz baina piko bat gainditu behar izango dugu erromesentzat geraleku izandako San Martin ermitaren atari ondora heltzeko. XVI. mendeko egungo eraikina eraikin zaharrago baten gainean altxatzen da, eta barruan San Martin, San Sebastian, Kristo Santua eta Santa Anaren irudiak dituzten hiru erretaula daude.
San Martinetik Oriora
San Martin ermita eta Orioko San Nikolas eliza lotzen dituen gurutze bidetik (14 gurutze) aurrera egingo dugu, herriaren, Oria ibaiaren bokalearen eta itsasoaren ikuspegi paregabeaz gozatuz. Kanposantuaren ondotik pasa, gaur egun Donejakue bidea egiten duten erromesentzat Aldape etxea ezkerrera utzi, eta galtzarritik behera egingo dugu. Herrigunera iristean, Erdi Aroko eraikin ederrez osatuta dagoen Kale Nagusia zeharkatuko dugu, eta Orioko eliza nagusia den Bariko San Nikolasen ondotik herriko plazara jaitsiko gara. Akabo!
Oteizaren Ama Birjina
Jorge Oteiza (1908-2003) Orion jaio zen, Endaia etxean. Ezagunak dira haren ekarpenak, batik bat eskulturaren alorrean egindakoak. Herrian bertan ere berak egindako lanak ikus daitezke: Bariko San Nikolas elizaren azpian Pietatea eskultura ezagunaren erreprodukzioa dago, eta Kukuarriren tontorrean, berriz, trikuharri baten gainean, Ama Birjinaren irudia (1953). Garai batean Euskal Herrian hildakoak oroitzeko erabiltzen zen egitura dakar gogora irudiak. Eskultura hori Oteizaren adiskide zen Pako Barjakobak eskatuta egin zuen. Lehen irudia hondatuz joan zen, eta, horrela, 1970eko hamarkadaren bukaeran beste eskultura bat jarri zuten, gaur egun dagoena.