Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Munstro jalearen gainetik

MENDIA. IBILBIDEA. Munstro jalearen gainetik.
  • Herrialdea: Bizkaia
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Mañaria, Mugarrikolanda, Mugarra, Santza Lutzi, Neberondo, Atxurkulu
  • Distantzia: 13,8 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 mn.
  • Ingurunea: Urkiolako natur parkean barrena, Mugarra mendia izango dugu jomuga, ingurua zatartzen duen harrobia saihestuz.
  • Estekak: Ibilbidea
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Harrobiak Mugarrako ertza erdi irentsita badauka ere, gaur proposaturiko txangoan ez zarete ohartuko horretaz. Mendi zoragarri honetara igotzeko bideak asko izanik, oraingo honetan Mañaria (Bizkaia) hartuko dugu abiapuntutzat, praktikoena busez gerturatzeko zein menditik bueltan herrian patxada ederrean zerbait hartzeko. Autobus geltokitik plazara joango gara, eta iturri ondoko zubia zeharkatuko dugu, eskuinekoa. Goranzko porlanezko bideari ekingo diogu, harik eta hamabost minutu betetzeke direla bihurgune itxi batean eskuinera egingo dugun arte (IE). Ehun bat metro gorago ezkerrera joango gara (IM), hormigoia lur eta harri-txirri bihurtzeaz bat. Hemendik aurrera ez dago okertzerik, bidea bakarra baita.

Pista nagusiak eramango gaitu zuzen Mugarrikolanda leporaino -leku aparta umeekin olgetan ibiltzeko nahiz mokadua hartzeko-, eta eskuinera joko dugu (IE), aldats belartsuan gora, Mugarraren bila. Igo nahi ez duenak bertan geratzea dauka, baina ez diogu inori horrelakorik gomendatuko: igotzea merezi du. Behetik kontrakoa iruditu arren, ez du aipatzeko arriskurik, arretaz ibiliz gero, jakina. Behin goiko burdin hesian, berau igaro eta marka gorriei segika tontorreratuko gara, lepotik ordu erdian (964 metro, buzoi bi eta xaflak). Gailurretiko ikuspegia, eguraldia lagun, itzelezkoa da, bai Durangaldeko mendiak bai Legarmendi mendilerroa nabarmenduko zaizkigula.

Arretaz beheratuko gara, Mugarrikolandan garenean eskuinera eginez (M). 200 bat metrora iturria dago, eta ur poltsa betetzeko aprobetxatuko dugu. Mugarraren magalean jarraituko dugu, sakanean behera eta hainbat erosoen (I). Belarra berehala desagertuko zaigu, harriei bidea ematearekin batera. Kontu handiz ibiltzeko moduko tartea dugu, harriok labaingarri egon ohi baitira. Hogei bat minuturen buruan, legar pistarekin topo egitean, eskuinetik segituko diogu hogei metroz (I). Eskuinean sartu (E), behera, hamar minutuz bide nagusiari men une oro. Bihurgune itxian eskuinera egingo dugu (HM), zuzen doan aldaia alboraturik. Berehalako elkargune bakarrean noranzkoari eutsiko diogu (E), eta bost minutu barru Santa Lutzi auzora iritsiko gara. Heldu aurretik, bistan azalduko zaigu hurrengo ordu erdian bidaide izango dugun errepidetxoa. Auzunearekin bat eginda, eskuinera egingo dugu, porlanean behera, eta GRko marka zuri-gorriak lagun. Ordu erdi barru, Neberondoko atsedenlekua adierazten duen bide seinaleak eskuinera zuzenduko gaitu (H), legar pistan gora eta asfaltoa lehenengoz bazterturik.

Lainoturik egon ezean, Atxurkuluko aldats pikoa ikusgai izango dugu. Behin atsedenlekuan, ezkerrera jo (HE). Burdin hesia bukatzean, eskuinera eta belardian gora joango gara, noranzkoari eutsiz (HM). Zuhaiztian sartzear gaudela, bidexka ikusiko dugu. Leporaino ez dugu utziko, baina kontu handiz ibiltzekoa da, bustirik baldin badago batez ere. Atxurkuluko lepoan zuzen jarraitu, beste isurialdetik jaisteko (HM). Leiho honetatik Saibi, Eskuagatx eta Gorbeialdea begiztatuko ditugu alde batean, eta bestean, itsasoa, Urdaibaiko mendiak eta Oiz, bereziki. Zidor nabarmenik ez, eta ahalik ondoen beheratuko gara, eta eskuineko harrietatik gertu, ahal dela. Eskumako harri piloek Mugarrako hormaren babesera erakarriko gaituzte. Bidezidor gozo batetik hasierako pistarekin bat egingo dugu, eta ezkerrera eta behera joko dugu herriraino.



Urkiola natur parkeko atsedenlekua, elurzuloaren lekuko

Urkiolako natur parkean ibiliko garenez, garrantzitsua da hainbat gauza gogoraraztea. Autoa aparkatzeko, adibidez, derrigorrean erabili behar dira horretarako markatutako lekuak, eta ezin da bertan autorik garbitu edo oliorik aldatu, ez eta kutsadura sor dezakeen bestelako eragiketarik egin ere. Ez da surik piztu behar, eta sortzen ditugun hondakinak poltsa batean jaso behar dira. Urkiolako atsedenlekua aproposa da mendi buelta bukatu ondoren gelditzeko. Mahaiak daude han, eta erretokiak ere bai. Atsedenlekuak antzinako harrizko elurzuloari zor dio izena. Izan ere, alde horretan dago antzina izotza egiteko erabiltzen zen elurraren biltegia. Durangora eramaten zen elur hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.