Mendi ibilaldia

MENDIA. IBILBIDEA. Nerbioi ibaiaren altzoan

MENDIA. IBILBIDEA. Nerbioi  ibaiaren altzoan.
  • Herrialdea: Araba
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Laudio, Luiaondo, Otazu, Gardea
  • Distantzia: 9 km.
  • Iraupena: 2 ordu.
  • Ingurunea: Bidegorri bat inauguratu dute Aiarako eskualdean. Nerbioi ibaiaren ondo-ondoan doa bidea, eta, hari segika, Luiaondoko Otazu baserriaren eta Laudioko herriko plazaren arteko zati luzean ibiliko gara.
  • Estekak: Ibilbidea
Josean Gil-Garcia.
2010eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Nerbioi ibaia kutsadurarekin eta delitu ekologikoekin lotua izan den garai ilunak atze-atzean geratu dira jadanik. Ahaztuta, beraz, ibaiaren ur azala kolore okre batek hartzen zuenekoa. Alderdi berria erakutsi nahi du orain Euskal Herriko ibai nagusi horrek. Izan ere,Arabako Luiaondo eta Laudioko Gardea auzoa lotzen dituen 3,5 kilometroko bidegorri bat inauguratu dute -oasi bat, seguru, Pinus radiata-ren orratzontzian- eta horrek pasealeku ekologikoen zerrenda osatuko du.

Birlandaketak egin dituzte egokitutako magaletan, eta atsedenerako hornigarri batzuk jarri dituzte. Hori guztia, ibarrotako bizilagunei zein turistei plazer emateko. Trazadura laua duen XXI. mendeko galtzada trinko baten gainetik ibiltzeak berak helarazten duen soseguan murgiltzeko, bestela esanda. Laudio eta Luiaondo izan dira Nerbioiko parke linealaz gozatzen lehenak; ez dira, ordea, azkenak izango. Amurrio, Urduña eta Delika herriak euren zatia egokitzeko lanak noiz hasiko zain daude jadanik, batez ere ibilbide berdea sortzeko egitasmo honek harrera ona izan duela ikusi ondoren. Hori bai, dirutza sartu beharra dago orain arte autoena izaniko esparrua oinezkoekin partekatu aurretik.

Ibilbide ekologikoan barrena

Joan-etorria egingo dugu Laudio eta Luiaondo herriak lotzen dituen ibilbide ekologiko berriari jarraituz. Gardea eta Otazu auzoen arteko zatia berriki inauguratu dute, baina Laudioko Herriko Plazaraino luzatu nahi izan dugu guk ibilbidea, betiere Nerbioi ibaia bidelagun dugularik. Ibilbidea Luiaondon hasi dugu, Laudioranzko irteeran dagoen Otazu izeneko baserriaren eta Erdi Aroko zubi ederraren aurrean. Otazu dorretxeraino behiala iristen zen galtzada zaharberritua hartuko dugu eta zubiaren gainaldera igoko gara. Begi bakarreko zubia da, eta haren egitura aparta arku zorrotz batek eratzen du. Porlanezko bideari ekingo diogu, eta ibaiaren konpainia utzi gabe, Olarte errekastoaren gainetik igarota,Tapia baserrira iritsiko gara berehalakoan. Orain dela hamarkada batzuk arte irina egiteko errota-lanak egiten zituen baserri horrek.

Izpiritu Santu bentaren inguruan, metalezko lehen zubia ikusiko dugu, 35 metrokoa. Ibaiaz bestaldetik jarraituko dugu. Errepide nagusiak eta ur-korronteak utzitako igarobidearen konpainian, 172 metroko luzera duen hegal edo zaldain batera iritsiko gara. Guk aitzina joko dugu, tipi-tapa. Ibilbide ekologikoa jendeari ireki diotenetik, hamaika lagunek egiten dute hitzordua ibarrotako zaldain berrietan; izan ere, bizikletentzat zein oinezkoentzat prestatu baitute bidea, eta jendea trumilka biltzen ari baita bidera azkenaldion, burdinazko obra sendoari darion xarmaz gozatzeko aitzakian akaso.

Laudioko saihesbidearen azpitik igaro eta, lurzoru gogorreko materiala horixka zapalduta, Gardea auzorantz joko dugu. Azken zubia Nerbioi ibaiko aforo estaziora iritsi aurretik zeharkatuko dugu. Ondoren, Katuxa-Ibarra kaleari jarraikiz, Gardeako eliza bistan izango dugu laster, eta, hantxe, inauguratu berri den ibilbidea amaiera. Ez, ordea, gure proposamena, Laudioko industrialdearen paraleloan jarraitzea posible da eta. Gardeako eta Olabeasko zubiak gurutzatu gabe, hortaz, ibaiaren konpainian segituko dugu, Katuxa zubiaren ondoan izen bera daraman XVIII. mendeko jauregi dotoreraino. Goikoetxea zubi ondoan urkiek eta zuhaixka arruntek edertzen duten ibaiertzetik ekingo diogu eta, Zubiko deritzan zubitik igarota, Lamuza auzoko San Pedro elizaren aurreko plazan bukatuko dugu ibilbidea.

Lamuza parkea gertu baitugu, bisita interesgarria egin dezakegu Luiaondora itzuli aurretik. Zedroak, altzifreak, araukariak eta bestelako espezie exotiko batzuk ikus ditzakegu Lamuza parkean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.