Lasaitasuna isurtzen duten paraje naturalak eta bazter ezkutu ugari gorde dituzte mendiok mendez mende. Duela hamar bat urtez geroztik, ordea, ezagutzeko aukera eskaintzen duen Odieta ibarreko bidexka sarea atondu zuten bertako gazte talde batek boluntarioki, ibarreko beste bizilagunekin batera. Odietako Udalak haien ahalegina ikusita, bat egin zuen ekimenarekin materiala, panelak eta zutoin adierazleak ordainduz. Galduak eta ahaztuak ziren Odietako bide zaharrek bizia berreskuratu zuten hala, udalerriko herrien arteko lotura erraztuz, eta ibilbide lasai eta paisaiaren mirespena bultzatzeko bide bilakatu ziren. Errepide eta abiaduraren aroan bizi garen honetan, bide zaharretan barrena paseatzen ibiltzeak denbora igaro dela ahantzaraziko zaitu, antzinako memoria gordetzen baitute bideok, haurren barreak, mandazainen ziriak, artzainen hotsak. Zalantzarik gabe eredugarria gazte horien ekimena. Gainerako udalerrietako gazteek badute non ikasia.
Ultzama ibaiaren ertzean dago Ziaurritz, gaurkoan abiapuntua (500m). Eliza ondotik abiatuta, erreka pasatu bezain pronto, iturria eskuinean utzi eta ezkerrera jo herritik irteteko. Laster zarete lehen bidegurutzean. Eskuinetik Gaskue herrira eta ezkerretik zuzenean San Urbanora iristeko noranzkoak adieraziko dizuete seinale dotoreek, ibili beharreko distantzia eta guzti. Bidegurutze garrantzitsu gehientsuenetan aurkituko dituzue halakoak, eta arrasto laranja txiki batzuk ibilbidean zehar. Bide sare horretan nahi dituzuen aukerak elkar lotuta, zuen ibilbide propioa osa dezakezue, nahi izanez gero proposatutakotik bestela.
Landutako soro artean doa Gaskuerako bidea, partzelaria zabala hasieran. Bidebanatzean ezkerrera egin ondoren, muinoetara hurbildu eta lehen mendi lepoa igotzeari ekingo dio bide zaharrak. Lasai hartu, berehala zarete-eta goian (585m). Jaisten hasi orduko aurrez aurre ikusiko duzue Gaskueko eliza, muino baten goialdean herrixkako bospasei etxeak menpean hartuz. Behera segi eta laster izango zarete Gaskueko plazan (545m). Herriko ikuspegi polita duzue eliza ataritik. Haraino joan-etorria egitea, beraz, merezi du benetan.
San Urbanoraino bi kilometro pasatxo dituzuela irakurriko duzue zutoin adierazlean. Ibarrean barneratzen da bidea, errepidea hasieran, zoladurarik gabea azken metroetan eta gorantz jotzen duena. Mendi artean gordea dago baseliza, paraje natural paregabean, eta basoz inguratutako belardia du aldamenean (635m). Txukun daude ingurua eta ermita bera, xumea baina handia tamainaz. Odietako gazteen ekimena eta zaharberritzeak azaltzen dituzten hainbat panel ditu hormetan zintzilik, eta oroigarri zenbait, Iruñeko Donibane mendi taldeak jarritako plaka, esaterako: «Hemen euskaraz egizu arren».
Ustelagara igotzea aukera
Ziaurritzera itzuli aurretik mendebaldean goratzen den Ustelaga edo Arranomendiko gainera igotzeko aukera proposatzen dizuegu, baina ez dago seinaleztatua. Igo beharreko desnibela ez da handia, eta ikusmira oso zabala izan ez arren, aproposa da mendi horietako basoak ezagutzeko. Horretarako, erreka gurutzatu behar duzue, lehenik, eta ondoren, Txulapaingo Usi herrira abiatzen den baso bidetik gora igo. Laster helduko zarete bi ibarren arteko mendi lepo eta bidegurutze garrantzitsura (725m). Eskuinera egin behar duzue hor, eta hasieran lauso samarra den zidorrak pagadian barneratuko zaituzte. Ezkerrera bihurgunea eman, malda gogortu eta goialdeko bizkarrera helduko da zidorra. Zuek aurrera egin puntu garaienaren bila. Ohartzerako, soilgune bat aterako zaizue bidera, postontzi eta guzti (810m). Ikuspegia gertuko mendiek eta basoak mugatua bada ere, jaso burua, zabaldu begiak eta gozatu, paraje ederrak dituzue-eta inguruan.
Atzera baselizan (635m), abiagunera iristeko seinaleak jarraitzea besterik ez duzue. Ataka batera igoko da lehenik bidea (700m), eta hortik Ziaurritzera (585m), eskuinean belardi handi bat duzuela malda behera leunean, nabarmenagoa hasieran, ia laua azken metroetako pistan. Amaierako pistara irten aurretik, ordea, Gorriako bordaren ondotik igaroko zarete.
Gaskueko San Urbano baseliza
2000-2001 urteetan Odietako gazte talde batek ibarreko bideen sarea lehengoratu zuen, bide zaharrak berriz ireki, garbitu eta seinaleztatuz. Interes komuneko beste proiektu bat ere egin zuten: San Urbanoko aterpearen berriztapena. Baselizari erantsirik zegoen ukuilua, ibiltari, erromes eta bisitarientzako aterpe bihurtu zuten; baselizaren ingurua ere atondu zuten, eta errekako iturria berreraiki azkenik.1903 eta 1905 urteen artean eraiki zen San Urbano baseliza, XVI. mendeko hondakinen gainean. Han bizi zen ermitauak inguruko herriak bisitatzen zituen ermitaren mantentze lanak egin ahal izateko erremusinak jasotzeko. Kondairak dio San Urbano Gaskueko artzain bati elorri batean agertu zitzaiola. Herri sinesmenak santuari erreuma sendatzeko boterea ematen dio. Maiatzaren 25ean ospatzen zen erromeria, eta Nafarroa, Gipuzkoa eta Bizkaiko erromesak etortzen ziren. Maiatzeko azken igandean ospatzen da egun, eta uztailaren bukaeran, Odieta ibarreko eguna.