Eliza da aipagarria Saldisen. Landa eremuko eraikuntza gotikoa da -XIII. mendekoa-, eta, Pizkunde garaian (XVI. mendea), aurrealdea eta kanpandorrea gehitu zitzaizkion. Gobaraleku estali bat ere badu herriko sarreran (525m), eta herritik kanpo baina ez urrun, Nafarroako Erresuma garaiko gaztelu zahar baten aztarnak (X. mendea), Garañoko gaztelua. Herria txikia da oso, eta kale nagusian gora ekin behar diozue bideari, harrizko etxe dotoreen artean gora. Lehenengo urratsetan Ollarani itzulia ematen dion PR-Na 170 ibilbide balizatuaren arrasto hori-zuriak izango dituzue bidelagun, baina Egillorretik datoz, edo hara doazenez, ezkerrean utzi behar dituzue lehen bidebanatzean. Kairn edo harri pilak ere ikusiko dituzue gora igotzeko nondik jo adieraziko dizuetenak. Zuek, beraz, gora segi. Hainbat bihurgune luze emanez gero eta gorago joango zarete, emeki-emeki.
Galbiderik ez duen bidetik hondakin batzuetara iritsiko zarete. Garai batean, Saldiseko bordak ziren (750m), egun, teilaturik gabeko harri-hormak besterik ez dira, sasi artean, jada eroriak edo arrakalaz beteak eta erortzear. Iruñerria gero eta nabariago agertuko zaizue ostertzean, eta Landabengo zein Donibane auzoetako etxetzarrak bereizi ahal izango dituzue, besteak beste. Etengabe gora, alanbre hesi baten ondoan bihurgunea egingo du bideak (835m), eta aurrera egin eremu garbian gora. Bat-batean bidea amaituko zaizue (900m). Baina ez larritu, zidor batek aurrera egiten baitu, eta hegi belartsuan gora igo, ganaduarentzako aska eta goraxeago urmaela ezkerrean utzita. Harriz zedarritutako maldan gora prozesionariak jotako pinudiaren parera helduko zarete. Hor nonbait, eskuin aldera egiten du zidorrak, gora egiteari erabat utzi gabe. Tontorrera doan bizkarrera irtengo zarete laster, Ollaranera erortzen den kareharrizko gandor bereizgarriaren goialdean (1.045m). Alanbre-hesiaren ondotik gora, beste batekin elkartzean dagoen atakatik barrena igaro, azken metroak egin eta tontorrean zarete.
Itzulera Egillor ingurutik
Mortxe (1.123), Saldise ere estaen diote. Gain belartsua, harri batzuk azaleratzen diren arren. Geodesia-erpina eta buzoia, eta ikuspegi panoramiko aparta edozein aldeetara. Andia mendilerroaz ongi inguratua Ollarandik zein Goñibartik, eta Iruñerria osoa bere zabalean, nola berau ixten duten gailurrak, bestetik. Ostertzean, urrutian, Euskal Pirinioen inguruko hainbat gailur. Hegoaldera azkenik mendilerroko goi ordokiak eta Etxauri tontorra atzean.
Igotako bide beretik egin dezakezue jaitsiera, Egillor ingurutik itzultzea gomendatzen dizuegu, ordea. Ez da asko luzatzen, eta ehun urtetik gorako haritz ederreko basoa igaroko duzue. Igoeran aipatutako alanbre hesi ondoko bihurgunera jaitsi behar zarete lehenik (835m), igotako bidetik. Hor, txakostea igaro, eta beste aldeko hegian doan zidorrari eutsi. Behera egin arren zeharka doa, hasieran; zuzen behera, geroago. Borda zahar batzuen hondarrak utziko dituzue atzean (760m), baita harizti eder batetik igaro ere, eta ur putzu baten ondoan, beste bide edo pista nagusiago batekin bat egingo duzue (685m). Behera jo eta bigarren ur putzu multzoan pistak eskuinera egin dezan utzi, eta ezkerrera zidorra hartu. Iruñerriko arroari bira ematen dion itzuliaren arrasto zuri-gorri zahar batzuk ikusiko dituzue bidean zehar. Horiek jarraitu.
Gain polit batean beste borda baten hondakinak topatu dituzue; planoaren arabera, San Kristobal ermita garai batean (650m). Malda pikoagoarekin, hariztian barrena behera egiten du zidorrak, eta ohartzerako, Egillor-Olloko ur biltegian zaudete (570m); porlanezko bidetik behera ura tratatzeko plantaren ondoan (515m). Ezkerrera irteten den pistatik jo behar duzue orduan, behera jarraitu gabe. Pista bukatzean, Itsaskoako tontorraren atzealdeko lepora igotzeko zidorra hartu, garbia hasieran, belardia ondoren. Lepoaren eskuinean dagoen pasabidetik aurrera jo, eta laster egingo duzue bat Egillor eta Saldise lotzen dituen bidearekin. Ordu laurdenean, Saldisen zaudete.