MENDIA. IBILBIDEA. Ori, Nafarroaren eta Zuberoaren lokarri

Orira eramanen gaitu txangoak, mendizale orok ezaguna duen mendira. Kantauri itsasotik hasita, Pirinioetako 2.000 metroko lehenengo mendia da.

2008ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Itzulian egingo dugun ibilaldi honen abiapuntu Larraine eta Otsagabia herrien arteko mendi bidearen erdigunean dagoen lepo batizango dugu, Erroimendikoa (1.362 m). Oso erraza da aurkitzea, alde batetik pankarta batek seinalatzen baitu eta bestetik Oriren ipar-ekialdeko maldaren azpi-azpian baitago. Handik begiratuta, Orik hurbila dirudi. Halaxe da, bai... baina laster ohartuko gara ez dela horren erraza bertaratzea!

Ezen hasiera horretatik bertatik malda belartsu batean gora nahikoa seko abiatuko gara, uso ehiztariek eraikita dauzkaten zelaiguneei -zubereraz airekagiak deitzen ditugunak- jarraituz, Behaztoiko hegian gora. Uso ehiztari hauek oso alferrak baitira, airekagia hauetatik ez da izango une batetik aurrera. Gogoan eduki behar da, dena den, iparraldeko hegiaren hariari hurbilenetik eutsi behar zaiola, mendebaldera joan gabe. Astiro-astiro ibilita, hegi nahiko aldapatsu honetan atseden hartzeko aukera emango digun ordoki txiki batera iritsiko gara, Axurterriako ordokira (1.829 m). Zuberoako hainbat lekutan Axurterria izeneko gainak topatuko ditugu. Segurraz ere, arkumeak mendian sortzen ziren garai haietan, altuera bateraino alhatzerat zeramatzaten axuri edo arkumeak, eta horren lekuko dira Axurterria izen horiek oro.

Oriko Axurterria honetan, aldapa hautsi egiteaz gainerat, apur bat behera ere egiten dugu. Horrek, baina, ez du luzaz iraungo, Oriren gailurrera heltzearren berriro ere nahikoa zut igo beharko baitugu. Betiere, iparraldeko hegiaren hariari hurbilenetik ibilita eutsi behar zaio igoerari. Une batean, gailurreko bizkarrera ia-ia iritsiak garelarik, oso arreta handiz ibili behar da, Elixaltolatzeko amildegiaren bazter-bazterrean igaroko garelakotz. Kontuz ibili, beraz, leku horretan, gogoan edukita gainerat Oriko harkaitz kalitatea txarra dela.

Tarte hori igarota, Oriren bizkarrean gaude jada, eta hegoaldera jota,gailurra seinalatzen duen harri itsusi samarrera helduko gara berehala. Ori gainak bista ikaragarriak oparitzen dizkigu, geure izerdiaren eta eginahalen ordainetan. Benetan luzeegia litzateke gailur honetatik ikusten diren guneak oro izendatzea. Nahikoa da jakitea Nafarroaren iparretik Landetako kostalde urrunetara eta Bigorrako mendialdetatik Gipuzkoako itsasertzera ematen duela bistak. Eguraldia aukerakoa behar da izan, haatik, Orik alde guztietako haizeak -eta haiekin batera lanbroak- harrapatzen baititu sarritan. Gailurra laino-hodeien artean daukalarik, Orik boneta jarri duela esan ohi dugu Zuberoan, eta horrek eguraldi kaskarraren etorrera seinalatzen du.

Elurrarekin, leku arriskutsua

Oriren gailurra, doi-doietatik baina, Zuberoan kokatuta dago. Jaitsierarako, aldiz, Nafarroarekiko mugaren hari-haritik, hots, ipar-mendebaldeko bizkarretik ibiliko gara. Bagargiko (Iratiko) oporretako txaboletatik etortzean, bide hori da baliatzen Orira igotzeko. Alüpiñako bizkarretik behera egitean ere arretaz ibili behar da, oso ibilbide baliatua izateak irristagarria egiten baitu eta, berriro ere esateko, Oriren harria oso hauskorra baita. Halako batean, bat baino gehiago harritu eta beldurtu ere egiten duen gune batera iritsiko gara. Hegian behera egitea amaitzen den leku horretan, Alüpiñako gandorra oso-oso hertsia bilakatzen da eta mendizale trebatuenak soilik dira hari-haritik pasatzen.

Geuk, gandor honen azpian dagoen hozkan, burdin hesi txiki batez itxita dagoen korridorean behera hartuko dugu, erabat iparralderat jaitsita. Zazpigain gailurrera igotzeko -eta Alüpiñako gandor zorrotza saihesteko- mendizaleek hartu ohi duten beste korridore bat ezker aldetik utzita, behera jarraituko dugu. Alüpinako baxa (arroa) izena duen gune honetan ibiltzea ez da batere erraza, harriak belar artean ezkutatuak direlarik. Harri metatxo batzuek seinalatzen dute guztiz iparraldera garamatzan ibilbidea. Une batean aukera badaukagu Oriko harpe edo kobazuloaren albotik igarotzeko, baina ikusi gabe ere pasatu gaitezke. Alüpinako arro hau Oriren iparreko maldan dago, behean. Hortaz, inondik inola ere ez da gune honetatik iragan behar Ori elurpean baldin bada, elurrosoak gertatzeko arriskua oso handia delakotz. Arduraz jokatu, beraz, eta hobe txango hau elurretik kanpo dauden garaietan egitea.

Alüpiñako arroaren bazterrean, harkaitz handi batzuen alboan, behera seko jaitsiko gara, ekialderako norabidean, eta Elixaltolatzeko larrean sartuko gara. Hor topatuko ditugun ardi xendei jarraituz -hautatu beti nabariena- eta ezkerraldean daukagun basoaren gainetik ibilita, laster batean iritsiko gara Erroimendiko lepora, aurretik topatuko ditugun Elixaltolatzeko artzain txabolaren hondakinei saminez agur egitea ahaztu gabe.



Orik izozgunea zeukalarik...

Gaur egun, Oriri begiratzen diogularik, nekez pentsa genezake mendi honek izozgune bat bazeukala. Aditu batek, baina, horren aztarnarik antzemango du Elixaltolatzeko larreek osatzen duten ipar-ekialdeko mazelan. Aspaldiko garai haietako izozgune hori, gainerat, ez zen makala.Ustez, gaur egun Atharratze herria dagoen lurraldea baino beherago hedatzen zen, iparraldera. Gerorago, berriz, eskualde hau guztia basoz estalita egon zen -oraindik ere zantzu ederrik geratzen da-, eta hortik dator, hain zuzen, Basabürüa izena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.